Italiako kostazainek 1.200 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Aurrez beste mila inguru heldu ziren Lampedusa uhartera —erdiak baino gehiago adingabeak—. Irlako migratzaileentzako zentroa, baina, dagoeneko beteta dago; izan ere, 1.883 pertsona daude, berez 400entzako prestatutako tokian. Sizilia eta Afrika iparraldearen artean dagoLampedusa, eta, ondorioz, migratzaile askok hara jotzen dute lehenik.
Italiako kostazainen arabera, 800 lagun zeramatzan arrantzontzi bat atzeman zuten Italiako Sirakusa hiritik 200 kilometro ingurura. Erromaren arabera, hainbat ordu behar izan zituzten ontzian zihoazenak handik ateratzeko. Horrez gain, edizio hau ixteko orduan beste 400 migratzaile zeramatzan ontzi batek laguntzaren zain jarraitzen zuen Capo Passero uhartetik gertu. Sea-Watch International erakundeak eman zuen bigarren ontziaren berri. Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen arabera, kargaontzi batek eman zien erregaia eta edateko ura ontzian zihoazen migratzaileei, baina Maltako agintariek debekatu egin zioten haiek erreskatatzea. Erakundeak salatu zuenez, une hartan metro eta erdiko olatuak zeuden itsasoan.
Arriskutsuenetako bat
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Mediterraneoko bidea da Europarako sarbiderik arriskutsuenetako bat: 2014tik 26.000 pertsona hil edo desagertu dira bertan —sei lagunetik bat—. Hala gertatu zitzaien Maltatik abiatutako txalupako bidaiariei. Alemaniako Resqship gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez bi pertsona hil ziren itota Maltako kostaldean, euren txalupa iraulita; beste 22 migratzaileak onik atera zituzten.
Italiako Barne Ministerioaren arabera, 28.000 pertsona heldu dira herrialdera urtea hasi zenetik, iaz epe berean baino lau aldiz gehiago. Hala, Erromak migrazioak murrizteko neurriak eskatu dizkio Europako Batasunari, besteak beste, Tunisiarentzako diru laguntzak.
Mediterraneoan 1.200 migratzaile erreskatatu dituzte
Bi pertsona hil dira itota Maltatik gertu. Urtea hasi zenetik 28.000 lagun iritsi dira Italiara, iazko epe berean baino lau aldiz gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu