UDAKO SERIEA. Autokraziak (III).

MBS gida: klanaren botereari nola eutsi

Sozialki «irekiagoa» den Saudi Arabia bat du helburu printze oinordeko Mohamed Bin Salmanek; baina Al-Saud dinastiaren boterea arriskuan jarri gabe. Nazioarteari itxura erreformista saldu badio ere, nabarmen gogortu du disidentziaren aurkako errepresioa.

Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed Bin Salman, artxiboko argazki batean. MAST IRHAM / EFE
Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed Bin Salman, artxiboko argazki batean. MAST IRHAM / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Petroliozko ohe erraldoi baten gainean eraikitako monarkia absolutu bat da Saudi Arabia. Al-Saud dinastiak agintzen du erresuman 1932. urteaz geroztik; eta, 2015. urtetik, klaneko bigarren belaunaldiko Salman Bin Abdulaziz esertzen da tronuan. Baina Bin Abdulazizek 88 urte ditu, eta azken urteetan okerrera egin du haren osasunak; hortaz, arreta —bai nazioartean, bai erresuman— haren seme eta printze oinordeko Mohamed Bin Salmanengan dago jarrita. «Duela ia hamar urtetik [Bin Salmanek] hartzen ditu erabakiak», dio Justin Scheck The New York Times egunkariko kazetari eta Blood and Oil (Odola eta petrolioa) liburuaren egileak.

Bin Abdulaziz hil ondoren, erresumako ondorengotza Al-Saud dinastiaren hirugarren belaunaldiaren esku egongo da lehen aldiz. Eta belaunaldi aldaketa hori probestu nahi du Bin Salmanek bere buruan irudikatu duen etorkizuneko Saudi Arabia eraikitzeko: «Imajinatu duen Saudi Arabia askatasun ekonomiko eta sozial handiagoak dituen leku bat da». Asmo horrek badauka izena: 2030 Plana; eta, erreforma sozialak abiatzeaz gain, helburu du erresumak petrolioarekiko duen mendekotasuna amaitzea.

Schecken arabera, «lan nekeza» izango da hori. «Petrolioaren bidez lortutako diru amaiezinari esker dago monarkia boterean; diru horrek egin du erresuma aberats, eta ez dago diru iturri hori ordezkatzeko aukera argirik», azaldu du kazetariak. Petrolioaren industriaren bidez lortutako etekin ekonomikoak dibertsifikatu nahi ditu printze oinordekoak, eta erresuman atzerriko inbertsioak areagotu.

«Petrolioaren bidez lortutako diru amaiezinari esker dago monarkia boterean»

JUSTIN SCHECKKazetaria eta idazlea

Nazioartearen begietan, ordea, Saudi Arabia ez da bereziki «erakargarria». «Eguraldia jasanezina da, bero egiten du gau eta egun; debekatuta dago alkohola edatea eta gauzarik oinarrizkoenak jendaurrean egitea; lan eta hezkuntza aukera gutxi daude… nork nahiko du hara joan?», dio Scheckek. Saudi Arabiak wahabismoan oinarritzen du bere izaera —islam sunitaren muturreko joera bat da—, eta xaria islamikoa da legearen oinarria, hau da, Koranaren interpretazio horren bitartez arautzen dituzte bizitzako arlo guztiak.

Beste diru iturri bat aurkitzeko aukerarik «errazenetako bat» zergak biltzea litzateke, baina kazetariak uste du horrek «monarkiaren gainbehera» eragingo lukeela. «Arrisku handia da herritarrei zergak ordaintzeko eskatzea agintariak hautatzeko eskubiderik ez dutenean», azaldu du. Demokraziarik ez da existitzen Ekialde Hurbileko erresuma horretan. Erregeak izendatzen ditu goi kargudunak, eta guztiak izan ohi dira Al-Saud klaneko senideak: garaian garaiko erregearen anaiak, semeak, ilobak eta lehengusuak.

Erresumaren beharrak direnak direla, monarkia absolutu batek «lehentasun bat eta bakarra» du: botereari eustea. Eta, hain justu, askatasun politikoa bermatzea ez da Bin Salmanek aurkeztutako erreforma sortaren parte. «Mohamedek Saudi Arabia erreformatzearen inguruan hitz egiten duenean, ez du esan nahi herritarrei agintariak aukeratzeko eskubidea emango dienik. Egiten duen guztia helburu bakarrarekin egiten du: bere aitak errege izaten jarraitzea, eta bera hurrengo errege bilakatzea», zehaztu du Scheckek.

Khaxoggiren kasua

Bin Abdulazizek 2017an zehaztu zuen bere seme Mohamed izango zela oinordetza katean hurrena. Handik urtebetera, ahoz aho zebilen haren izena, baina Jamal Khaxoggi kazetariaren heriotzari lotuta. Khaxoggik birritan kritikatu zituen Al-Saud dinastia eta Bin Salmanen erreformak, eta 2018ko urriaren 2an hil egin zuten, Saudi Arabiak Istanbulen (Turkia) duen kontsulatuan. Turkiako Gobernuak eta zenbait elkartek publikoki leporatu diote Bin Salmani heriotzarekin lotura izatea, baina printze oinordekoak behin eta berriz esan du errugabea dela.

