Melenchonek aldi baterako eten ditu Fronte Popularreko hautagaitzen bilerak

NFPk ez du hautagaitza bakarra aurkeztuko asanbleako presidentetzara, eta, horregatik, Frantzia Intsumisoak erabaki du elkarrizketak etetea.

Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Melenchon asteartean, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Melenchon asteartean, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 15a
18:20
Entzun

NFP Frantziako Fronte Popular Berriak irabazi zituen uztailaren 7an Frantziako Asanblearako hauteskundeak. Irabazi ostean, NFP osatzen duten alderdiek —nagusiki, Frantzia Intsumisoa, PS Frantziako Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF— erronka nagusi bati aurre egin behar zioten: hautagaien eta politiken inguruan ados jartzea. Eztabaida saioetan murgildurik egon dira azken egunetan, Frantziako Gobernuaren eskema marrazteko; gaur, baina, negoziazioek kolpe gogorra hartu dute, Frantzia Intsumisoak ohar baten bidez adierazi baitu horiek behin-behinean etetea erabaki duela.

Etenaldiaren arrazoia da NFP Frantziako Asanblearako ez dela hautagaitza bakarrarekin aurkeztuko presidentetzara —ostegunean osatuko da asanblea, eta egunean bertan hautatuko dute presidentea—; hala adierazi du, behintzat, Jean-Luc Melenchon alderdiko buruak X bidez. Hautagaitza bakar hori lortu arte «beste edozein eztabaidatik at» geratuko direla jakinarazi du mezuan.

Halere, badira beste zenbait arrazoi eztabaidak eten izana azaltzeko. Kaleratutako oharrean, Melenchonen alderdiak PSri leporatu dio «blokeo politikoa» ezartzea. Haren sokako hautagaitza bat «inposatu» nahi izatea leporatu die sozialistei, hori izango baita «[Frantziako presidente Emmanuel] Macronek begi onez ikusiko duen bakarra». Frantzian, presidenteak du lehen ministroa izendatzeko eskumena; hala ere, asanbleak kargutik kendu dezake, zentsura mozio baten bidez. «Ez diogu eztabaidei berriz ekingo harik eta Alderdi Sozialistak harena ez den edozein hautagaitzari betoa emateari utzi, bando macronistarekin edozein akordio egitea arbuiatu, eta Fronte Popular Berriaren programa ezartzeko borondatea adierazi arte», nabarmendu du Frantzia Intsumisoak oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.