Brexit-ari buruzko eztabaidek ahotsik gabe utzi dute Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Literalki. Bezperan hartutako marrantaren ondorioz, Mayk ez zuen solas egin atzo arratsaldeko saioan, eta Michael Gove Ingurumen ministroaren esku utzi zuen lehen ministroaren jarrera defendatzeko ardura. Bozketaren ondoren, ordea, hitza hartu zuen. Komunen Ganberak erabaki zuen EB Europako Batasuna akordiorik gabe uzteko aukera «inola ere» ez onartzea. Mayk ez zuen zehaztapen hori egina gobernuak aurkeztutako mozioan, brexit-aren aldeko diputatu tory gogorragoak erakartzeko, baina alderdikide europazale batek eta diputatu laborista batek aurkeztutako zuzenketa aitzinera atera, eta gobernuaren mozioa aldatu zuen. Emaitzarekin haserre, lehen ministroak parlamentariei erran zien «hartutako erabakiari aurre egiteko», eta alternatiba bakarra paratu zien mahai gainean: martxoaren 29an, ezarritako datan, brexit-a ez gertatzea.
Mayk parlamentariei heldu den asteazkenera arteko epea eman die herenegun eman zuten iritzia aldatu, eta Bruselarekin egin duen akordioa onartzeko. Lehen ministroak erran zuen hori gertatuz gero «gibelatze tekniko bat» eskatu beharko diola Bruselari, eta Erresuma Batuak ekainaren 30ean utziko duela EB. Hori gertatuko ez balitz, alternatiba zein litzatekeen azaldu zuen: «Beraz, ganberak onartu behar du ez badu hurrengo egunetan akordioren bat babestu nahi, eta ez badu martxoaren 29an akordiorik gabe [batasuna] utzi nahi, iradokitzen ari dela luzapen handiagoa behar duela 50. artikuluak». Lisboako Ituneko artikulu horrek ezartzen du estatu batek EB uzteko behar duen epea, eta Erresuma Batuarena hamabortz egun barru betetzekoa da. Mayk parlamentariei erran zien luzapen handiagoa eskatzen badute heldu den maiatzean Europako hauteskundeetan parte hartu beharko dutela Erresuma Batuko alderdiek.
Luzapenaren bozketa, gaur
Aste honetako azken saioa gaur eginen dute. EBri brexit-a gibelatzea eskatzearen alde dauden ala ez erabakiko dute parlamentariek, Mayk atzo azaldutako terminoetan. EBko estatuetako agintari gorenak hilaren 21ean elkartzekoak dira, eta hor aztertuko lukete eskaera. Baina ganberako kideek gaur ezezkoa erantzunen balute, lehen ministroak ohartarazi die akordiorik gabeko brexit-a oraindik ere aukera bat izango dela, nahiz eta ganbera atzo aurka agertu. «Inola ere ez» esaldia zuen zuzenketaren alde 312 diputatuk egin zuten, eta 308k kontra. Ondoren, gobernuaren mozioa bozkatu zuten zuzenketa hori gehituta, eta 321ek egin zuten alde —hamazazpitory-k—, eta 278k kontra.
Mayk ez du utzi nahi 'brexit'-a luzatzea ez den bertze alternatibarik
Erresuma Batuko Komunen Ganberak adierazi du ez duela «inola ere» EB akordiorik gabe utzi nahi. Astebetean itunik onartu ezean, lehen ministroak EBri eskatuko dio 'brexit'-a luzaroan gibelatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu