Matxinoek promesa betez gero, Siriako kristauak lasai egongo dira

Askotariko etniak eta talde erlijiosoak bizi dira Sirian; horien artean, kristauak. HTS koalizio islamistak hitzeman du errespetatu egingo dituela herrialdeko gutxiengo guztiak; komunitate kristauko kide baten arabera, oraingoz hala izaten ari da.

Apaiz bat, Siria hegoaldeko Maalula herrian, abenduan. ANTONIO PEDRO SANTOS / EFE
Apaiz bat, Siria hegoaldeko Maalula herrian, abenduan. ANTONIO PEDRO SANTOS / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 9a
05:05
Entzun

«Askotariko etniez, kulturaz eta talde erlijiosoz osatutako mosaiko bat da Siria». Horrela definitu du sorterria Bahjat Arziek: Alepon bizi da, eta Marista Urdinak talde katolikoko kidea da; psikologoa ikasketaz, gazteentzako eta emakumeentzako laguntza psikosozialerako programaren zuzendaria da. Hain justu, telefonoz kontatu du lanean ari zela Siriako matxinoak Alepora sartu ziren egunean, azaroaren 29ko iluntzean: «Beldurra nagusitu zen hasieran». Izan ere, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatu zuen ofentsiba; Al-Qaedatik aldendu eta koalizio hori sortu baino lehen, horko buru Mohammad al-Golanik Al-Qaedaren filiala sortu zuen Sirian. «Ez genekien [matxinoek] zer nahi zuten. Baina ez zen erasorik egon. Hurrengo egunean, lasaitasun mezuak zabaldu zituzten: esan zuten ez dutela inor hiltzeko asmorik; kontrara, herritar guztiak errespetatuko dituztela. Oraingoz, hala izaten ari da».

Zaila da asmatzen Arziek deskribatutako mosaiko hori zehazki nola osatuta dagoen; berak azaldu duenez, gerraren ondorioz ez dago datu fidagarririk jasotzeko modurik. Nazioarteko hainbat erakundek emandako azken estimazioen arabera, herritarren gehiengoa, %60 eta %70 artean, musulman sunitak dira; %13 inguru, alauitak —komunitate horretakoa da Baxar al-Assad Siriako presidentea zena—, zeinak islam xiitaren adar bat diren; gutxiengo etnien artean, Siria ipar-ekialdean bizi diren kurduak dira gehiengoa, %10 inguru; eta, gero, badaude komunitate kristauak, drusoak eta palestinarrak ere. Dena den, komunitate kristaua egunetik egunera txikiagoa dela dio Arziek: «Gaur egun, ez gara 300.000 pertsona ere izango, eta herrialde osoan sakabanatuta gaude. Ez dakit zer gertatuko den, baina errealitatea da hemen ez dagoela aukerarik etorkizun duinik eraikitzeko, hortaz… Zertarako geratu?».

HTSk gidatutako ofentsibaz geroztik, ziurtasunik eza eta galderak dira nagusi; kasurako, zer forma hartuko ote duen etorkizuneko gobernuak, eta horrek gutxiengo etniak eta komunitateak errespetatuko ote dituen. Itxaropentsu, hala izango dela pentsatu nahi du Arziek: «[HTSkoek] Jarrera moderatu bat dutela irudi du. Oraingoz ez da, Alepon behintzat, eraso edo indarkeriazko gertakari larririk izan; ez kristauen aurka, ez beste inoren aurka. Gainera, azken egunotan komunitate kristauko hainbat apezpikurekin bildu dira, eta mezu berari eutsi diote: beren helburua Al-Assaden erregimena eta Iranek Sirian zuen presentzia bukatzea zela».

«Siriako matxinoek, agian, estatu islamiko bat sortu nahi dute, zeinetan xariak aginduko lukeen. Beste talde batzuek, berriz, estatu laiko bat sortu nahi dute» 

BAHJAT ARZIESiriako komunitate kristauko kidea

Helburu hori beteta, gobernu berri bat eraikitzea litzateke hurrengo pausoa. Martxoan Elkarrizketa Nazionalerako Konferentzia egitekoak dira Siriako talde eta etniak —kurduek, esaterako—, eta bertan osatuko dute gobernu berria. Hori iragarri zuen abenduaren 30ean herrialdeko behin-behineko buruzagi Ahmed al-Xaraak —Abu Mohammed al-Golani du, hain zuzen, gerra izena—. Arziek uste du «edozer» gerta litekeela, eta aitortu du badela berari kezka handia eragiten dion kontu bat: Al-Assaden oposizio politikoa erbestean dagoela, eta, hortaz, Sirian ez daukala rol aktiborik. «Batzuk Istanbulen daude, beste batzuk Kairon, eta besteak Moskun. Guztiek gauza bera diote: behin-behineko gobernu honek ezin duela hartu erabaki garrantzitsurik», adierazi du.

