Mediterraneoko sei estatuk neurriak eskatu dituzte klima krisiaren kontra

Ohar bateratu baten bidez, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek «berehala ekiteko» exijitu diote nazioarteari

San Michele gazteluaren inguruan iragan uztailaren 27an izandako sute bat, Sardiniako hiriburutik gertu. MANUEL SCORDO / EFE.
ander perez zala
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Mediterraneoan muturreko tenperaturak, suteak eta uholdeak jasaten ari diren honetan, inguruko sei herrialdek aho batez eskatu diote nazioarteari klima krisiaren kontrako neurriak hartzeko. Egoeraren larritasunaren erakusle, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek «berehalako» neurriak exijitu dituzte, argudiatuta ez dagoela «denbora gehiago galtzerik».

Sergio Mattarella Italiako estatuburuaren eta Katerina Sakellaropulu Greziakoaren arteko telefono dei batek ekarri zuen hizpidera salaketa eta eskari horiek egiteko beharra, eta gerora batu ziren beste lau estatuetako presidenteak. «Espero bezala, klima krisia hemen da, eta larria da. Klima larrialdiaz ari gara orain. Horren efektuak ikusgarriak dira; batez ere, gure eskualdean, Mediterraneoan. Asko eragin dio, eta berehalako arrisku askoren aurrean gaude: ur eta elektrizitate eskasia izatea, adibidez», diote atzo argitaraturiko komunikatuan.

Sei estatuburuen arabera, «ezinbestekoa» da «ekitea eta premiazko erabaki eraginkorrak» hartzea, uste baitute «muturreko fenomeno naturalak ekosistema suntsitzen eta eguneroko bizitza mehatxatzen» ari direla. Horren aurrean, garrantzitsutzat jo dute Mediterraneoko herrialde guztiak koordinatzea, «esfortzu kolektibo baten» bitartez klima krisiaren efektuak iraultzeko; baina, larritasuna salatzeaz harago, Esloveniako, Greziako, Italiako, Kroaziako, Maltako eta Portugalgo presidenteek ez dute neurri zehatzik proposatu salatu duten aferarako. «Denon zeregina da bide horretan ekitea eta neurri zehatzak hartzea», adierazi dute komunikatu bateratuan.

Gizakiei eragiten dizkien ondorioez gain, herrialde horien kezketako bat da klima krisiak geroz eta eragin okerragoa izango duela beren ekonomietako bi oinarri nagusitan: turismoan eta uztetan. Joan den hilabetean, kasurako, 35-40 graduko tenperaturak izan zituzten Mediterraneoko eremu askotan.

«Arraiolos Taldeko [sistema parlamentarioa eta sistema erdipresidentzialista duten Europako Batasuneko hamabost estatu kideren talde informaleko] eta Mediterraneoko herrialde horietako estatuburuek ekintzarako proiektu komunak babesteko konpromisoa hartzen dugu, eta dei egiten diegu Europako Batasunari, Mediterraneoko beste herrialdeei eta nazioarteko komunitateari afera hau beren agenda politikoetako toki nabarmen batean mantentzera», gaineratu dute sei herrialdeetako estatuburuek.

Errekorren asteak

Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak joan den astean jakinarazi zutenez, aurtengo uztaila inoiz erregistraturiko hilabeterik beroena izan da. Lehen 23 egunetan Lurraren batez besteko tenperatura aztertuta, adierazi zuten 16,95 gradukoa izan zela, eta gainditu egin zuela 2019ko uztaileko marka, 16,63koa.

Are: iragan uztailaren 6an inoizko egunik beroena erregistratu zuten —17,08ko batez besteko tenperatura—, eta hil horren 3tik 23ra bitarteko egun guztietan gainditu zen orain arteko egunik beroenaren marka, 2016ko abuztuaren 13an neurturiko batez besteko 16,8 gradukoa. Copernicusen eta meteorologia erakunde horren arabera, Europan, Asian eta Ipar Amerikan azken asteetan nozitu dituzten bero boladen ondorioz gainditu da errekorra. Horren harira, Munduko Meteorologia Erakundeak aurreikusi zuen %98ko probabilitatea dagoela datozen bost urteetako bat, gutxienez, inoiz erregistratutako beroena izateko.

Europan, gainera, iazkoa inoizko urterik beroenetan bigarrena izan zen, eta kontinente horretan udarik beroena ere izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.