Mauritanian ehun alderdi eta 500 zerrenda lehiatuko dira gaurko bozetan

Gobernuko alderdiak ez luke arazorik izan behar gehiengoa lortzeko. Senatua joan den urtean kendu zuten, erreferendumean erabaki legez

Mauritaniako presidentea kargua hartu berri, artxiboko irudi batean. STR / EFE.
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur egingo dituzte hauteskundeak Mauritanian. Presidentetzarako hauteskundeak, hauteskunde nazionalak eta udal hauteskundeak; hiru bozetarako eman beharko dute botoa bozkatzera deituta dauden ia lau milioi mauritaniarrek. 98 alderdi aurkeztu dira, eta, guztira, 500 zerrenda baino gehiago. Hilaren 15ean egingo dute bozen bigarren itzulia.

Hainbeste alderdirekin, parlamenturako hauteskundeetan espero da norgehiagokarik gogorrena. Mauritaniak ganbera bakarra du joan den urtetik. Abuztuan erreferenduma egin zuten senatuaren etorkizuna erabakitzeko. Gehiengoak ezetz esan zion senatuari, eta ordutik konstituzioan jartzen du parlamentua dela ganbera bakarra. Haren lekua probintziaka aukeratutako batzordeek betetzen dute egun.

Aurreko legegintzaldiko emaitzetan oinarrituta, alderdi hauek ibiliko dira bozkatuenak izateko lehian: gobernuko UPR Errepublikaren aldeko Batasuna, oposizioko RFD Indar Demokratikoen Berrelkarketa eta Tawasul alderdi islamikoa. Azken asteetan hango hedabideek aurreikusitakoari erreparatuta, gobernuko alderdiak ez luke arazorik izan behargehiengoa lortzeko. Alderdi islamikoa bigarren indarra da parlamentuan, RFDk boikota egin baitzien parlamenturako bozei 2013an, aurreko legegintzaldian.

Mohamed uld Abdel Aziz Mauritaniako presidenteak «erradikala» izatea leporatu zion alderdi islamiarrari asteazkenean. Hauteskunde kanpaina osoan espresuki aholkatu zuen ez bozkatzeko Biram uld Dah esklabotzaren aurkako liderraren alderdiari. Aurkari izango du Biram datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetan, baina orain espetxean dago, «gorrotoaren aldeko mezua» zabaltzeagatik. Presidentearen alderdien aurkariek uste dute Abdel Aziz ahal duen guztia egiten ari dela parlamentuan gehiengoa lortzeko. Izan ere, hartara lege bat onartu ahal izango luke datorren urtean berriz presidente izateko aurkezteko.

Presidente birritan

Abdel Aziz Mauritaniako presidente da 2009tik. 2008ko estatu kolpearen ondotik, azken bi hauteskundeak irabazi zituen, 2009koak eta 2014koak. Mauritaniako Konstituzioaren arabera, pertsona berak ezin du presidente izan hiru aldiz jarraian; beraz, ezingo da aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.