Kazetaria

Kristina Berasain Tristan: «Mendebaldeko Sahara deskolonizazio bidean dago»

Berasain Tristanentzat, Mendebaldeko Sahara «esperantzara kondenatuta» dago, eta «erresistentziak bizirik irautea» funtsezkoa izango da gatazka amaiarazteko.

KRISTINA BERASAIN TRISTAN - MENDEBALDEKO SAHARA
JON URBE / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Donostia
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Kristina Berasain Tristan (Lizarra, Nafarroa, 1973) BERRIAko kazetaria laneko bidaietan «kateatu» zen Mendebaldeko Sahararekin, bai profesionalki, bai pertsonalki. Nahiz eta lehen aldian ez zioten utzi lurralde okupatuetara sartzen, herrialde horretara bidaiatzen segitu zuen. Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztu berri du —BERRIAren, Elkarren eta Jakin fundazioaren Aleka bilduman argitaratua—, eta, lan horretan, bidaia horietako lekukotzak biltzeaz gain, Mendebaldeko Saharako historiaren «argazki panoramiko bat» egin du, irakurlea hango egoerara gerturatzeko.

Zerk bultzatu zaitu liburua idaztera?

Mendebaldeko Sahara zulo beltz bat da, eta zulo horretan gertatzen denak apenas duen oihartzunik. Batetik, isiltasun konplize bat dagoelako, eta, bestetik, oso zaila delako barrura sartzea eta informazioa eskuratzea. Nire lehen bidaian ez nuen lortu lurralde okupatuetara sartzea. Hori izan zen abiapuntua, eta, geroztik, Mendebaldeko Sahararekin kateatuta nago nolabait profesionalki eta pertsonalki. Beti esaten dut inpartziala izan nahi dudala, eta, horrelako gatazka injustu batean, nire aletxoa jarri nahi dut kazetari moduan.

Nolakoa da ekintzaile sahararren bizimodua?

Oso gogorra da. Sahararren identitate ikur guztiak debekatuta daude: haimak, ikurrak, hassania eta melfak. Tortura sistematikoa da han, eta sahararrek etengabe errepikatzen dute infernu bat dela. Aaiunek [Mendebaldeko Saharako hiriburuak], itxuraz, herri arrunta dirudi, baina ikusten ez den errealitate bat ezkutatzen du: sahararrek bizi duten egoera. Txikitatik erabat baztertuta daude eskoletan eta lanean.

Non dago gatazkaren jatorria?

Han egiten duten espoliazioan dago jatorria. Izan ere, Sahara oso lurralde aberatsa da: arrantza, fosfatoa, petrolioa, gasa, mineralak, hondarra... Gauza pila bat dauzka, eta esan daiteke interes ekonomikoak zintzotasun politikoaren gainetik daudela.

Nolakoa da gaur egungo egoera Mendebaldeko Saharan?

Duela hiru urte, gerra hasi zen, eta horrek ondorio batzuk izan zituen. Batetik, hildakoak daude bi aldeetan, nahiz eta Marokok ukatu egiten duen gatazka eta hildakoak daudela; bestetik, lurralde liberatuetan bizi ziren sahararrek, oraindik nomadak zirenek, Tindufera [Aljeriara] ihes egin behar izan dute, errefuxiatuen kanpalekuetara. Esan daiteke, Palestinan bezala, Saharan ere bigarren nakba edo exodoa egon dela. Nik ditudan datuen arabera, 5.000 lagunek egin dute ihes. Horrek antzinatik datorren bizimodu nomada galtzeko arriskua dakar.

Zer jarrera du Espainiako Gobernuak?

Ikusi dugun azkena Pedro Sanchezek [Espainiako Gobernuko presidenteak] egin duen biraketa da: Marokoren [Sahararen gaineko] autonomia onartu du. Orain arte, Sumar alderdia publikoki Sahararen alde mintzatu izan da bere hauteskunde kanpainako programan, baina hori PSOErekin egindako akordiotik kanpo geratu da, nahiz eta Ukraina eta Palestina aipatzen dituen.

SEADeko [Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko] presidente Brahin Galik esan zuen Sanchezen biraketa azkeneko traizioa izan dela; laban bera zauri berean hirugarrenez sartzea. Espainiak erantzukizun handia dauka, lurraldearen potentzia administrazioa baita. Gaur-gaurkoz, Mendebaldeko Sahara deskolonizazio bidean dago.

«Esan daiteke interes ekonomikoak zintzotasun politikoaren gainetik daudela»

Eta nazioarteko komunitateak?

