Matxismoa irabazle Miss Japonia 'ukrainarraren' auzian

Karolina Shiinok uko egin dio Miss Japonia tituluari, mediku ezkondu batekin maitasunezko harremana izateagatik. Japonian, legez ere behartuta daude leialak izatera, bai ezkontza barruan, bai ezkondu gabeko bikoteetan.

Carolina Shiino Miss Japonia aukeratu zuten egunean, joan den urtarrilaren 21ean. EFE
Carolina Shiino Miss Japonia aukeratu zuten egunean, joan den urtarrilaren 21ean. EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Miss Japonia edertasun lehiaketaren aurtengo irabazle Karolina Shiino modeloak eta antolatzaileek ustekabean iragarri zuten irabazleak uko egingo ziola tituluari, aldizkari batek argitara atera zuelako maite kontuetan ibilia zela gizon ezkondu batekin. Urtarrilaren 22an Miss Japonia izendatu zutenetik, Shiinok aurre egin behar izan dio presio sozial handi bati, eta Japonia osoko ika-mika eta eztabaida batzuen erdi-erdian egon da: Shiino Ukrainan jaioa denez, eztabaida publiko sakona zabaldu da, berriz zabaldu ere, ea zer den japoniarra izatea, zer esan nahi duen japoniarra izateak homogeneotasun etnikoa oraindik estimatua eta nagusi den gizarte horretan.

Lehenbizi, Shiinoren nortasuna izan zen polemika iturri. Ternopilen jaioa izanagatik, Ukrainan, eta gurasoak ere ukrainarrak edukiagatik, modeloa Japonian bizi izan da 5 urte zituenetik: ama gizon japoniar batekin ezkondu, eta hark adoptatu egin zuen. Shiinok, bistan denez, japoniar deitura hartu zuen. Nahiz eta 2022an japoniar herritartasuna onartu zioten, japoniar askok ez dute begi onez ikusi aurpegiera europarreko emakume batek irabaztea edertasun lehiaketa eta, beraz, Japonia ordezkatzea. Gaiak ika-mika bizia piztu du Asiako herrialdean, kontserbadoreek pentsatzen baitute ez duela inola ere ordezkatzen japoniarren edertasuna. Baina ez dio horregatik uko egin tituluari.

Bazirudien sare sozialetan itzaltzen hasia zela auzi etnikoaren gaineko lehen polemika hura, baina beste gai bat azaldu zen, eskandalu handia piztu zuena Japoniako gizarte tradizional eta familiarrean: Shūkan Bunshun tabloideak kontatu zuen Shiino maite kontuetan ibilia zela gizon ezkondu batekin. Otsailaren 5ean Instagramen idatzitako mezu batean, Shiinok esan zuen artikulua ikusita uko egingo ziola koroari, modelo agentzia utziko zuela, eta onartua ziotela ukoa.

Gizarte tradizionalista

Hasieran, modeloak onartu zuen harreman bat izan zuela Takuma Maeda zirujau plastikoarekin, zeina influencer-tzat hartua baita Japonian, eta Gihar Doktorea deitua, baina nabarmendu zuen ez zekiela gizona ezkonduta zegoenik. Aurrerago, Shiinok aitortu zuen lehenbiziko azalpena ez zela «egia» eta bazekiela bere maitalea ezkonduta zegoela eta familia zuela. Kontatu zuen shock egoeran zegoela, izuturik artikulua zela medio, eta horregatik ez zela ausartu egia esatera; barkamena eskatu zuen horregatik guztiagatik. «Damu dut arazo izugarri hau sortua eta babestu nauten guztiei traizio egingo banie bezala jokatua», adierazi zuen Instagrameko mezuan.

(ID_14261257) JAPAN GENDER EQUALITY
Herritar batzuk zebrabide batean zain Tokion, joan den irailaren 16an. FRANCK ROBICHON / EFE

Wasedako Unibertsitate ospetsuko Nazioarteko Ikasketen Eskolako irakasle Tomoko Ako aditua da gizartean zaurgarri diren pertsonen ahalduntzean, eta, BERRIAri esan dionez, Shiinori egindako kritikak ulertzeko kontuan hartu behar da indarrean dagoela oraindik japoniar ezkontzaren eta familiaren ideala. «Seguru asko, Shiinok pentsatuko zuen min egin ziola berarekin zebilen gizonaren emazteari, eta horregatik erabakiko zuen titulua uztea», segurtatu du. Gainera, adierazi du «gizartearen aurrean sinesgarritasuna» galdu duela hasieran gezurra esan zuelako.

«Herritarren parte indartsu batek uste du Japoniako tradizioak arriskuan daudela gero eta jende gehiagok ez dituelako besarkatzen balio tradizionalak»

TOMOKO AKOWasedako Unibertsitateko irakaslea

Miss Japonia aukeratzeko lehiaketak jarrera irekiagoa bultzatu nahi zuen, baina batzuek uste dute Japonia tradizional eta patriarkalak gaina hartu diola jarrera ireki horri, polemika horiek puztuz eta larrituz. «Jende askok, batez ere gazteek, zera pentsatzen dute: 'Ez da ezer txarrik pasatu'. Baina, nire ustez, giro honetan oso zaila da japoniar estandarrak izenekoen kontrako iritziak adieraztea», azaldu du Akok. Akademikoak kontatu du pertsona ospetsu batzuek, hala nola Kuniko Yamada aktoreak, kritikatu egin dituztela Shiinoren kontrako mezuak, baina komunikabideak gupidarik gabe aritu direla.

Guztiarekin ere, Ako irakasleak esperantza izpi bat ikusten du Japoniako gizartean: «Halako polemika bat dagoen bakoitzean, japoniarrek aukera dute halako gaietan pentsatzeko; beraz, gauzak aldatuz joango dira poliki-poliki, nik uste». «Nolanahi ere, herritarren parte indartsu batek uste du Japoniako tradizioak arriskuan daudela gero eta jende gehiagok ez dituelako besarkatzen balio tradizionalak; horren ondorioz, gauzak atzera-aurrera dabiltza behin eta berriz», ondorioztatu du Wasedako akademikoak.

Japoniako kulturan, mespretxatu egiten da ezkontzako desleialtasuna —japonieraz, uwaki—, eta harremaneko konfiantzaren eta konpromisoaren urraketatzat jotzen da. Japoniar gehienek estimu handitan daukate monogamia eta bikote harremaneko leialtasuna, eta legez ere behartuta daude leialak izatera, bai ezkontza barruan, bai ezkondu gabeko bikoteetan. Bai ezkontide desleialak eta bai tartean den besteak erantzukizun legala izan dezakete, eta beste ezkontideari kalte ordaina pagatzeko obligazioa.

Gizartean eta komunikabideetan nabarmena da diskurtso tradizionala: emakumeek ama eta emazte zintzoak izan behar dute, eta, ezkontzatik kanpoko harremanik izanez gero, gehiago kritikatzen dituzte jendaurrean, gizonak baino. Akok azaldu duenez, legea bera da bi sexuentzat. Ezkonduta badaude edo ezkon-hitza emana badago, kalte ordaina pagatu beharra ezar diezaiekete, batez ere desleialtasunaren ondorioz ezkon-hitza hausten bada, eta berdin-berdin jokatzen dute sexu bereko bikoteekin.

Lege arloko industria bat

Nolanahi ere, ezkonduaren maitaleak ez badaki haren egoera zibilaren berri eta ez badu ezaxolaz jokatu, ez dute joko kalte-galeren erantzuletzat. Gainera, salaketa egiteko berdin dio bikote ezkonduak dibortziora jotzen duen ez. Beraz, litekeena da senarrak edo emazteak maitalea salatzea, dibortzio prozesuari ekin gabe ere. Auzitegiak ezarritako kalte ordainak 100.000 yenekoak izaten dira apalenak (650 euro), kasurik arinenetan, eta hiru milioi yenekoak (18.800 euro) egoera larriagoa denean, dibortzioa eragiterainokoa, esaterako.

Halakoak gero eta maizago gertatzen direnez, industria legal eta paralegal bat sortu da, urtean milioika yen mugitzen dituena. Taro Kato familia zuzenbideko aditua da, eta Tokion dihardu lanean. Adierazi du astean dozenaka kontsulta iristen zaizkiola desleialtasun kasuei buruzkoak. «Askok eta askok, gehienetan emakume askok, ez dakite nola jokatu halakoetan, eta laguntza profesionala eskatzen dute», agertu du Katok.

«Ez dugu sustatzen ezkonduei zelatan egitea, baina garrantzizkoa da frogak biltzea desleialtasuna izan dela egiaztatzeko»

TARO KATOAbokatua

«Ez dugu sustatzen ezkonduei zelatan egitea, baina garrantzizkoa da frogak biltzea desleialtasuna izan dela egiaztatzeko. Horren ondorioz, kontuan hartzeko moduko industria bat sortu da lege arloan eta ikerketa pribaturako zerbitzuetan», azaldu du adituak. Katok kontatu du ez duela zelata egitea bultzatzen, baina arrastorik topatuz gero, esaterako testu mezu iradokitzaileak edo argazki konprometigarriak, erne egoteko gomendatu ohi die bezeroei, eta aurkitutakoa dokumentatzeko, telefonoz argazkia eginez.

(ID_13978509) JAPAN CENTRAL BANK
Japoniako banderak, zintzilik, Japoniako Bankuaren egoitzan, joan den ekainaren 14an. FRANCK ROBICHON / EFE

Desleialtasuna egiaztatzeko frogen artean, bikotekideari egindako argazkiak daude, hoteletako edo beste ostatu batzuetako atarian egindakoak, hala nola Love Hotels izenekoetan, maitasun topaketa laburretarako pentsatuak baitira ostatu horiek. «Epaileen ustez, halako argazkiak edukitzea nahikoa izaten da desleialtasuna frogatutzat jotzeko, baina detektibe pribatu baten lana ere behar izaten da maiz. Horrek handitu egiten ditu kostuak, eta ez du beti bermatzen kalte ordaina bidezkoa izango denik kaltetuarentzat», azpimarratu du Katok.

Sexu «komertzialak» arazorik ez

Iaz Japan Times egunkariak argitaratutako inkesta baten arabera, gehienbat gizon ezkonduek engainatzen dute bikotekidea: gizon japoniarren %40k aitortu dute desleialak izan direla; hori aitortu duten emakume ezkonduak, berriz, %18,1 dira. Inkestak hau ere jaso du: «Emakume ezkondu desleialei gehiago interesatzen zaie sexua (%27,6), bakardadea arintzeko konpainia baino (%26)». Desleialtasuna aitortutako gizonek adulterioa zuritu dute esanez bulkada fisiko bati erantzuteko modua zela, eta emakumeek, berriz, adierazi dute lotura afektiboa handiagoa zela eta, seguru asko, moztu egin nahi zutela lehengo harremana.

Galdetegi horren arabera, japoniar askok uste dute barkagarriagoa dela prostituziora jotzea, ordaindua eta lotura emozionalik gabea delako. Auzitegi batek ikuspuntu hori bera defendatu zuen aurreko hamarkadan: ebatzi zuen ezkontzatik kanpoko harremanak baimenduta daudela baldin eta «helburu komertzialak» badituzte.

Beste batean, Tokioko Barrutiko Auzitegiak erabaki bat hartu behar izan zuen emakume ezkondu batek abiarazitako auzian: senarrak sexu harreman bat izan zuen gau klub bateko anfitrioiarekin. Auzitegiak ebatzi zuen emazteak ez zuela zertan kalte ordainik jaso, arrazoi komertzialak zirela medio aritu zelako anfitrioia: gizona bezero gisa atxikitzeko. Aurrekari hori prostituzioan ere aplika liteke, sexu truke komertzial zuzenekoagoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.