Atxiloketa arbitrarioak, torturak, tratu txarrak... Mendebaldeko Saharako egoera dokumentatu dute txosten batean, eta ondorioa latza da: ekintzaileen kontrako errepresioa sistematikoa da. Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideei Buruzko Lantaldeak egin du txostena, eta, orotara, giza eskubideen 113 urraketa zerrendatu dituzte, —ACAPS eta NOVACT erakunde katalanen babesa izan dute urraketak dokumentatzeko—. Sahararrek eskubide guztiak urratuta dauzkate, tartean adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea, eta azkenaldian ekintzaileen etxeak setiatzen ari dira. Txostenean ondorioztatu dutenez, jazarpenaren helburua ahots disidenteak isilaraztea da: «Beldurra zabaltzea da okupazioaren aurkako edozein erantzun edo matxinada zapaltzeko tresna».
Ikertzaileek iazko datuak jaso dituzte, eta, bereziki, emakumeengan jarri dute arreta; izan ere, erresistentziaren sinbolo bilakatu dira. Ildo horretan, ikerketak zehaztu du badagoela antolaturiko erresistentzia mota oro desegitea eta emakumeei jarduera politiko eta sozialetan parte hartzeko gogoa kentzeko asmoa duen patroi bat. Mahjoub Maliharena da txostenean jaso dituzten laurogei lekukotasunetako bat. Haren etxea, beste hainbat ekintzaileena bezala, setiatuta egon da: «Gure eguneroko bizimodua latza da; jazarpena etengabea da. Ezinbestekoa da berehalako neurriak hartzea zigorgabetasuna amaitzeko eta saharar herriaren oinarrizko eskubideak babesteko».
Preso politikoen egoerari ere erreparatzen dio dokumentuak. Marokoko kartzeletan dauden presoen baldintzak penagarriak dira, eta, horiek salatzeko, iaz 23 gose greba egin zituzten presoek. Amnesty Internationalek ere urraketen berri eman du urteroko txostenean, eta jakinarazi du epaiketak bermerik gabe egiten direla eta zigorrak neurrigabeak direla: Rida Benotmaneri, esaterako, hemezortzi hilabeteko zigorra ezarri zioten, bideo batean segurtasun indarren abusuak salatzeagatik. Erregea iraintzea egotzi zioten epaiketan. Hussein Bourkeba eta Aiman Lyathribi ikasleei, berriz, hamar urteko kartzela zigorra ezarri berri diete. Bakartze ziegetan dituzte ekainaren amaieratik.
Gerra demografikoa da okupazioaren beste alde iluna. Mendebaldeko Saharan dagoeneko hiru bider kolono gehiago bizi dira sahararren aldean; izan ere, dirulaguntzak eta hobariak jasotzen dituzte hara joateagatik. Sahararrek, berriz, trabak baino ez dituzte aurkitzen. Langabezia tasa itzela da, eta protestetan parte hartzen dutenei dirulaguntzak kentzen dizkiete. Horregatik gero eta gehiago dira jazarpenetik eta miseriatik ihesi atzerrira etorkizun duinago baten bila doazenak. Yusef Mahmudiren kasua izan da hori. Loiun bi astez atxikia izan duten gaztearena, baina, ez da kasu bakana. Barajasen (Madril) bi gazte saharar daude oraintxe: Mustafa Sid Zein eta Hafed Zergui. Turad Mustafa Bar, berriz, atzo goizaldean deportatu zuten Barajastik Mauritaniara. Asilo politikoa eskuratzea ez da erraza. Hussein Bachir Amadourren aurrekaria dago. Gazte saharar horrek 2019an egin zuen ihes, patera batean, Kanarietara. Bertan asilo politikoa eskatu zuen, baina ukatu egin zioten. Espainiak Marokora deportatu zuen, eta han hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, bermerik gabe egindako epaiketa batean. Iaz 30 eguneko gose greba egin zuen bere baldintzak salatzeko.
