NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileraren lehen eguna izan zen atzo, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eta Mendebaldearen aliantza militarrak elkarren artean tirabira dialektiko batzuk izan zituzten Ukraina erakunde horretan sartzearen inguruan, Vilniusen. NATOk baiezkoa eman zion Zelenskiren eskaerari; hau da, aliantzan bat egiteari buruzko egutegia zehaztea, baina ez orain, baizik eta «segurtasun baldintzak betetzen direnean». Bada, testuinguru horretan, G7ko kideek eta Mendebaldeko aliatuek Kiev babesteko konpromiso bat hartu dute gaur, goi bileraren bigarren eta azken egunean: Ukrainaren segurtasuna luzera begira bermatzea, «Ukraina NATOko kide izan arte». Kieventzat ez da aliantzan sartzeko gonbidapena izan, baina Zelenskik begi onez hartu du.
Ikusi gehiago: NATOk aliantzara sartzeko gonbita egingo dio Ukrainari, «segurtasun baldintzak betetzen direnean»
Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak egin du iragarpena Lituaniako hiriburuan, G7ko kideak —AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada—, Zelenski, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michel bertan zirela. Sinatutako adierazpenaren arabera, G7koek laguntza «azkarra eta iraunkorra» bidaliko diote Ukrainari segurtasun arloan; hala nola ekipamendu militar moderno eta aurreratua, prestakuntza militarra edota inteligentzia zerbitzua. Horrez gain, «Errusiaren erasoak eragindako kalteak konpontzeko nazioarteko mekanismo bat ezartzeko beharra» jasotzen du adierazpenak.
Mendebaldeko aliatuek laguntza ekonomikoa emango diote Kievi, baina horren guztiaren trukean, Ukrainak erreformak egiteko konpromisoa hartu beharko du: besteak beste, «demokraziarekin, zuzenbidearekin, giza eskubideen eskubideekin eta hedabideen askatasunarekin» lotuta doazenak, hain zuzen, «herrialdearen ekonomia bide jasangarrian kokatzeko» eta «armadaren kontrol demokratikoa» indartzeko.
Zelenski, berriz, konforme geratu da Mendebaldeko aliatuek hartutako konpromisoarekin. Ukrainako presidenteak esan du segurtasun berme horiek «keinu garrantzitsuak» direla NATOra sartzeko bidean. Ukrainako estatuburua Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakekin eta Justin Trudeau Kanadakoarekin buruz buru bildu da, eta «gustura» entzun ditu haiek eginiko adierazpenak, armak eta aireko defentsa sistemak luzera begira jasotzen jarraitzeari dagokionez.
Ikusi gehiago: Gehienez ere Ukrainaren bat egiterako bidea zirriborratzea du asmo NATOk
Halere, Zelenskik berriz gogorarazi du Ukrainari aliantza militarrean sartzeko «gonbidapen formal bat» egitea izango litzatekeela «onena», nahiz eta «ulergarria» den aliantzan sartzeko gonbita ez egitea «segurtasun egoeragatik»: «Uste dut segurtasun egoera egonkortzean sartuko garela NATOn, eta horrek esan nahi du gerra irabazten dugunean Ukraina behin betiko gonbidatuko dutela NATOra, eta behin betiko bihurtuko dela aliantzako kide, baita Europako Batasuneko kide ere. Gaur ez dut beste iritzirik entzun».
Hain justu, AEBetako presidente Joe Bidenek Ukrainako estatuburuarekin egindako bileran aitortu du Kieventzat «frustragarria» dela NATOk Ukraina aliantzan sartzeko egutegi zehatzik ez ematea. Dena dela, Etxe Zuriko maizterrak Zelenskiri hitzeman dio Washingtonek «ahal duen guztia» egingo duela Ukrainak behar duena «ahal bezain azkar» emateko.
Horrekin lotuta, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek lasaitasun mezua igorri dio Zelenskiri, esanez Ukraina «inoiz baino gertuago» dagoela aliantza militarretik. NATOk, hain zuzen, hiru neurri aurkeztu ditu Ukraina erakunde horretara «hurbiltzeko»: NATO Kontseilua-Ukraina organoa eratzea, NATO Kontseilua-Ukraina organoa eratzea, «aliantzako kide bihurtuko dela berresteko eta atxikitzeko ekintza planen zenbait baldintza ezabatzeko». Horren harira, Frantziako presidente Emmanuel Macronek adierazi duenez, «Ukrainak aliantzarekin bat egiteko duen asmoa errespetatu egingo da», eta atxikitzeko bide «zuzena» ireki da. «Gutarra izango da baldintzak betetzen direnean».
Bada, Ukrainako presidenteari erantzunez, CNN hedabideari egindako elkarrizketan AEBetako segurtasun nazionaleko aholkulari Jake Sullivanek esan du Ukraina NATOn sartzeak «Errusiarekiko gerra ekarriko lukeela». Hain zuzen, adierazpen horri eta Ukraina aliantzara sartzeko bideari buruz, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek gaur ohartarazi du «arriskutsua» izango litzatekeela Ukrainari «segurtasun bermeak» ematea, bere segurtasuna kolokan jarriko lukeelakoan. «Erabaki oso okerra eta oso arriskutsua izan daiteke».
Suedia, NATOn sartzeko zain
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek Suedia NATOn sartzeko erabakiari oniritzia eman zion herenegun, baina gaur zehaztu du ez duela urrira arte aurkeztuko parlamentuan Suedia aliantzako kide egitea berresteko lege proiektua. Vilniusko goi bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Stockholmek bide orri bat emango dio Ankarari «terrorismoaren aurka» harturiko neurriei buruz, haren eskaera berretsi aurretik. Erdoganek ezetzari eutsi dio orain arte, besteak beste, bere gobernuak terroristatzat daukan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren jarraitzaileek Suedian «terrorismoa goratzen» dihardutelako oraindik.
Errusiako armadak Kievi eraso egin dio
Bigarren gauez jarraian, Errusiako armadak Ukrainako hiriburuari eta inguruko eskualdeei eraso egin zien bart, droneak erabiliz, Kiev eskualdeko agintariek jakinarazi dutenez. Horien arabera, hamabost bonbardaketa izan dira. Defentsa sistemek, betiere agintari horien arabera, 11 drone bota zituzten. «Gau zaila izan da», hiriburuaren hegoaldeko Txerkasi eskualdeko militarren buruzagi Ihor Taburetsek azaldu duenez; bi lagun zauritu dituzte erasoetan.
Bestalde, Errusiako indarrek Kherson hiriko etxebizitza bat bonbardatu dute gaur arratsaldean, eta adineko pertsona bat hil dute, eta beste bat zauritu, eskualdeko gobernadore Oleksandr Prokudinek salatu duenez.