Meloniren migrazio plana findu nahi du Bruselak

EBtik kanpo migratzaileentzako zentroak eraikitzea ahalbidetuko lukeen lege proposamen bat ondu du Europako Batzordeak, Italiaren eta Albaniaren ituna oinarri hartuta. Besteak beste, horretaz hitz egingo dute gaur eta bihar Europar Kontseiluan.

Italiatik Albaniara bidalitako migrante bat Albaniako kostaldera iristen, migranteentzako zentrora bidean, iazko urrian. DONATO FASANO / EFE
Italiatik Albanira bidalitako migrante bat Albaniako kostaldera iristen, migranteentzako zentrora bidean, iazko urrian. DONATO FASANO / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 20a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako lehen ministro Georgia Meloniri otu zitzaion lehenbizi: 2023ko azaroan migrazio itun bat adostu zuen Albaniarekin, Italiara iristen ziren migranteak hara bidaltzeko, haien asilo eskaerak aztertzen zituzten bitartean. EB Europako Batasuneko hainbat estatu kideri kontuan hartzeko modukoa iruditu zitzaien proposamen hori; eta, horren jakitun, Meloniren plana findu du Europako Batzordeak, eta talde komunitario osoaren eskura jarri. 

Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek iragan astean eman zuen ondutako lege proposamenaren berri; eta, Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak onartuz gero, EBko estatu kideek aukera izango dute deportatutako migranteak talde komunitariotik kanpo eraikitako migratzaileentzako zentroetara bidaltzeko. Horrez gain, EBren migrazio politikari eragingo lioketen beste hainbat aldaketa ere jarri dituzte mahai gainean. Talde komunitarioko kideetako estatuburuek eta gobernuburuek Europar Kontseilua egingo dute gaur eta bihar Bruselan, eta, besteak beste, hori izango dute hizpide.

Zer da Europako Batzordeak ondu duen lege proposamena?

EBn legez kanpo dauden migratzaileen deportazioak kudeatzeko «sistema bateratu baten zirriborroa» litzateke, Von der Leyenen hitzetan. Haren arabera, halako lege proposamen bat «beharrezkoa» da iaz adostutako Migrazio eta Asilo Ituna «osatzeko»; itun hori 2026ko uztailaren 1ean da indarrean sartzekoa. 

Paperik ez duten migranteen kasuak aztertzeko eta kudeatzeko araudi bateratu bat ezartzen du testuak, argudiatuta estatu kide bakoitzak bere deportazio sistema izateak «zatiketak» eragiten dituela talde komunitarioan. Hain justu, lege proposamenak zehazten du estatu kideek «datu base komun bat» izango luketela, eta, horren bidez, estatu kide baten deportazio aginduen berri izan ahalko luketela gainontzekoek. 

Are, «deportazio agindu europarra» izeneko mekanismo bat baliatzeko aukera izango lukete estatu kideek. EBko herrialde batek agindu hori emango balu, gainontzeko herrialdeek ere aukera izango lukete hori indarrean jartzeko, agindu horrek eragingo liokeen migrantearen asilo eskaeraren tramitea hutsetik hasi beharrean.

Zergatik sortu dute deportazio agindu hori?

Europako Batzordeak argudiatu du deportazio aginduak jasotzen dituzten papergabe batzuek EBko beste herrialde batera egiten dutela ihes, eta hori eragotzi nahi luketela. Europako Batzordeko Barne komisario Marcos Brunnerrek proposamena aurkeztean jakinarazi zuenez, kanporatze agindua jasotzen duten etorkinen %20 bakarrik joaten dira kanporatutako herrialdetik. 

Horrekin lotuta, deportazio agindua jaso eta herrialdean geratzen diren migranteen aurkako neurri gogorragoak jaso dituzte ondutako planean. «Indarrez» kanporatuko dituzte «kooperatzen» ez duten migranteak; deportazio agindua jaso eta beste herrialde batera joaten direnak; itzulera «boluntarioaren» epeak betetzen ez dituztenak; eta «segurtasunerako arrisku bat» direnak.

Zer litzateke «kooperatzea»?

Lege proposamenaren dokumentuan zehaztu dutenaren arabera, «kooperatzea» litzateke deportazio agindua jaso ondoren migrantea hiru egunean behin migrazio agintarien aurrean azaltzea, sorterrira itzuli bitartean herrialdeko agintariek erabakitako eremu batean bizitzea edota berme bat ordaintzea. 

Bestalde, herrialdeko agintariei iruditzen bazaie migrantea «segurtasunerako arrisku bat» dela, edo ihes egin dezakeela, hura atxilotzeko baimena izango lukete, gehienez ere 24 hilabeterako. Gaur egungo migrazio araudiak agintzen duen gehienezko atxiloaldia hemezortzi hilabetekoa da.

Non eraikiko dituzte EBtik kanpoko zentroak?

Batzordeak bi aukera proposatzen ditu zentro horien kokalekuak zehazteko: batetik, estatu kide baten eta hirugarren herrialde baten aldebiko negoziazioen bidez; eta, bestetik, EBren eta hirugarren herrialde baten negoziazioen bidez. Elkarrizketa horietan migranteen joan-etorriak eta zentroetako baldintzak zehaztu beharko dituzte; halere, lege proposamenaren dokumentuan ez da aipatzen migranteak zenbat hilabetez izan ahalko dituzten zentro horietan. 

Testuaren arabera, negoziazio horiek aurrera egiteko ezinbestekoa izango da bermatzea hirugarren herrialde horrek nazioarteko legea eta «oinarrizko» giza eskubideak errespetatzen dituela. Horretarako, lege proposamenak aurrera egingo balu, herrialde «seguruen» zerrenda bat egingo luke Bruselak. Bestalde, ezingo lituzkete EBtik kanpoko zentroetara bidali adingabeak dituzten familiak eta bakarrik dauden adingabeak.

Lege proposamenak aurrera egin dezake?

Europako Batzordeak proposamena aurkeztu du, eta, orain, indarrean sartzeko, Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak onespena eman beharko diote. Parlamentuan aurrera egiteko, beharrezkoa litzateke EAP Europako Alderdi Popularrak eskuin muturreko alderdiekin bat egitea, ezkerreko alderdiek esana baitute, egunotan egindako adierazpenetan, ez dutela proposamenaren alde egingo. 

Hain zuzen, batzordearen asmoak kritikatu dituzte bai ezkerreko alderdiek, bai giza eskubideen aldeko elkarteek eta erakundeek, hala nola AI Amnesty Internationalek eta Berdeek. Horien arabera, proposamenak ez du bermatzen migranteen oinarrizko eskubideak errespetatuko direnik; are, iritzi diote araudi horrek «areagotu» egin ditzakeela haien aurkako urraketak eta indarkeria. «EAP prest badago egian oinarritzen den eztabaida bat izateko, aurrera; jarraitzen badute esaten [migranteak] EBtik kanporatu nahi dituztela, eta eskubiderik izango ez duten zentroetara eraman, oso zaila izango da gurekin akordio bat erdiestea», adierazi zion joan den astean El País egunkariari europarlamentuko Berdeen lider Bas Eickoutek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.