Lehen ministro kargua hartu zuenean, Giorgia Melonik mezu bat helarazi zien EB Europako Batasuneko estatu kideei: konfrontaziorako ohitura duen arren, eta euroeszeptiko sutsua den arren, gobernuburu karguan jarrera pragmatikoa izango duela eta Erroma fidatzeko moduko aliatua izango dela oraindik ere. Hilabete pasatu da Meloni agintean dagoenetik, eta lau asteotako gertakariek agerian utzi dute bidea ez dela erabat izango modu horretakoa. Italiako lehen ministroak, haren koaliziokideekin batera—Lega eta FI Forza Italia—, jada agerian utzi baitu eskuineko gobernuak zer lehentasun izango dituen legealdian, eta horiek ez dira, gehienetan, EBk aldarrikatzen dituen balioen, eskubideen, jarreren eta lehentasunen modukoak.
Lehen neurria kaleko oposizioari eta desobedientziari begira onartu zuen, segurtasunaren izenean. Modena hirian rave bat egin zuten erabili gabeko areto batean, eta eraikin horren jabeak salaketa bat jarri zuen, beldur baitzen erori egingo zela; ondorioz, Poliziak eremua itxi zuen, eta festan parte hartzen ari ziren 3.500 bat gazteak modu baketsuan joan ziren handik.
Koalizio gobernuak aitzakia gisa hartu zuen gertakari hori, eta Lehen Ministro Kontseiluan dekretu bat onartu zuen delitu berri bat sortzeko: inork parte hartzen badu 50 pertsona baino gehiagoko «asanblea batean besteen eraikin edo jabetza publikoen eta pribatuen tokia inbadituta», hiru eta sei urte arteko kartzela zigorra eta 10.000 eurorainoko isun ekonomikoa ezar diezaiokete, gertakari hori «segurtasunerako, ordena publikorako edota osasunerako mehatxu bat» baldin bada.
Zigor Kodeko aldaketa hori justifikatzeko, koalizioak estrategia ezagun bat erabili zuen: berez oihartzunik izan ez zuen gertakari bat mediatizatzea, eta ustezko segurtasunik ezaren sentsazioarekin lotzea, hori are gehiago handitzeko. Neurriaren kontrakoek, formula hori salatzeaz gain, argudiatu dute erabakia estatuaren errepresioaren beste adibide bat dela, eta protesta kriminalizatzeko balioko duela, gazte mugimenduei kalte eginda eta mobilizaziorako eta antolaketarako eskubideak murriztuta.
Migratzaile «zaurgarriak»
Boto emaile kontserbadoreak asebetetzeko neurri horren ondoren, Melonik erabaki zuen migrazioaren aferan Matteo Salvini lehen ministrorde eta Azpiegituren ministroak 2018 eta 2019 artean Barne ministro zela izan zuen politikari eustea, eta iheslarientzako portuak itxita mantentzea—soilik «zaurgarriek» izango dute lurreratzeko eskubidea—.
Horren ondorioz, Matteo Piantedosi egungo Barne ministroak porturatzeko eskubidea debekatu zion 230 migratzaile zeramatzan ontzi bati, duela ia bi aste, eta azkenean Frantziara joan behar izan ziren. Hala, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak «ankerkeriatzat» jo zuen erabaki hori, besteak beste Parisek eta Erromak itun bat zutelako Italiak 3.000 migratzaile har zitzan.
Gatazka horretan, Erroman izandako agintari aldaketa sumatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Mario Draghi ez delako jada Italiako gobernuburu, eta baliteke datozen hilabeteetan ere sentsazio bera hedatzea EBko beste estatuburu eta gobernuburuen artean, auzi gatazkatsuei buruz eztabaidatzean. Gainontzeko agintariak ohitu egin baitira Draghirekin mintzatzera eta ados jartzera, eta Melonik beste agenda bat baitu, Bruselari lasaitasuna helarazten saiatu den arren.
Gatazka horren lehen adibide esanguratsua etzikoa izan daiteke, EBko Barne ministroak elkartzekoak baitira migrazioaren aferaz aritzeko; zehazki, Europako Batzordeak Mediterraneoko migrazio fluxua murrizteko aurkeztu duen planaz.
Ikusteko dago auzi sozialetan eta eskubideen arloan ere zer pauso emango dituen Melonik, kontrako erabaki bat izan baitu asteotan. «Familia tradizionala» defendatzen duen lehen ministroarentzat, kolpe gogorra izan zen hilaren 17an Erromako auzitegi batek harturiko erabakia: ebatzi zuen sexu bereko pertsonen seme-alaben nortasun agirietan ez dela nahitaezkoa ama eta aita agertzea, eta legezkoa dela ama edo aita bitan aipatzea.
Gai horretaz, Meloniren bulegoak ohar baten bidez erantzun zuen erabakia «arreta handiz» aztertuko duela, «inplementaziorako arazoak» daudelakoan eta «arriskuan» jartzen duelakoan «nortasun agiri nazionalaren sistemaren funtzionamendua». Auzitegiak ebatzitakoak ezerezean utzi du Salvinik 2019an harturiko erabaki bat, eta horrek are gehiago handitu du gobernuaren haserrea; horren harira, koaliziokideek iradoki zuten erabakiren bat hartuko dutela gai horri buruz.
Saviano idazlea, auzitara
Askatasunen arloan izan da mugimendurik, Roberto Saviano idazle eta kazetaria auzitara eraman baitute. Mafiari buruzko liburuak idazteagatik egin da ezagun Saviano —besteak beste, Gomorra—. Hiru prozesu judiziali egin beharko die aurre, gobernuko hiru ministrok difamazioagatik salatu baitute: Melonik, Salvinik eta Gennaro Sangiuliano Kulturakoak.
2020an, esaterako, La7 telebista kateko Piazzapulita programan, Savianok «sasikume» deitu zien Meloniri eta Salviniri, migrazioaren aferan duten jarreragatik. Eta, aurrez, 2018an, «krimen antolatuaren ministrotzat» jo zuen Legako burua, besteak beste Italia hegoaldean eman zuen mitin batean 'Ndrangheta mafiaren aurka ez egiteagatik. Sangiulianoren kasuan, Savianok ironikoki zoriondu zuen Kultura ministro aukeratu zutenean, oroitaraziz zeintzuk diren haren lagunetako batzuk, eta mafia klan batzuen inguruan aritu izan dela; hori gutxi ez, eta «[Errusiako presidente Vladimir] Putinen biografotzat» eta «kazetari eskastzat» ere aurkeztu zuen.
Hiru prozesu judizial horiez, akusatuak argudiatu du, beste hainbatetan egin duen modura, Italian prentsa eta adierazpen askatasunak arriskupean daudela egungo gobernuarekin.
Oraingoz, Melonik aldeko ditu inkestak, agintari ia guztiei boterean egiten duten lehen asteetan gertatzen zaien modura. La Repubblica egunkarian argitaraturiko azkenaren arabera, herritarren konfiantza %60ra iristear da, duela hilabete baino sei puntu gehiagora.
Italia. Meloniren lehen hilabetea agintean
Meloni, ultraeskuinaren erara
Agintean egin duen lehen hilabetean, Italiako lehen ministroak argi utzi du zer lehentasun izango dituen legealdian: immigrazioaren kontrako borroka eta eskubide demokratikoak murriztea, kasurako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu