Melillako hesia odoletan

Iazko ekainaren 24an Espainia eta Maroko arteko mugan izandako «sarraskia» salatu dute dozenaka kolektibok Melillan.

Urtebete justizia gabe, urtebete inpunitatean lelopean egin zuten protesta. JONE ARRUABARRENA.
jone arruabarrena
Melilla
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Urtebete igaro den honetan, familiek ez dute izan haien hildakoak aurkitzeko aukerarik oraindik. Ezta identifikatzeko ere, eta are gutxiago hilobiratzeko. Urtebete joan zaigu, eta ez dago oraindik gertatutakoa argituko duen ikerketa independenterik». Quinndy Akeju ikertzaile eta militante antirrazista eta afrofeministak esan zituen atzo hitzok, Melillako (Espainia) UGTko egoitzaren azpian ehunka pertsona adi zituela. Duela urtebete jazotako «Melillako sarraskia» salatzeko bildu ziren han, mahai inguru batean, eta manifestazioa ere egin zuten arratsaldean, Urtebete justizia gabe, urtebete inpunitatean lelopean.

2022ko ekainaren 24 hartan, 1.500 migrante inguru saiatu ziren Melillako muga zeharkatzen; GKE gobernuz kanpoko erakundeen datuen arabera, 37 hil ziren, eta bostehun inguruk lortu zuten muga pasatzea. Gehienak, ordea, Marokora bueltatu zituen Espainiako Poliziak, momentuan bertan, legez kanpo. 133 migratzailek lortu zuten Melillan geratzea. GKEek salatu dutenez, Espainiako Poliziak bueltaturiko asko Marokok beste herrialde batzuetara edo basamortura kanporatu zituen, autobusetan sartuta, asko larri zaurituta zeuden arren, eta, ondorioz, bidean ere hil ziren batzuk. «Ez zeukaten asiloa eskatzeko eskubidea soilik; errefuxiatu potentzialak ziren horietako asko, sudandarrak izanik», azaldu zuen Akejuk. Espainiako eta Marokoko polizia indarren koordinazioari egotzi zizkien heriotzak.

Akejurekin batera, mahai inguruan izan ziren Hussein Mohamed ekintzaile antirrazista sudandarra eta Loueila Mint el Mamy migrazio gaietan aditua den abokatua. Marokoko Giza Eskubideen Elkarteko kide Omar Najik ere han behar zuen, baina, Nador eta Melilla arteko mugan izan zituen «arazoak» medio, ezin izan zen iritsi. «Mugak eraisteko batu gara hemen, eta, paradoxikoki, Omarrek ezin izan du etorri, mugen ondorioz», salatu zuen Akejuk. Bilbotik iritsi zen Melillara Akeju, Mugarik Gabe karabanarekin. Karabana horretako zenbait euskal herritar ere bildu ziren Melillan, Espainiaren migrazio politikak salatzeko.

2022ko martxoaren 3an Melillako hesia igarotzea lortu zuen Hussein Mohamedek. Azaldu zuen 2018an ihes egin behar izan zuela Sudandik, «Omar Al-Baxirren diktaduraren ondorioz». Libiara iritsi zen, eta, handik, Marokora: «Ezin genuen bertan bizi. Ilegaltzat gintuzten, eta Aljeriako basamortura kanporatzeko arriskua genuen». Melillako «sarraskia» gertatu baino hiru hilabete lehenago hesiaren bestaldera salto egin zuen, eta orduko hartan ez zuen «horrenbesteko bortizkeriarik» igarri: «Uste dut indarkeriaren gorakada hori izan zela Marokok Espainiari egindako xantaia bat».

«Sarraskitik» bizirik ateratakoen inguruan ere hitz egin zuen Mohamedek, eta salatu zuen bizirik iraun dutenetako askok «arazo fisiko eta psikologikoak» dituztela ekainaren 24an gertatutakoaren ondorioz, eta beste asko Marokoko kartzeletan daudela oraindik. «Orain, Sudango gerra gehitu zaio horri. Marokok badaki preso dauzkan horien familiartekoak gerratik ihesi dabiltzala, eta oraindik ere atxikita dauzka», gaitzetsi zuen.

Orain, errefuxiatua da Mohamed, Espainian, baina duela urtebete asiloa eskatzeko prozedura abian zeukan oraindik: «Ikusi nuenean Espainiako presidenteak zorionak eman zizkiola Marokori egun hartan egindakoagatik, neure buruari galdetu nion zer herrialdetan nenbilen asilo bila» .

Mint el Mamyk «minetik» hasi zuen mintzaldia: «Mahai inguru honetan gauden bitartean, Boli Kostako nire bezero bat Espainiatik kanporatua izateko zorian dago». Azaldu zuen badaudela tresna egokiak migratzaileak Europara sartzeko eta harrera egiteko, baina horiek «zurientzat» soilik direla. Ukrainarren kasua jarri zuen adibidetzat: «Duela gutxi hotel batera joan nintzen, eta bertan ukrainar errefuxiatuak zeuden. Gosaria ematen zieten, eta poltsa eta objektu pertsonalak beraiekin zeramatzaten. Beltzak, ordea, pabiloietan sartzen ditugu, edo itxita dauden hoteletan gehienez ere, ez daitezen nahastu zuriekin».

Erantzukizunik ez

Melillako «sarraskia» salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko martxa bat ere egin zuten atzo, Anaitasunaren plazatik hasi eta Barrio Chino auzoraino, mugan, han hil baitziren migratzaileak. Hirurehun erakundek eta elkartek baino gehiagok babestu zuten deialdia. Antolatzaileek mugaren ondoan salatu zuten «Europan azkenaldian izan den giza eskubideen urraketarik larriena» dela duela urtebete gertatutakoa, eta agerian utzi duela migrazio politiken «izaera arraziala eta koloniala».

Erakundeek gertatutakoaren inguruko erantzukizunik hartu ez izana ere gaitzetsi zuten, eta azaldu zuten Atzerritartasun arloko Espainiako Fiskaltzak artxibatu egin zituela Melillako hesian gertatu zena ikertzeko irekitako diligentziak. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne Ministroa kargugabetzeko ere eskatu zuten, eta ez sartzeko hurrengo hauteskundeetan hautetsien zerrendetan. «Sarraskitik» bizirik atera zirenentzat, berriz, «berehalako babes internazionala» exijitu zuten, eta, babes hori lortzeko, «arrazaren araberako edozein diskriminazio mota» desagerrarazteko deia ere egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.