Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak berriz martxan jarri nahi du migratzaileak Albaniara bidaltzeko bere plana. Asmo horrekin, ministroen kontseilu bat egin du gaur. Urtarriletik aurrera berriz ireki nahi ditu Albanian eraikitako deportazio zentroak. Urrian, Erromako auzitegi batek indargabetu egin zuen Meloniren plana, eta agindu Albaniara bidalitako migranteak Italiara itzultzeko. Ostiralean, ordea, Italiako Kasazio Auzitegiak zirrikitu bat ireki zuen, eta Italiako Gobernuak hori baliatu nahi du berriz ere migranteak Albaniara bidaltzen hasteko.
Kasazio auzitegiak ostiralean eman zuen epaia joan den urrian Erromako auzitegiak esandakoaren inguruan. Urrian ebatzi zuten Meloniren gobernuak Albaniara bidalitako migranteen jaioterriak —Bangladesh eta Egipto— ez zirela «herrialde seguruak». EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Italiako eta Albaniako akordioaren inguruan emandako ebazpen batek zehazten du herrialde seguruetatik iritsitako migranteak baino ezin dituztela eraman Albanian eraikitako zentroetara. Baina ostiraleko ebazpenaren arabera, Atzerri Ministerioarena da herrialde seguruak zeintzuk diren erabakitzeko eskumena, eta epaileek ezin dute hura «ordeztu». EBko Justizia Auzitegia ebazpen bat ematekoa da gaiaren inguruan.
Bitartean, kasazio auzitegiaren ebazpenak irekitako bidea baliatuta, lehen ministroak urte berriarekin batera hasi nahi du berriz ere migranteak Albaniara bidaltzen. Gaurko bilkuraren ostean, lehen ministroak ziurtatu du migrazioarentzako «konponbide berritzaileak» bilatzen jarraituko duela EB Europako Batasuneko kideekin. Eta gehitu du EBko zenbait gobernuk «babes zabala» eman diotela bere planari: besteak beste, Danimarkakoak eta Herbehereetakoak.
Atzo, Finlandian egindako goi bilera baten osteko adierazpenetan, Melonik ziurtatu zuen auzitegiak «gobernuaren aldeko epaia» eman zuela, eta herrialde seguruen zerrenda egiteko eskumena harena dela: «Epaileek kasu jakinen inguruan hartu ahal izango dituzte erabakiak, baina ezingo dute gobernuaren dekretua indargabetu». Italiako Gobernuak urriaren 21ean onartutako dekretuaz ari zen. Haren bidez, herrialde seguruen zerrenda dekretu bidez bihurtu zuen lege.
Gaurko bilkuran parte hartu dute Antonio Tajani Atzerri ministroak, Matteo Piantedosi Barne ministroak, Guido Crosetto Defentsa ministroak eta Tommaso Foti Europako Gaietarako ministroak.
Grezian, migrante adingabe gehiago
Mediterraneotik migranteak iristen dira Greziara ere. Han, zenbait GKE gobernuz kanpoko erakundek ohartarazi dute gora egiten ari dela etorkin adingabeen kopurua. Igoera hori «haur larrialdi» gisa definitu du Sofia Kouvelaki Atenasko Home Project GKEko zuzendariak. Erakunde horrek migrante eta errefuxiatu adingabeei ematen die laguntza, eta zuzendariak esan du «urte luzez» ez dutela horrelako egoerarik izan. «Premiazkoa da gune seguruak eraikitzea haur horiei aterpe emateko», esan du Kouvelakik, The Guardian egunkariak jasotako adierazpenetan.
Aurtengo urtarriletik ekainera, 6.000 migrante adingabe baino gehiago iritsi ziren Greziara, Save the Children erakundeak uztailean argitaratutako txosten baten arabera. 2023an, berriz, 1.280 izan ziren. Beraz, urtebetean, laukoiztu egin da Greziara iritsi diren etorkin adigabeen kopurua. Gainera, adingabe horien laurdenak, 1.500 inguru, bakarrik iritsi ziren, hau da, gurasorik edo tutore legalen laguntzarik gabe.
Greziako Migrazio ministro Nikos Panagiotopulosek joan den astean iragarri zuen Greziara ez dela migrante gutxiago iritsiko 2025ean. Open telebista katean egin zioten elkarrizketa batean, nabarmendu zuen 2023aren amaieratik gora egin duela Greziak jasotzen duen etorkin kopuruak, batez ere Ekialde Hurbileko gatazkek eta klima larrialdiak eraginda.