Eta, azaldu duenez, herrialdeko alderdi politikoak eta komunitate guztietako buruak bilduko dituen asanblea nazional bat egiteko ari da eskatzen oposizioa, denen artean erabakitzeko zer-nolako Siria eraiki nahi duten: «Siriako matxinoek, agian, estatu islamiko bat sortu nahi dute, zeinetan, nahiz eta Saudi Arabia bezala moderatua izan, xariak aginduko lukeen. Beste talde batzuek, berriz, estatu laiko bat sortu nahi dute, zeinetan herrialdeko talde erlijioso eta etnia guztiak ordezkatzen dituen konstituzio batek aginduko lukeen».

Prozesu horretan bide bat edo bestea ibili, eztabaida «zailak» izango dira, Arzieren arabera. Izan ere, Al-Assaden gobernua erori arren, herrialdeko hainbat eremutan oraindik ere borrokan dihardute; kurduen esku dauden Siriako Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomo Demokratikoko lurretan gehienbat miliziano kurduek osatzen duten SDP Siriako Indar Demokratikoak koalizioa Turkiaren babespeko SNA Siriako Armada Nazionalaren aurka borrokan ari da. «Kurduak ere ari dira matxinoekin hizketan, baina gai konplexua da. Aukera handiak daude Siria hainbat zatitan banatzeko. Adibidez, kurduak ipar-ekialdean; alauitak kostaldean; eta gainontzeko eremuak suniten esku…», esan du Arziek. Eta, kasu horretan, uste du kristauak herrialdean sakabanatuta daudenez bakoitzak «tokatzen zaion taldearen agindupean» bizi beharko duela. 

Akordio baten susmoa

Siriako talde matxinoek, HTS buru zela, 11 egunetan hasi eta bukatu zuten Siriako Gobernua erorarazi duen ofentsiba. Arzieren arabera, «oso azkar» gertatu zen, «azkarregi». Horiek hala, zalantzak nagusi diren honetan, Arziek dio gauza bat hasiera-hasieratik argi izan duela; hots, ofentsiba nazioarteko akordio baten emaitza dela. «Sirian petrolioa dago, Mediterraneo Itsasorako aterabidea, gas naturala… Israelek, Ameriketako Estatu Batuek —AEB—, Turkiak, Errusiak, Iranek… Hemen herrialde bakoitzak nork bere interesak ditu. Eta, azkenean, herriak sufritzen du. Herria nazkatuta dago». 

«Sirian herrialde bakoitzak nork bere interesak ditu. Eta, azkenean, herriak sufritzen du. Herria nazkatuta dago» 

BAHJAT ARZIESiriako komunitate kristauko kidea

Are, EB Europako Batasuneko zenbait herrialdek errefuxiatu siriarren asilo eskaerak behin-behinean etetea erabaki izanaren inguruan galdetuta, ez du baztertu migrante siriarren afera ere akordio baten parte izatea. «Gehien haserretzen nauena zera da, modu batera edo bestera, inposatutako eta adostutako aldaketa bat izan dela». Halere, Arziek uste du herritar aktibo bihurtu ahal izateko «aukera historiko baten» aurrean daudela, eta orain ezinbestekoa dela eztabaida eta politika sozialak ardatz dituen kultura bat eraikitzea: «Jendeak ez daki zer iritzi duen; ez digute inoiz irakatsi kritikoak izaten. Orain, ez dugu amerikarrek edo europarrek gu salbatzerik nahi: gu geu izango gara aldaketaren protagonistak».

Turkiak berriro mehatxatu ditu kurduak

Turkiako Gobernuak kurduak mehatxatu ditu berriro. Hakan Fidan Atzerri ministroak elkarrizketa batean herenegun gauean adierazi zuenez, YPG milizia kurduaren kontrako operazio militar bat hasiko dute —SDF koalizioaren adar nagusia dira—, ez baditu Ankarak jarritako «baldintzak» onartzen. Fidanen esanetan, operazio hori ez gertatzeko, Siriatik alde egin beharko lukete milizianoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.