Italiako lehen ministro Giorgia Melonik ez du eten migratzaileak Albaniara bidaltzeko bere plana. Erromako auzitegi batek bertan behera utzi zuen iragan ostiralean Italiako eskuin muturreko buruzagiak agindutakoa, eta Albaniara bidalitako migratzaileak larunbatean itzuli ziren Italiara. Melonik, baina, beste urrats bat egin berri du: «herrialde seguruen» zerrenda dekretuz bihurtu du lege. Zerrenda «lehen mailako arau» bihurtuta, Erromako epaitegiak ebatzitakoa ekidin dezakeela uste du gobernuak.
Ostiralean kaleratutako epai horren arabera, Albaniara bidalitako hamasei migranteen jaioterriak ez dira «seguruak» —Bangladesh eta Egipto—; eta, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen baten arabera, «herrialde seguru batetik» iristen diren migratzaileak soilik eraman ahal dituzte Albaniara. Gauzak horrela, Melonik «herrialde seguruen» zerrenda 22 herrialdera handitzea bermatu nahi du. Izan ere, orain arte ez zuen lege mailarik.
Katramila, hala ere, ez da Meloniren dekretuzko legearekin amaitu. Italiako Parlamentuak 60 egun ditu legeari oniritzia eman edo ez onartzeko. Meloniren Fratelli d'Italia alderdiak 118 eserleku ditu Diputatuen Ganberan; hortaz, gehiengoa izateko beharrezkoak diren 201 diputatuen aldeko botoa lortu beharko du beste zenbait alderdien oniritzia bereganatuz.