NBE [Nazio Batuen Erakundeak] ere ez ikusiarena egiten du. Ezin dugu ahaztu gatazka hori orain dela 50 urte hasi zela, eta, okupatu zutenetik, Martxa Berdearen egunetik, NBEk lehen ebazpena argitaratu zuela, 360 ebazpena. Ebazpen horretan, okupazioa salatzen du, eta Marokori handik alde egiteko eskatzen dio. Ordutik, ehunka ebazpen argitaratu dira. Paperean argi dago zein den irtenbidea, baina politikoki ez da urratsik egiten.

Marokoren subiranotasunaren alde egitea da nazioarteko joera?

2020tik, bai. Badirudi Maroko diplomatikoki indartu egin dela, eta herrialde batzuk haren tesia babesten ari dira. Baina ez dugu ahaztu behar Fronte Polisarioak bide judizial bat abiatu zuela Europako Batasunaren eta Marokoren arteko [arrantza] akordioaren kontra. Orain arte eman dituen ebazpen guztietan, Europako Justizia Auzitegiak salatu du akordioa legez kanpokoa dela, argi eta garbi. Urte honen amaieran edo hurrengoaren hasiera behin betiko epaia iritsiko da. Horrek agerian uzten du sahararrek egia beren alde dutela. NBEko eta Segurtasun Kontseiluko ebazpenetan ere argi uzten da Maroko lurralde okupatzaile bat dela.

Abrahamgo Itunez hitz egin zenuen aurkezpenean. Uste duzu garrantzia duela nazioartean?

Sinbolikoki, bai. Abrahamgo Itunetan, lau herrialde arabiarrek, horien artean Marokok, lehen aldiz onartu zuten Israel estatu gisa. Trukean, Israelek Marokoren Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu zuen. Donald Trumpek [Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiak] ere urrats hori egin zuen, eta hori berria da. Urte hauetan, nazioarteko herrialde bakar batek ere ez zuen onartzen Marokoren subiranotasuna Mendebaldeko Sahararen gainean.

«Sahara eta Euskal Herria geografikoki oso urrun daude, baina, aldi berean, oso gertu daude»

Nola ikusten duzu Mendebaldeko Sahararen gatazkaren amaiera?

Batetik, esango nuke sahararren ustez borroka armatua dela gatazka hori amaiarazteko modu bakarra, eta horregatik itzuli dira gerrara; bestetik, nire ustez, erresistentzia horrek bizirik irautea funtsezkoa da gatazka amaitzeko. Sahararrak batuta daude borroka horretan. Hala ere, kritika asko daude; gazteak, adibidez, oso kritikoak dira Fronte Polisarioarekin, guardia zaharra baitago botere karguetan. Baina argi dute ez dela Palestinan gertatu dena gertatuko, ez dela zatiketa bat gertatuko. Independentzia lortu bitartean, elkartuta jarraitzeko sinesmen osoa dute.

Axolagabekeriara eta ahanzturara kondenatuta dagoela esaten dudan arren, esperantzara ere kondenatuta dago. NBEn Fronte Polisarioaren ordezkari izan zen Ahmed Buharik errepikatzen zuen esaldi bat ekarriko dut gogora: «Uste dutenek sahararrak denboraren biktima izango direla ez dute basamortuaren izaera ezagutzen».

Zergatik diozu axolagabekeriara eta ahanzturara kondenatuta dagoela?

Urteak dira isildutako eta ahanzturan eroritako gatazka bat dela. Ez diogu erreparatzen Saharari, ez guk kazetariok, ezta politikaren ikuspuntutik ere. NBEk urtero-urtero berritzen du Saharan dagoen bake misio bakarra, Minurso [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa], baina horrek ez ditu ikuskatzen lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketak.

Euskal herritar askorekin topo egin duzula aipatu zenuen aurkezpenean. Euskal herritarrak ere ahaztu dira gatazka horretaz?

Ohartu naiz zenbateko konpromisoa dagoen Euskal Herriko hainbat alorretan. Sahara eta Euskal Herria geografikoki oso urrun daude, baina, aldi berean, oso gertu daude. Urteetan ikusi da hori, Oporrak Bakean programaren bidez edota elikagaien karabanak bidaltzen direnean. Konpromisoa apaldu egin da, baina oraindik hor dago. Aipatu nahiko nuke herri askotan Sahararen alde lan egiten duten elkarte asko daudela, eta sentsibilizazio lana ere egiten dute. Hainbat instituziok duten konpromisoa ere aipatu nahiko nuke. Gainera, gurean, Euskal Herrian, Saharako diasporako gero eta jende gehiago bizi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.