MI5 Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen arabera, Ipar Irlandako «mehatxu terrorista» nabarmen handitu da. Chris Heaton-Harris Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroak eman zuen informazio horren berri, duela ia bi aste, diputatuei bidalitako eskutitz batean; azaldu zuen, besteak beste, IRA Berriak iragan otsail amaieran polizia bati tiro egin izanak eragin duela aldaketa hori.
«Azken hilabeteotan, ikusi dugu gora egin dutela Ipar Irlandarekin zerikusia duten ekintza terroristek. Poliziak jomugan jarri dituzte, eta haurren eta gizarteko beste kide batzuen bizia arriskuan. Eraso horiek ez dute babesik; hori erakusten dute John Caldwell detektibe ikerlariburuaren hilketa saiakera gorrotagarriak», idatzi zuen Heaton-Harrisek. Mehatxu hori nabarmen larritu dela esanda, Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek agerian utzi dute beren ustez oso litekeena dela eraso bat izatea.
Horren berri izan ondoren, Jeffrey Donaldson DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruzagiak dei egin zion Erresuma Batuko Gobernuari, Ipar Irlandan polizia agente gehiago izateko dirua jar dezan.
Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak, berriz, erantzun zuen Ostiral Santuko Akordioa sinatu eta 25 urtera ez dagoela «ez tokirik ez espaziorik talde paramilitarrentzat gizarte moderno eta demokratiko batean».
Ipar Irlanda. Ostiral Santuko Akordioak 25 urte
«Mehatxu terrorista», nabarmen gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu