Melilla: bi mundu erkatuta

Kontrasteak ezaugarritzen du Melilla: kultura ezberdinen arteko nahasketak, herritarren eta migranteen artekoak eta, batez ere, klase sozialen artekoak. Hesia igarotzen ahalegintzen diren migratzaileen aurkako bortizkeria ohikoa da, melillarren esanetan.

Migratzaile talde bat, Melillako kaleetan. F.G.GUERRERO / EFE.
jone arruabarrena
Melilla
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espezia usaina nabari da Melillako kaleetan. Kultura ezberdinak modu bitxian nahasten dira hirian. «Bakoitza beretarrekin egon ohi da, baina tira, oro har ondo moldatzen gara gure artean ere», azaldu du Afirak. Melillarra da, eta Andaluziako azentu nabarmena dauka. Gauaren kolorea duen hijab urdin ilun batek inguratzen dio aurpegia: «Gu musulmanak gara, baina hemen denetarik dago». Melillan, espainiarrak eta marokoarrak dira gehienak—86.261 biztanleetatik, 73.650 herritarrek daukate espainiar nazionalitatea, eta 11.371k marokoarra—. Horregatik, arabiera eta espainiera entzuten dira nagusiki kalean.

Demokraziaren etorbidean gora, errepidearen alde bietan daude kate handien dendak. Arbolek eta kale argiek apaintzen dituzte zintarriak; kalea alderik alde zeharkatzen duten Gabonetako argiak kendu gabe daude oraindik. Karrikaren amaieran, paisaia aldatzen hasten da; pintura erortzear daukaten etxeak han-hemenka, baita ardi haragia eta oihal koloretsuak saltzen dituzten denda txikiak ere. Hortik metro batzuetara, postu txikiz osatutako azoka batean, jende ugari dabil. Umeak eta emakumeak gehienak. Postu bateko marokoarren arropa tradizionalak kontrastea egiten du ondoko saltokiko bikini eta barruko arropa koloretsuekin. Inguruan, berriz, polizia autoak eta uniformatutako gizon-emakumeak nonahi.

Manuel Palomo paseoan ari da, iloba orgatxoan duela. «Ez daukat harreman handirik hona datozen immigranteekin. Ikusten ditut, hor ibiltzen dira autoak garbitzen eta. Ahal dutena egiten dute. Batzuk honaino heltzen dira, eta beste batzuk ez, tamalez. Gu ere immigranteak izan gara. Gure gurasoek kanpora joan behar izan zuten bizimodua bilatzera, eta Afrikatik datozenek ere berdin egiten dute», dio, sorbaldak jasoz.

Azken astean hesian hildakoen erantzukizuna Marokori egotzi dio Palomok: «Gizajo horiek bizia galdu zuten Maroko horrelakoa delako. Ez dute ulertzen. Min egiten badiezu, tiro egiten dizute, begiratu gabe. Eta hesia zeharkatu nahi zuten horiek bizimodu baten bila baino ez ziren ari. Baina guk zer egingo dugu? Haiek hil dituzte; guk ezin dugu ezer egin».

«Eguneroko ogia»

Hernandez parketik hurbil dago Espainia plaza. Han egoten dira azal beltzeko migratzaile bakanak. Urez eta xaboiz betetako ontziak dauzkate ondoan; trapu zaharrak eskuetan. Plaza biribilaren inguruan autoa aparkatzen duten herritarrei hura garbitzeko eskaintza egiten diete. Gazteak dira gehienak, eta irribarre egiten dute norbait hurbiltzen zaienean. Sudandik datoz asko.

Zebra bide batek banatzen du Espainia plaza Demokraziaren etorbidetik. Batetik bestera gurutzatzen ari da Yasmina Mohamed. «Facebook bidez izan nuen joan den astean hesian gertatutakoaren berri. Ikusi nituen irudiak tamalgarriak iruditu zaizkit, hirugarren mundukoak. Baina hemen eguneroko ogia da hori. Askotan gertatzen da. Hesia gurutzatzeko ahalegina egiten duten bakoitzean horrelako zerbait gertatzen da. Ulertzen dut penintsulan bizi den jendearentzat harrigarria dela, baina ni behintzat ez nau harritzen».

Kale batzuk aurrerago, bi mutiko gazte-gazte daude, eraikin gris handi batek ematen duen itzalean. Lurrean eserita daude, ogitarteko bat erdi bana jaten. Arabieraz ari dira, baina gaztelaniaz ere egiten dituzte hitz batzuk. Kalean bizi dira, CETIetan onartzen ez dituztelako. «Kazetaria? Ez, ez, guk ez dakigu ezer. Galderarik ez, ez». Bizkarra eraikin handiaren hormaren kontra daukate; metro batzuk gorago, Espainiako Gobernuaren ikurraren ondoan, letra handiz ageri da: «Herritarrentzako Informazio eta Laguntza Bulegoa». Bi mundu erkatuta.

«Bizitza salbatu nahi dugu»

Joan den astean hesia gainditzea lortu zuten 133 migratzaile herenegun arratsean atera ziren migratzaileak atxikitzeko zentro edo CETItik. Bost egunez eduki dituzte bakartuta, COVID testean negatibo eman arren.Egoitzaren kanpoan protesta eta prentsaurreko gisako bat inprobisatu zituzten, eta hitza hartu zuten migratzaileek eurek. «Melillan sartzen bazara, eta babes internazionala behar duzula frogatuz gero, babes hori eman behar dizute. Baina gu sartu ginen, eta Poliziak gasa bota zigun; pistolekin erantzun zuen. Beraz, nola eska dezakegu asiloa horrela? Emadazue aukera bat asiloa eskatzeko», salatu zuen haietako batek: «Pedro Sanchezi galdetzen diot: nola esan dezake Marokoko Gobernuak eta Poliziak lan ona egin dutela?».

Steven izeneko migratzaile batek ere hitz egin zuen kazetarien mikrofonoen aurrean: «Jende asko ezagutu dut Libian dagoena; hamazazpi, hamar urte daramatzate batzuek han. Libian beltz asko hiltzen dira. Lagun asko hil dira han. Ihes egin behar genuen, eta Marokora etortzen saiatu ginen, bizitza salbatzeko. Ez dugu dirurik, ez dugu botererik, ez dugu ezer. Gure bizitza salbatu besterik ez dugu nahi. Ez gara kriminalak». Hildakoen izenean olibondoak aldatuta bukatu zuten ekitaldia. Gaur iluntzean protesta egitekoak dira, Espainiako Konstituzioaren plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.