Immigrazioa. Anna Surinyach. Mugarik Gabeko Medikuetako langilea

«Mediterraneoko afera konpondu behar dugu lehenbizi»

Europako Batasunak ez du migratzaileak erreskatatzeko berariazko operaziorik, Italiak 'Mare Nostrum' bertan behera utzi zuenetik. Hutsune hori betetzeko jarduten du MSFk Mediterraneo erdialdean.

BERRIA.
2015eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
MSF Mugarik Gabeko Medikuen Dignity I ontzia dabil erreskate lanetan, besteak beste. Hor jarduten du Anna Surinyachek (Bartzelona, 1985), ontziko komunikazio arduradun gisa. Egiten dutena bezain garrantzitsua baita informatzea: «Uste dut Mediterraneoko migrazioa hain mediatiko bihurtu izanak berekin ekarri duela jendea arazoarekiko kontzientziatzea».

Zer egiten du zehazki Dignity I ontziak Mediterraneoan?

Gure itsasontziak Libiako kostatik 30 miliara nabigatzen du, Tripoli eta Zuwara artean batez ere, handik irteten baita migratzaile gehien. Erromako Koordinazio Zentrotik kudeatzen dira erreskateak; handik larrialdi dei bat jasotzen dugunean, migratzaileen ontzia zer koordenatutan dagoen esaten digu, eta hara joaten gara erreskatatzera. Erreskatea eginda, Erromatik esaten digute nork eramango dituen migranteak lurrera, guk edo beste ontzi batek. MSFren hiru itsasontzi daude orain horretan: Bourbon, MY Phoenix eta Dignity I.

Noiz hasi zen MSF erreskateak egiten Mediterraneoan?

Erabaki zenean ez zela Mare Nostrum operazioarekin jarraituko, Triton operazioa jarri zen martxan, baina horren eginkizuna ez zen erreskatea, baizik eta mugak zaintzea. Beraz, jendea itsasoan itotzen hasi zenean, MSFk ikusi zuen erreskateen beharra zegoela hori gerta ez zedin. Gainera, Mediterraneoan gertatzen ari dena salatu nahi genuen. Gaia komunikabideetan egunero egon dadin lortu dugu. Orain izugarria da: milioi bat berri daude honi buruz egunero. Gaia ikusaraztea lortu da, baita heriotza ugari eragoztea ere.

Mediterraneoko etengabeko heriotzek ez dute aldatu EB Europako Batasunaren jarrera. Zerk aldatuko luke?

Gu hori lortzen saiatzen ari gara. Mediterraneoan jardutean, bertako arazoa azaleratu eta gobernuak estu hartu nahi ditugu, asilo politikak alda ditzaten, eta jende horri guztiari bidea erraztu. Izan ere, argi dago ez datozela Europara telebista handiagoak edukitzera; beste irtenbiderik ez dutelako datoz, gerra edo diktadurak dituzten herrialdeetatik. Sartzea debekatuz ez dute eragotziko heltzea. Guk, salatuz eta jende horri ahotsa emanez, estu hartu nahi ditugu egoera aldatzeko boterea eta ahalmena duten gobernuak, sartzea erraztu eta merezi dituzten bizi baldintzak emateko migratzaileei.

Zein iritzi duzu EBk errefuxiatuei asilo emateko ezarri dituen kuotei buruz?

Ezarri dituzten kuotak lotsagarriak dira. Esaterako, Siriako gatazkak hamabi milioi desplazatu eragin ditu: zortzi Sirian bertan daude; beste lau, inguruko herrialdeetan, Turkian eta Libanon batez ere, eta EBk soilik 250.000 jaso ditu, %2 baino gutxiago. Datuek errealitatea erakusten dute; edozeinek datu horiek kontuan hartzen baditu, ondoriozta dezake ezin zaiola egoera honi eutsi.

Zergatik begiratzen du EBk beste alde batera? Zeren beldurra dauka?

Nik neuk ez dakit zeren beldurra duten. Baina ezin dut ulertu zergatik egiten duten hau. Komunikabideek izurrite, inbasio terminoak erabili dituzte, eta Erresuma Batuko Atzerri ministroak esan zuen beren bizi maila arriskuan jartzen zutela. Baina ez dakit zeren beldurra duten.

