NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileraren lehen egunean, herenegun, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eta Mendebaldearen aliantza militarrak tirabira dialektiko batzuk izan zituzten elkarren artean, Ukraina erakunde horretan sartzearen inguruan, Vilniusen.NATOk baiezkoa eman zion Zelenskiren eskaerari; hau da, aliantzan bat egiteari buruzko egutegia zehaztea, baina ez orain, baizik eta «segurtasun baldintzak betetzen direnean». Bada, testuinguru horretan, G7ko kideek eta Mendebaldeko aliatuek Kiev babesteko konpromisoa hartu zuten atzo, goi bileraren bigarren eta azken egunean: Ukrainaren segurtasuna luzaroan bermatzea, «Ukraina NATOko kide izan arte». Kieventzat, ez da izan aliantzan sartzeko gonbidapena, baina Zelenskik begi onez hartu zuen.
Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak egin zuen iragarpena Lituaniako hiriburuan, G7 taldea osatzen duten kideak —Japoniaz gain, AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Kanada—, Zelenski, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michel han zirela. Sinatutako adierazpenaren arabera, G7koek laguntza «azkarra eta iraunkorra» bidaliko diote Ukrainari segurtasun arloan; hala nola ekipamendu militar moderno eta aurreratua, prestakuntza militarra eta inteligentzia zerbitzua. Gainera, «Errusiaren erasoak eragindako kalteak konpontzeko nazioarteko mekanismo bat ezartzeko beharra» jasotzen du adierazpenak.
Halaber, Mendebaldeko aliatuek laguntza ekonomikoa emango diote Kievi, baina horren guztiaren trukean, Ukrainak erreformak egiteko konpromisoa hartu beharko du: besteak beste, «demokraziarekin, zuzenbidearekin, giza eskubideekin eta hedabideen askatasunarekin» lotuta doazenak, «herrialdearen ekonomia bide jasangarrian jartzeko» eta «armadaren kontrol demokratikoa» indartzeko.
Zelenski, berriz, konforme geratu zen Mendebaldeko aliatuek hartutako konpromisoarekin. Ukrainako presidenteak esan zuen segurtasun berme horiek «keinu garrantzitsuak» direla NATOra sartzeko bidean. Ukrainako estatuburua Alemaniako kantziler Olaf Scholzekin, Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakekin eta Justin Trudeau Kanadakoarekin buruz buru bildu zen, eta «gustura» entzun zituen haiek eginiko adierazpenak, luzera begira armak eta aireko defentsa sistemak jasotzen jarraitzeari buruz.
Kieventzat, «frustragarria»
Zelenskik gogorarazi zuen Ukrainari aliantza militarrean sartzeko «gonbidapen formala» egitea izango litzatekeela «onena», nahiz eta «ulergarria» den aliantzan sartzeko gonbita ez egitea «segurtasun egoeragatik». «Uste dut segurtasun egoera egonkortzean sartuko garelaNATOn. Horrek esan nahi du gerra irabazten dugunean Ukraina behin betiko gonbidatuko dutela NATOra, eta behin betiko bihurtuko dela aliantzako kide, baita Europako Batasuneko kide ere. Gaur [atzo] ez dut bestelako iritzirik entzun», esan zuen.
Hain justu, AEBetako presidente Joe Bidenek Ukrainako estatuburuarekin egindako bileran aitortu zuen Kieventzat «frustragarria» dela NATOk Ukraina aliantzan sartzeko egutegi zehatzik ez ematea. Dena dela, Etxe Zuriko maizterrak Zelenskiri hitzeman zion Washingtonek «ahal duen guztia» egingo duela Ukrainak behar duena «ahal bezain azkar» emateko.
Horrekin lotuta, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek lasaitasun mezua igorri zion Zelenskiri, eta esan Ukraina «inoiz baino gertuago» dagoela aliantza militarretik. NATOk, hain zuzen, hiru neurri aurkeztu ditu Ukraina erakunde horretara «hurbiltzeko»: NATO Kontseilua-Ukraina organoa eratzea, «aliantzako kide bihurtuko dela berresteko eta atxikitzeko ekintza planen zenbait baldintza ezabatzeko».
Bada, Ukrainako presidenteari erantzunez, atzo CNN hedabidean egindako elkarrizketan AEBetako segurtasun nazionaleko aholkulari Jake Sullivanek esan zuen Ukraina NATOn sartzeak «Errusiarekiko gerra ekarriko lukeela».
Adierazpen horri eta Ukraina aliantzara sartzeko bideari buruz, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek atzo ohartarazi zuen «arriskutsua» izango litzatekeela Ukrainari «segurtasun bermeak» ematea, bere segurtasuna kolokan jarriko lukeelakoan. «Erabaki oso okerra eta oso arriskutsua izan daiteke».
Gerra Ukrainan
Mendebaldeak agindu du Ukrainaren segurtasuna bermatuko duela luzaroan
G7koek laguntza «iraunkorra» bidaliko diote Kievi segurtasun arloan. Zelenskik uste du Ukrainak gerra «irabazten» duenean «behin betiko» izango dela NATOko kide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu