Mendebaldeak «zalantzak» ditu Prigozhinen heriotzaren inguruan

Wagnerren aldekoek Errusiako Defentsa Ministerioari egotzi diote hegazkina eraitsi izana

Herritar bat, Prigozhinen omenez lore eskaintza egiten, atzo. A. MATROSOV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Wagner talde paramilitarreko buruzagi Jevgeni Prigozhin hil egin zen herenegun, haren hegazkin pribatuak lurra jota, Tver eskualdean, Mosku iparraldean. Hamar bidaiari zihoazen, eta guztiak hil ziren. Errusiako abiazio agentzia zer gertatu den ikertzen ari den honetan, orain galdera nagusia da halabeharrez gertatutako istripua izan zen edo nahita eragindakoa. Errusiako presidente Vladimir Putinek atzo hitzeman zuen agintariek ikertuko dituztela Prigozhin hil zen ustezko hegazkin istripuaren inguruabarrak, eta bere doluminak ere eman zituen. Ukrainako agintari Volodimir Zelenskik, berriz, atzo ziurtatu zuen Kievek ez duela «inongo loturarik» izan: «Badakigu nor izan den». Bide horretan, Mendebaldeko zenbait agintarik esan zuten arrazoizko zalantzak dituztela herenegungo ezbeharraren inguruabarrei buruz. AEBetako Joe Biden presidentearen arabera, berriz, Putin «inplikatuta ez dagoen gauza gutxi» gertatzen dira Errusian.

TASS Errusiako berri agentziaren arabera, Prigozhin eta gainerako bederatzi bidaiariak zeramatzan hegazkina Moskutik San Petersburgora zihoan, harik eta lurra jo zuen arte Kuzhenkino herrixkan. Grey Zone Telegram kontuak Defentsa Ministerioari egotzi zion atzo Prigozhin zeraman hegazkina eraitsi izana, aireko defentsa sistemen bidez: «Wagner taldeko burua, Errusiako heroia, abertzalea, Jevgueni Viktorovitx Prigozhin, Errusiako traidoreen ekintzen ondorioz hil da. Baina infernuan ere onena izango da! Aintza Errusiari!».

Errusiako armada Wagnerrekoekin borrokatu da Ukrainako gerra fronteko zenbait eremutan, baina Prigozhinek sarri kritikatzen zuen Defentsa ministro Sergei Xoigu. Prigozhinek, ordea,koska bat egin zuen gora ekain amaieran, Xoiguren kontrako altxamendu saiakera eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.