Zer neurri hartu beharko lituzke EBk arazo hau konpontzeko?

Lehenik eta behin, bilaketa eta erreskate operazioak ugaritzea, hondoratzeak eta heriotzak eragozteko. Baina, batez bere, EBk bere asilo politikak zabaltzea, pertsona hauek asiloa eskatzeko bide erraz eta legezkoak eduki ditzaten. Izan ere, beren bizitzak arriskuan jartzen dituzte horretarako. Nire ustez, horiek dira bi gakoak. Nik jada ez dut ulertzen zer egiten ari diren. Europa eskuinerantz erradikalizatzen ari da.

Zer kontatzen dute migranteek erreskatatzen dituztenean?

Pentsa jende horrek bi edo hiru urte daramatzala bidaldian bere herrialdetik ihes egiteko. Behin erreskatatuak izanda, askorentzat lehen aldia da seguru sentitzen direla, eta nabari da; itsasontzian daudela negar egiten dute, lurrari musu eman, besarkatu egiten zaituzte. Bizipen guztiak askatzen dituzte. Batez ere Libiari buruz mintzo dira, hori baita berrien daukatena; oso garai gogorrak igaro dituzte, jende asko torturatu, kartzelatu eta engainatu baitute han. Horren ostean, beren bidaia kontatzen dizute, nondik eta zergatik egiten duten ihes. Orduan ohartzen zara ez dutela ihes egiten diru gehiago lortzeko, baizik eta ez dutelako beste irtenbiderik.

Uste duzu arazo honi erdipurdiko irtenbide bat bilatu ordez jatorrizko herrialdeetako egoera konpondu beharko litzatekeela, hots, Afrika eta Ekialde Hurbilekoa? Zer egin dezake Europak horretarako?

Beti esaten da jatorrizko herrialdeetan ekitea dela irtenbidea, baina lehenik eta behin Mediterraneoko afera konpondu behar dugu. Jatorrizko herrialdeetako egoera konpontzea epe luzerako erronka da, eta horretarako lan egiten du MSFk Sirian, Libian eta beste herrialde ugaritan.

Zergatik bihurtu dira hain mediatikoki ikusgarriak Calaiseko migratzaileen saialdiak?

Gu ez gera han egon; nik ez dut hangoa zuzenean ikusi, eta baliteke egoera esaten duten bezain larria izatea. Dena den, uste dut komunikabideak arazoa puzten ari direla, eta Melillako hesiarekin ere hala jokatu zutela. Nire ustez, beldurrarekin jolasten dira: inbaditzen ari zaizkigula sentiarazi nahi digute. Ez dakit zergatik egiten duten hori, baina sentipen hori ematen dit. Erresuma Batuak jarrera oso gogorra hartu du horrekin, eta pentsatzen dut kanpaina bat egin dutela komunikabideek Calaisi buruz hitz egin dezaten. Baina ez dakit zergatik egiten duten hori.

Komunikabideek migrazioari buruzko irudi ezkorra eta alarmista sortzen dute?

Komunikabide jakin batzuek bai. Hala ere, harrigarriro, komunikabide ugari errefuxiatuei buruz hitz egiten hasi dira, ezagutza handiagoarekin mintzatzen dira, eta gauza bakoitza bere izenez aipatzen dute orain. Lehen denak ziren bizitza hobe baten bila zetozen immigranteak. Baina uste dut orain sentiberago daudela, eta uste dut MSFk horretan lagundu duela. Pedagogia ugari egin dugu; jende horren jatorrizko egoerak azaldu ditugu: gatazketatik datozela eta, ondorioz, Giza Eskubideen Aldarrikapenean jasotako eskubideak dituztela.

Zer ekarpen egiten diete migrazioek Europako gizarteei?

Abantaila mordoa dakartzate: kultura aniztasuna, jendea gizatiartu eta nahastea, gizartea aberastea. Bestalde, Europako biztanleria zahartzen ari da, eta lan indarra behar du. Baina, abantaila eta desabantailen gainetik, jende horrek hemen bizitzeko eskubidea dauka; beraz, berdin du zer abantaila edo desabantaila dakartzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.