Jamal Khaxoggiren aldeko ekitaldi bat, Istanbulen (Turkia), 2019an. ERDEM SAHIN / EFE
Jamal Khaxoggiren aldeko ekitaldi bat, Istanbulen (Turkia), 2019an. ERDEM SAHIN / EFE

Irudi zuen horrek kalte egin ziezaiokeela Bin Salmanen ibilbideari, baina, sei urte ondoren, «nazioartea ahaztu da». Horren erakusle da, hain zuzen, atzerriko konpainiak oraindik ere prest daudela Bin Salman printzearekin negozioak egiteko. «Mendebaldean beti gertatzen da berdin: nahikoa diru baldin badaukazu, jendea ahaztu egingo da».

«Egiten duen guztia helburu bakarrarekin egiten du: bere aitak errege izaten jarraitzea, eta bera hurrengo errege bilakatzea»

JUSTIN SCHECKKazetaria eta idazlea

Khaxoggiren aferak agerian utzi zuen Bin Salmanek ez duela asmorik ez oposiziorako eta ez kritikarako tarterik uzteko. Baina «gero eta zailagoa» izango da ahots kritikoei entzungor egitea: «Sare sozialen ondorioz, herritarrek eta batez ere gazteek ikusi dute bizitza nolakoa den beste herrialde batzuetan: kontzertuetara joan daitezke, neska-mutilak leku publikoetan elkartzen dira, negozioak hastea errazagoa da… Eta Mohamed ohartu da ezin dietela eutsi orain arte indarrean izandako arau sozial zorrotzei». Saudi Arabiako herritarren %60k baino gehiagok 30 urtetik behera dituzte, eta, Scheckek azaldu duenez, horiek ez dute «gizarte erlijioso kontserbadore bat» nahi, baizik eta «askatasun sozial handiagoa».

AEBen magalean

Herrialdeko belaunaldi berriek bakarrik ez, atzerriko zenbait herrialdek ere eskatu diote printze oinordekoari «sozialki modernoagoa den Saudi Arabia bat» sortzeko; esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuek. «Saudi Arabia eta AEBak aspalditik izan dira aliatu handiak. Baina AEBek ezin dute erabaki han nork aginduko duen; hortaz, komeni zaie Mohamedekin harreman ona izatea», azaldu du Scheckek.

AEBek Saudi Arabiako erregea aukeratzerik ez badute ere, Bin Salmanek badu norbait begiko: Donald Trump hautagai errepublikanoa. «[Mohamedek] Oso harreman ona dauka Trumpen administrazioarekin, eta dezente haserretu zen demokratekin, Barack Obamak [AEBetako presidente ohia, 2009-2017] Iranekin bultzatutako Akordio Nuklearrarengatik. Biden haren presidenteordea zen orduan; hortaz, ez zen Bidenetaz erabat fidatzen», dio kazetariak. Haren ustez, ordea, ez da hain sinplea: «Trumpen begietan, Saudi Arabia, Israel eta Arabiar Emirerri Batuak zintzoak dira; eta Iran, Qatar eta Turkia, gaiztoak. Trumpen politika transikzioan oinarritzen da, eta ez du oinarrizko printzipio sendorik; hortaz, agian harekin aliantza ez litzateke hain egonkorra izango».

Donald Trump, ezkerrean, eta Mohamed bin Salman, eskuinean, Washingtonen (AEB), 2017an.
Donald Trump, ezkerrean, eta Mohamed Bin Salman, eskuinean, Washingtonen (AEB), 2017an. MICHAEL REYNOLDS / EFE

Saudi Arabiarentzat hain sinplea ez den beste afera bat Palestinako gatazkarena da; eta are konplexuagoa da iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik. Erresumak Israelekin duen harremana hobetu du azken urteotan —Abrahamgo Akordioak sinatu, eta estatu gisa aitortu zuen 2018an—, baina, tradizionalki, Al-Saud dinastiak beti defendatu izan du Palestinako kausa. «Mohamed ataka estuan dago: komeni zaio Israelekin ongi moldatzea, aliatu indartsua baita, eta harreman ona du AEBekin; baina herritarrek ez lukete inoiz barkatuko palestinarren aurka egitea».

Halere, milizia palestinarren alde egitea ere ez da aukera bat: «Saudiarabiarrek gorroto dute Hamas. Pentsa: Iranek —Saudi Arabiaren etsai nagusia da— babesten du erakunde islamista, eta Anai Musulmanak alderdi politiko islamistaren aliatuak dira —Saudi Arabiaren etsai nagusietan bigarrena da hori—». Bidegurutze horretan geldi, Scheckek uste du Bin Salman agintzekoa den monarkiari «gidaritza eta inplikazio politikoa» falta zaiola Palestinako gatazkaren aferan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.