«Guyana Frantsesera joan dira asko eta asko». Nazha El Khalidik (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1991) bikotekidearekin egin zuen ihes Aaiunetik. Egun Euskal Herrian bizi da. Egoera gero eta makurragoa dela jakinarazi dio ekintzaileak BERRIAri: «Mendebaldeko Sahara barroterik gabeko kartzela bat da. Okupazio indarrak gizateriaren kontrako krimenak egiten ari dira, eta, bitartean, nazioartea isilik dago. Gure etxeak setiatu egiten dituzte. Mahfouda Bamba Lafkir eta Salha Boutengizaren etxeak ekainaren 16tik daude setiatuta. Degja Lachgarri eta Fatma Al Hirchi, berriz, kalean jo dituzte. Tresna berri bat erabiltzen ari dira, titietan ziztatuz». Aaiungo kaleetan eta autoetan aktibistak kontrolatzeko kamerak ezarri dituztela ere salatu du: «Txinaren eredu bera da, disidentziari jazartzeko modu bat da. Sahararra bazara, fitxatuta zaude». Ekintzaileek jasaten duten larderia, hertsadura eta difamazioa ere aipatu ditu.
El Khalidi Equipe Mediako kazetaria da, eta, jakinari duenez, zentsura etengabea jasaten dute: «Gure sare sozialak urtarriletik duela bi astera arte blokeatuta egon dira, eta hori, blokeo informatiboa ahaztu gabe. Mendebaldeko Sahara zulo beltz bat da oraindik ere, nazioarteko kazetariak eta begiraleak nekez sartzen ahal direlako lurraldean». Giza eskubideen elkarteen lana ere trabatzen ari da Maroko. ASVDHren egoitza, esaterako, 2022tik dago zigilatuta.
Ikusi gehiago
Genozidio kulturalari ere egin dio erreferentzia gaztetatik jazarpena ezagutu duen ekintzaileak. Saharar identitate ikur guztiak debekatuta egon dira urteetan, eta hala da ikurrei eta haimei dagokienez, baina azkenaldian, ekintzailearen hitzetan, apropiazio kultural bat ere gertatzen ari da: «Saharar identitatearen ikurrak bereganatzeko asmotan ari da Maroko. Kolonoak, esaterako, sahararrenak propioak diren jantziak, melhfak eta darrak, erabiltzen hasi dira. Gure kultura lapurtu nahi digute. Gerra hasi zenetik denak egin du okerrera».
Fronte Polisarioak 2020ko azaroan erabaki zuen berriz ere armak hartzea, eta, errepresioaz gain, gerrak bestelako ondorioak ere baditu. SMACO erakundeak jakinarazi berri duenez, gerra hasi zenetik laurogei zibil saharar hil dituzte droneekin, eta beste 81 zauritu. Marokok Israeli, Turkiari eta Txinari erosten dizkie droneak. Gaici Nah erakundeko buruak zehaztu du «teknologia militar sofistikatu horrekin jomugak zehatz-mehatz identifikatzen dituztela, eta droneen erabilera bihozgabea hondamendi bat eragiten ari dela lurralde liberatuetan». Mendebaldeko Saharako hegoaldean bizi ziren nomaden bizimodua arriskuan dago, gerraren ondorioz. Nahren hitzetan, etxeei eta haimei ere eraso diete droneekin: «Genevako Konbentzioak zibilen kontrako erasoak egitea debekatzen duen arren, droneekin edozeri erasotzen diote, zer den edo nor den bereizi gabe».
Okupazioaren unean errefuxiatuen kanpalekuetara ihes egin zuten sahararren egoera, berriz, gero eta kezkagarriagoa da. Tindufeko (Aljeria) basamortuan 180.000 saharar baino gehiago bizi dira, eta, hainbat erakundek ohartarazi dutenez, egoera humanitarioa kritikoa da. Nazioarteko laguntzari esker errefuxiatuek jasotzen duten saskia asko murriztu da —%30—, eta biltegietan bi hilabetetarako janaria baino ez da geratzen. Saharako Ilargi Gorriak zehaztu du pertsonen %91 egoera zaurgarrian daudela.