Herrialdearen izena aldatzeko erreferendumak ziurgabetasunean murgildu du Mazedoniako politika. Gobernuak zein oposizioak garaipena aldarrikatu dute, lehenak baiezkoa gailendu delako, eta bigarrenak, berriz, parte hartzea gutxienetik urrun geratu delako—%50+1—. Etorkizuna, beraz, Zoran Zaev lehen ministroaren eskuetan geratu da, eta, iragarri duenez, Greziarekin adostu zuen akordioa parlamentura eramateko asmoarekin jarraituko du, bozkatzera deituta zeuden herritarren gehiengoak hori egitearen kontra bozkatu arren —galdeketa ez zen loteslea—. Presioa, orain, diputatuengan jarri du: konstituzioko emendakina onartzeko, lehen ministroak bi herenen babesa behar du, eta, gaur-gaurkoz, 120 ordezkarietatik 73 daude akordioaren alde; alegia, zazpi ordezkariren babesa falta zaio. Zail izango du falta direnak konbentzitzea, haren koaliziokideak ez diren alderdiak «aberriaren kontrakoa» den izen aldaketaren aurka baitaude; horregatik, Zaevek atzo iradoki zuen bozetarako deia egingo lukeela ganberak emendakinari uko eginez gero, eta data ere proposatu zuen: azaroaren 25a. Zaeven koaliziokideak, gutxiengo albaniarren ordezkari eta Integraziorako Batasun Demokratikoaren buru Ali Ahmetik berehala jakinarazi zuen ez duela begi onez ikusten aurrerapena.
Izen aldaketaren atzean herrialdea EB Europako Batasunean eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko aukera dago. Bruselak hitza emana dio Skopjeri datorren ekainean hasiko dituztela bat egiteari buruzko negoziazioak, baina horretarako baldintza bat bete behar du: Greziarekin izena aldatzeko egin duen akordioa indarrean sartzea. Herenegungo erreferendumean %91,4k baiezkoa eman arren, bozkatzera deituak zeuden herritarren %36,87k parte hartu zuten soilik, eta horrek zalantzan jarri du izen aldaketaren zilegitasuna.1991n independente bilakatu zenetik, Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublikak arazoak izan ditu nazioartean jarduteko, Greziak ez diolako utzi izen hori erabiltzen. Iragan ekainean, ordea, bi herrialdeetako gobernuek akordio bat egin zuten errepublikari izena aldatzeko, eta Ipar Mazedonia izena hitzartu zuten.
Adostasun horrek, ordea, defendatzaile gutxi ditu etxean. Horren adibide Mazedoniako presidente Gjorge Ivanovek ez zuela parte hartu herenegungo erreferendumean, eta oposizioko alderdiek ez dutela begi onez ikusten izen aldaketa, tartean VMRO-DPMNE indar bozkatuenetan bigarrenak —49 diputatu ditu—. Boikoterako deia egin zuten, eta, parte hartzeak argi utzi duenez, herritarren zati handi bat iritzi berekoa da.
Atenasen jarrera
Akordioaren beste aldeak, Greziako Gobernuak «baikortzat» jo zuen atzo Mazedoniako erreferendumaren emaitza, baina «eszeptizismoa» erakutsi zuen parte hartze eskasarengatik. «Parte hartzeak erakusten du bizilagunetako asko ez daudela ziur akordioaren inguruan. Lanean jarraituko dugu akordioaren alde, baina egia da erreformak zailtasunak izango dituela», aitortu zuen gobernuaren eledun Dimitris Tsanakopulosek.
Mazedonian bezala, Grezian ere akordioaren aurkako jarrerak ez dira urriak, eta horren erakusle da oposizioko indar nagusiaren, eskuineko ND Demokrazia Berria alderdiaren jarrera. «Erreferendumaren emaitzak frogatzen du akordioa airean dagoela. Grezia ezin da Mazedoniako gertakarien gatibu izan», ohartarazi zuen atzo NDren bozeramaile Maria Spyrakik.
Bruselako erakundeak
Bien bitartean, Bruselak ere begi onez ikusi du igandeko galdeketaren emaitza. Federica Mogherini EBren atzerri politikarako buruaren iritziz, baiezkoaren garaipena «aukera historiko bat da» estatu kide bilakatzeko prozesuan pausoak emateko, eta eragile politikoei dei egin zien atzo «aurrerapausoak eman eta beharrezko erabakiak hartzeko».
Galdeketaren arrakastari buruz, Europako Batzordearen eledun Margaritis Schinasek ez zuen argitu nahi izan erakundearen jarrera: «Batzordearen iritzia argia da. Gure adierazpenak dio erreferendumak emaitza bat eman duela, eta orain prozesuak parlamentuan jarraituko duela».
Bruselan egoitza duen eta galdeketari arreta handiz erreparatu dion beste erakundeak, NATOk, igandeko emaitza ospatu zuen. Twitter bidez, Jens Stoltenberg idazkariak eskatu zien Mazedoniako «buruzagi eta alderdi politiko guztiei modu eraikitzailean inplikatzeko eta une historiko honetan» parte hartzeko. NATOko gobernuburu eta buruzagiek 2008ko goi bileran zin egin zioten Mazedoniari NATOn sartzeko gonbita egingo diotela Greziarekin duen gatazka konponduz gero. «NATOren atea irekita dago, baina prozedura nazionalak bete behar dira», ohartarazi zuen Stoltenbergek.
Mazedoniaren izena aldatzeko asmoari eutsi dio gobernuak, galdeketak porrot egin arren
Parte hartzea %36,87 izan da, baina lehen ministroak «arrakastatsutzat» jo du, %91,4k baietza eman diotelako. Greziak eta EBk oniritzia eman diote emaitzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu