Italia

Meloni, eta «erreformarik behinena»

Buruzagi ultraeskuindarrak Italiako Konstituzioa moldatu nahi du, herritarrek lehen ministroa zuzenean aukeratzeko eta gobernuburuak botere handiagoa izateko.

GIORGIA MELONI
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, joan den azaroaren 3an egindako agerraldian, Erroman. FABIO FRUSTACI / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 1946an errepublika ezarri zutenetik, Italian 32 lehen ministro eta 68 gobernu izan dituzte. Hau da, batez beste, gobernuburu bakoitzak bi urte eta erdi irauten du karguan, eta kabineteek, urtebete pasatxo. Desegonkortasun politikoa, hortaz, erabatekoa da herrialde horretan; kasurako, azken hamarkadan, Enrico Letta (2013-2014), Matteo Renzi (2014-2016), Paolo Gentiloni (2016-2018), Giuseppe Conte (2018-2021) eta Mario Draghi (2021-2022) izan dira lehen ministro, eta, iaztik, Giorgia Meloni. Gobernuburu ultraeskuindarrak urtebete baino gehiago egin du karguan; hamarkadotako joera ikusirik, gutxi gorabehera agintaldiaren erdia egin du dagoeneko.

Italian egin dituzte hainbat saiakera hamarkadotan, izan dituzte hamaika eztabaida gobernabidearen inguruan, baina, praktikan, ez dute ez aurrera ez atzera egin afera horren inguruan. Eta orain Meloni saiatuko da eskuinarentzat obsesio moduko bat bilakatu zena egiten: gobernua boterearen ikuspuntutik sendotzea, eta, batez ere, lehen ministroaren kargua indartzea; edo, buruzagi ultraeskuindarrak dioen modura, «erreformarik behinena» behingoz gauzatzea.

Agintari ultraeskuindarrak joan den azaroaren 3an eman zuen asmo horren berri, gobernuak lege proiektuaren zirriborroari oniritzia eman ondoren: «Esandakoa egin dugu: Italiari iraultza sinple baterako aukera historikoa eman». Proposaturikoaren arabera, besteak beste, parlamenturako hauteskundeen egun berean lehen ministroa aukeratzeko bozketa ere egingo lukete, eta hautaturiko gobernuburuak bost urtez gobernatuko luke, gaur egun bezala; gainera, legegintzaldiko egonkortasuna bermatze aldera, boz horietan babesik handiena jasotzen duen alderdiak edo koalizioak automatikoki jasoko lituzke aulkien %55, eta, beraz, gehiengo osoa izango luke.

«Esandakoa egin dugu: Italiari iraultza sinple baterako aukera historikoa eman».

 Giorgia MeloniItaliako lehen ministroa

Legealdian zentsura mozio arrakastatsu bat edo dimisioren bat izanez gero, lehen ministroa soilik behin aldatu ahalko lukete, eta gehiengo osoa duen indar politikoko diputatu bat izan beharko litzateke ordezkoa; hori bai, hautagai horrek ez balu izendatua izateko behar adina babesik lortuko, parlamentua desegingo lukete, eta hauteskundeak aurreratu. Aldaketa sorta horrek eragotziko luke, besteak beste, gobernu teknokratiko direlakoak berriz ez izendatzea; duela gutxi gertatu zen hori, Draghi agintera iritsi zenean, baina baita lehenago ere, hala nola Mario Montiren kasuan (2013-2015) eta Lamberto Dinirenean (1995-1996).

Meloniren ustetan, erreformak beste bi helburu betetzea ere bermatuko luke: herritarrek aukeratzea nork gobernatuko duen, eta agintean daudenek egonkortasuna izatea. Hori guztia onartuz gero, Italiakoa aurrekari bat izango litzateke Europako potentzien artean, gobernuburua herritarrek zuzenean aukeratzea ez baita ohikoa.

Parlamentuko bozketa eta erreferenduma

Eta orain dator parterik zailena. Konstituzioaren erreforma hori onartzeko, parlamentuko bi ganberetako —Diputatuen Ganberako eta Senatuko— bi herenen babesa beharko lukete; koalizio gobernuak badu gehiengo osoa —Italiako Anaiak, Legak eta Forza Italiak osatzen dute—, baina gutxiengo kopurura iristea beste kontu bat da; horri erreparatuta, Melonik gutxienez beste 39 diputaturen eta beste 20 senatariren babesa beharko luke.

Ezkerreko eta talde mistoetako alderdi batzuek jada esan dute ez luketela moldaketa horien alde bozkatuko, argudiatuta erreformak presidentearen eta parlamentuaren rola eta indarra ahulduko luketela; konstituzioari buruzko zenbait adituk ere zalantzak dituzte, proposamenak ez baitu zehazten sistema politikoak praktikan nola funtzionatuko lukeen. Melonik azaldu duena da konstituzioko hiru artikulu aldatu nahiko lituzkeela; horrez gain, ez du beste xehetasunik eman kritiken aurrean.

Egoera horretan, erreformez zer edo zer dakien politikari bat agertu da: Renzi, zeinak esan duen bere alderdiak, Italia Bizirik-ek, neurri sorta hori babestuko lukeela. Italiako lehen ministroa ere saiatu zen konstituzioaren erreforma bat egiten, 2016an, erreferendum bidez, baina galdeketaren arrakasta bere pertsonari lotuta utzi zuen; ezezkoak irabazi zuen, eta Renzik kargua uztea erabaki zuen. Aurrekari horretaz jakitun dago Meloni, eta, edonola ere, esana du kontsulta batera deituko lukeela parlamentuko bi ganberen babesa jasoko ez balu; kapital politiko handia izango luke jokoan, hortaz, aurrera egingo balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.