Ekintzailea

Jalila Taamallah: «Mediterraneoan hondoratzen direnen senideoi egia eta justizia zor zaizkigu»

Bi seme hil zaizkio Jalila Taamallahri Mediterraneo itsasoan itorik, Tunisiatik Siziliarako bidea egin nahian. Memoria Mediterranea elkartean jarduten du orain, desagertzen diren eta hiltzen diren migranteen familiak laguntzeko.

Jalila Taamallah, artxiboko irudi batean. BERRIA
Jalila Taamallah, artxiboko irudi batean. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko azaroaren 5a
05:05
Entzun

Mediterraneo itsasoa hilerri bat dela salatzen dute migratzaileei laguntzeko elkarteek. Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, erraterako, azken hamar urteotan 30.614 migrante desagertu dira han, Afrikatik Europara iristeko ahaleginean. Horien artean dira Jalila Taamallahren (Bizerta, Tunisia, 1972) bi semeak, Hedi eta Mahdi; 2019an partitu ziren sorterritik, eta Siziliara (Italia) bidean hil ziren. Memoria Mediterranea elkarteko kidea da orain Taamallah, eta senide baten bila ari diren familiak eta doluan diren familiak laguntzen ditu. Sufrimendua borrokarako indarra zaio. Etorkinekin elkarteak irailean antolatu zuen Mugarik Gabe festibalean parte hartu zuen.

Nola gogoratzen duzu semeen heriotza jakin zenuenekoa?

Gogoratzen dudana da oso luzaroan ibili naizela nire semeak xerkatu ditudan, eta haien aztarna topatzea biziki konplikatua izan dela. Dolua gorpurik gabe egin behar izan dugu, eta prozesu guzian ez dugu denborarik izan negar egiteko. Luzea izateaz gain, oso zaila izan da, bai instituzioekin, baita bi estatuekin ere [Italiarekin eta Tunisiarekin]... DNA probak egiteko, gorpuak aberriratzeko, dena oso korapilatsua izan da. Urtebete behar izan dugu gorpuak etxera ekarri ahal izateko. Tristura ikaragarria izan dugu, baina kuraia eta indarra ezinbestekoak izan ditugu urrats horiek egiteko. Haien gorpuen argazkiak ikustean, shock egoeran nintzen. Bi seme elkarrekin hiltzea... Ez da hitzik. Hurbileko batzuek oraindik ez dute sinesten, hain da sinesgaitza.

Hilabeteak bila pasatu ondoan, nola iritsi zitzaizun berria?

Tunisian ikusten ahal ez genuen webgune bateko artikulu batetik. Nire seme baten lagun batek ikusi zuen, atzerrian bizi zelako, eta argazkiak bidali zizkidan; gorpuen argazki batzuk ageri ziren, semeen tatuajeekin. Hasieran sinesgaitza zen, baina frogatu behar izan dugu tatuaje horiek gure semeenak zirela. Dena bat zetorren: tatuajeak, batetik; eta, bestetik, argazkiak hartuak izan ziren nire semeak Tunisiatik atera ziren garai berean. Fite ulertu genuen aukera bazela Hedi eta Mahdi izateko. Baina familia gisa ezin duzu sinetsi, nahiz eta froga guztiek kontrakoa erran.

Dolua aski ez, eta familien desmartxak biziki korapilatsuak izaten direla salatzen duzue Memoria Mediterranea elkartean.

Gure kasuan, erran behar dut tristura ikaragarriaren gainetik eta izan ditugun oztopo guztien gainetik xantza izan dugula, zeren eta gure kasuaren ondotik laster hetsi baitute hildakoen eta desagertuen familiak laguntzen dituen Gurutze Gorriaren Italiako bulegoa. Gure semeak zirela frogatzeko DNA proba Gurutze Gorriaren bidez egin ahal izan genuen, eta horretarako aukera izan duen ia azken familia izan gara. Lagun batzuk ezagutu genituen Italian, asko lagundu gaituzte. Baina bulegoa hetsi dutenetik, familientzat zailagoa da DNA proba egitea; prozedura izugarri luzeak eta zailak dira. Gaur egun, familien %40 dira proba egitea lortzen dutenak. Instituzioen arteko kolaboraziorik ez da familiak laguntzeko. Ez dute gai horietan sartu nahi; beraz, familiok itxoin besterik ez dugu. Instituzioek erabat abandonatu gaituzte: urrats guziak bakarrik egin behar izan ditugu. Bakar-bakarrik. Jaso dugun laguntza bakarra elkarteena eta lagunena izan da. Arlo honetan, instituzioen gabezia erabatekoa da.

«Instituzioek erabat abandonatu gaituzte: urrats guziak bakarrik egin behar izan ditugu. Bakar-bakarrik. Jaso dugun laguntza bakarra elkarteena eta lagunena izan da. Arlo honetan, instituzioen gabezia erabatekoa da»

Zuk nor daukazu semeen heriotzaren erruduntzat?

Tunisiako presidenteak Italiarekin egiten dituen akordioen falta da. Baita Europako Batasunarena ere. Dirua ezartzen dute migranteak itsasoan blokeatzeko, ez daitezen beren herrialdeetara sar, eta horren ondorio zuzena da hildakoen eta desagertuen kopuru beldurgarri hori. Tunisiako eta Libiako kostazainei agindua ematen diete ontziak itsasoan blokeatzeko, gainera. Eta haiek ez dituzte soilik blokeatzen; indarkeria erabiltzen dute haien kontra.

Erreskate ontziek gero eta oztopo gehiago dituzte, gainera.

Horren ondorio zuzena da hil eta desagertu gehiago direla. Laguntza oro oztopatzen badute, eta jendeak itsasoaren erdian blokeatzen badituzte... Guk mugen irekitzeko eskatzen dugu, zirkulazio askatasuna aldarrikatzen dugu, eta oroitarazi nahi dugu migratzea ez dela delitu bat, baizik eta eskubide bat. Mediterraneoan hiltzen eta desagertzen direnak gizakiak dira, ez dira zenbaki hutsak. Zenbaki guztien atzean, sufritzen duen familia bat bada. Guk justizia egin nahi dugu, hilentzat eta desagertuentzat. Eta, gainera, uste dut inportantea dela gogoeta hau egitea: desagertu hitzak ez du deus ere erran nahi. Hilda dago? Hala bada, gorpu bat behar dugu. Ez bada hala, non dago? Preso? Europan? Mediterraneoan hondoratzen direnen senideei egia eta justizia zor zaizkie.

Zu lagundu zintuzten, eta orain zuk beste familia batzuk laguntzen dituzu. Zer-nolako prozesua da? 

Gure arteko elkartasuna ikaragarria da. Ene historiak eta ene esperientziak lagundu naute beste familia batzuk laguntzen; familiak bide onean ezartzen ditut, ez dezaten denborarik gal. Hurbileko baten berririk ez dutelarik gehiago, hasi behar dugu lehenbailehen aztarnak bilatzen. Gero, Italiako elkarteari helarazi behar diogu informazioa, eta haiek ikerketa abiatzen dute, sare sozialetan eta prentsan ikusteko ea ontzirik atera den, ea Italiara iritsi diren ala ez... Ez bada aztarnarik, familiaren bidez ahalik eta informazio gehien lortu behar dugu. Herioen kasuan, ontzi bat hondoratzen bada, eta gorpuak baldin badira, bilatu behar dugu nor diren, jakin behar dugu haien familiek bilatzen dituztenetz... Eta loturak egiten saiatzen gara. Gauza bera da gero gorpuak aberriratzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.