Mazonek izkin egin dio Valentziako hondamendiaren kudeaketaren erantzukizuna hartzeari

Valentziako Generalitateko presidenteak esan du eskura zuten informazio eta baliabideekin egin zezaketen kudeaketarik onena egin zutela, baina ez zela nahikoa izan. Espainiako Gobernuaren menpeko erakundeak egin ditu informazio faltaren erantzule.

Mazon, gaur egindako agerraldian. BIEL ALIÑO / EFE
Mazon, gaur egindako agerraldian. BIEL ALIÑO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 15a
15:21
Entzun

Urriaren 29an Valentzian hondamendia eragin zuten uholdeek aurreikuspen guztiak gainditu zituztela nabarmendu du gaur Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak. Azaldu duenez, horregatik eta Generalitateak behar beste informazio jaso ez zuelako, ez ziren nahikoak izan beste uholde batzuetan funtzionatu izan duten neurriak. Espainiako Gobernuaren menpe daude Jucarko Ur Konfederazioa eta Aemet Espainiako Meteorologia Zerbitzua, eta horiek egin ditu informazio faltaren erantzule, Valentziako Gorteetan egindako agerraldian. Tanta hotzak 216 hildako eragin zituen, eta, oraindik, hamasei pertsona desagertuta daude.

Larunbatean, milaka manifestarik Generalitateko presidente Mazonen dimisioa eskatu zuten Valentziako kaleetan, eta gaur ere zenbait lagun protestan aritu dira Valentziako Gorteen eraikinaren kanpoaldean. Generalitateko buruak, baina, ez du kargua uzteko asmorik azaldu. Hildakoak gogoan izan ditu agerraldiaren hasieran, eta eskerrak eman dizkie larrialdietako langileei, boluntarioei eta larrialdiaren kudeaketan parte hartu duten agintari guztiei. Aitortu du hutsegiteak izan zirela, eta barkamena eskatu du. Nahiz eta esan ez diola izkin egingo erantzukizuna hartzeari, ez du kritikarik egin bere gobernuaren kudeaketari dagokionez: «Genuen informazioarekin eta baliabideekin, ahalik eta kudeaketarik onena egin genuen, baina ez zen nahikoa izan». Eta gehitu du: «Prest al geunden Aemeten iragarpenei aurre egiteko? Bai. Horretarako neurriak hartu al genituen? Bai. Prest al geunden aurreikusi halako bost gertatzeko errealitatean? Ez».

Fenomeno meteorologiko bortitzak eragindako hondamendiaren tamainaren berri eman du Mazonek: aipatu du gune batean metro koadroko 700 litro euri baino gehiago bota zituela egun horretan ordu gutxi batzuetan; horren ondorioz, Poyo ibaiaren arroak, lehor egon ohi denak, «Nilo ibaiaren emariaren erdia» hartu behar izan zuela. Adierazi du «inoiz ez bezalako» hondamendia izan dela, eta, horregatik, ez zirela nahikoak izan aurrez «funtzionatu izan duten» neurriak.

«Prest al geunden Aemeten iragarpenei aurre egiteko? Bai. Prest al geunden aurreikusi halako bost gertatzeko errealitatean? Ez»

CARLOS MAZONValentziako Generalitateko presidentea

Azken hamar urteetan, Aemetek 36 aldiz ezarri du alerta gorria Valentzian euriteengatik. Horietan, baina, kalteak ez ziren urriaren 29an eragindakoen modukoak izan, eta Mazonek esan du uholderik ez dela izan alerta gorria ezarri izan den batzuetan. Halere, azaldu du bi egun lehenagotik abisuak eta gomendioak zabaltzen aritu zirela Valentziako Generalitatearen larrialdi zerbitzuak. Ostera, urriaren 29ko goizean, Mazonek berak esan zuen arratsaldeko seietatik aurrera eguraldiak hobera egingo zuela. Gaur argitu du adierazpen horiek egin zituela Espainiako Gobernuak eta Aemetek zabaldutako informazioa oinarri hartuta. Espainiako meteorologia agentziak, baina, arratsaldean, alerta egoera luzatu zuen, eta Mazonek ez zuen agerraldirik egin 21:30era arte. Orduantxe, urriaren 29ko arratsaldean, eragin zituen tanta hotzak kalterik handienak.

Alerta sistema, berandu

Sakelakoetara abisuak bidaltzen dituen alerta sistema berandu aktibatzearen errua Espainiako Gobernuaren menpeko beste erakunde bati egotzi dio: Jucarko Ur Konfederazioari. Mazonek salatu du konfederazioak bi orduan baino gehiagoan ez zuela berritu Poyo ibaiaren arroak zenbat ur zeraman. Gainera, azaldu du konfederazioak posta elektronikoz bidali zuela datu hori, eta ez zuela uholde arriskuaren berri eman. Horregatik, esan du Generalitateak ez zuela alerta sistema martxan jarri Foratako urtegia lehertzeko arriskuan zegoela jakin arte —ez zen lehertu—. Orduan bidali zuten abisua, arratsaldeko zortziak pasata; ordurako, jende ugari zegoen eraikinetan edo ibilgailuetan harrapatuta.

Uholdeen ostean, hondamendiak eragindako kalteei aurre egiteko eskatu zituen 31.000 milioi euroak berriz eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Horrez gainera, iragarri du Valentziako Generalitateak kontseilaritza berri bat sortuko duela: Larrialdietarako Kontseilaritza. Era berean, jakinarazi du tanta hotzaren ondorioei aurre egiteko presidenteordetza bat ere sortuko dutela. Horrez gainera, iragarri du PPk, bere alderdiak, Valentziako Gorteetan hondamendiaren kudeaketa ikertzeko batzorde bat sortzea proposatuko duela. Mazonek uste du Espainiako Gorteetan ere gauza bera egin beharko luketela.

Mazonen «itzalaldia»

Mazonek gaur ez du argitu urriaren 29ko arratsaldean non egon zen. Generalitateko presidentearen agendan ez zen ekintzarik agertzen urriaren 29ko 13:45etik 21:30era. Azaldu du goizean larrialdien koordinazioko zentroan egon zela, eta hara itzuli zela egoeraren larritasunaren berri izan zuenean, 19:00etan.Tarte horretan zer egin zuen, aldiz, ez du zehaztu. Mazonen taldeak hainbat bertsio zabaldu zituen: lehenik, esan zuen bazkari pribatu batean egon zela, eta, gero, esan zuen laneko bazkari bat zela. Ostera, Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait hedabidek zabaldu zuten Mazon kazetari batekin batzartuta egon zela.

Denbora tarte horretan neurririk hartu ez izana egotzi diote oposizioko kideek Mazoni. Generalitateko presidenteak aurrez esandakoetatik abiatuta, PSPV Valentziako Alderdi Sozialistako Jose Muñozek adierazi du «itzalaldia» Mazonek berak izan zuela eta ez Jucarko Ur Konfederazioak. Compromiseko Joan Baldovik ere gai berari heldu dio: «Nola egon zintezke lasai bazkaltzen Chiva eta Utiel urpean zeuden bitartean?». Voxeko Jose Maria Llanosek ere kritikatu du Mazonen kudeaketa, eta agerraldia baliatu du PSOEren eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka egiteko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.