Siria. Al-Bab hiria

Matxinoek hartutako hirian

Gerraz, borrokaz eta biktimez harago, Sirian badago hainbat herri ere berriro egunerokoari heltzeko ahaleginak egiten. Al-Bab hiria gizarte zibilak zuzentzen du.

Al-Bab hiriko eraikin bat; udaberrian izandako borroken arrastoak hiri osoan daude. SERGI  CABEZA.
Al-Bab
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Batzuetan gauean, beste batzuetan goizean goiz, Baxar al-Assaden hegazkinek gutxitan huts egiten dute Al-Babeko zeruko hitzordua. FSA Siriako Armada Askearen hiriaren inguruko kokaguneak bonbardatzen dituzte, Alepotik 40 kilometrora. Baina Al-Babek ez du Sirian gertatzen dena neurtzeko balio. Azken hilabeteotan pilatutako suntsipen, hildako eta airez egiten dituzten bisita horiengatik ez balitz, Al-Babek ez lirudike Siria. 150.000 biztanleko hiria da, herrialdeko zortzigarrena, eta errebeldeek hartua dute uztailaren 19tik, gobernuaren armada botatzea lortu zutenetik. Hiriko sarreran egon ziren Al-Assaden soldaduak azkenera arte gotortuta.

Al-Bab siriarrek Al-Assaden sistematik kanpo antolatzeko duten gaitasunaren adibide onenetakoa da: abuztuaren hasieratik Biltzar Zibil Iraultzaileak zuzentzen du. Biltzarrak —buruzagia demokratikoki aukeratzen dute— ahal bezala kudeatzen ditu dauzkan baliabide publiko eskasak, eta, kanpotik ikusita behintzat, herritarren begirunea irabazia daukala dirudi, al-babtar gehienak matxinadaren aldekoak baitira.

«Iraultza berandu iritsi zen Al-Babera», adierazi du Abdu Salam Kisgazek. Biltzarraren barruan giza laguntza bideratzen duen bulegoko kide da bera. «Familia handietan banatzen da hiriko biztanleria, eta batzuk besteen beldur ziren; horregatik atera zen jendea apurka-apurkakalera». Protestak hasi eta urtebetera, joan den apirilean, Siriako Armada Askeko kideak manifestazio bat babestera atera zirenean hasi ziren herritarrak beldurra galtzen. Orduztik uztailera bitartean, matxinoek hamar eguneko borroka gogorren ostean Al-Bab hartu arte, gerrak orain arte utzi dituen 233 hildakoetatik gehienak erori ziren.

Gizarte zibilaren boterea

«Hiria askatu aurretik ere antolatuta geunden Biltzar Zibila ezartzeko», Adnan Hamzak esan duenez. Bera da biltzarreko presidentea. Kontseiluaren funtzionamendua mugatua dela onartzen du, «eta ez da oso egokia herritarrentzat, baina laguntzen saiatzen da, eta ezer baino gehiago bada».

Adnanek hiriko arazo nagusiak aipatzen ditu; oinarrizko produktuak dira denak, erregaia, sendagaiak edo ogia egiteko irina. «Ez daukagu hiria hornitzeko adina baliabide. Setio egoeran gaude», dio Adnanek, kexuka, biltzarraren egoitzan daukan bulegoan. Gai erlijiosoen egoitza izandako eraikin zaharrean dauka bulegoa, hilerriaren ondoan.

Biltzar Zibila herritarren diru-laguntzari esker finantzatzen da neurri handi batean, baina joan den astean 100.000 euroko laguntza jaso zuen Frantziako Gobernutik. Azken bi hilabeteetan 10.000 dolar inguru ere lortu ditu ogia eginez, armadak alde egin zuenean biltegi batean utzitako gariari esker.

Diru horrekin oinarrizko produktuak erosten dituzte gerraren ekonomiaren itxuragabeko prezioan, baina ezinezkoa dute gatazkaren ondorioz lanik gabe geratu diren herritarrei laguntzea. Familia buruen %60k lana galdu dutela uste dute, gehienek Aleporen industriagunean.

Al-Babeko Biltzar Zibila 37 kidek osatzen dute gaur egun. Parte hartu nahi dutenek hiru baldintza bete behar dituzte: komunitatearen errespetua eta ospe ona izatea; gatazka hasi zenetik matxino gisara onespena izatea eta modu demokratikoan biltzarrak onartutakoa babestea.

Behin biltzarraren barruan—astean bitan egiten dituzte bilerak—, batzarrak proposatutako burua aukeratzen dute. Adnan Hatza beste hautagai batekin batera aukeratu zuten, eta, azkenean, 37 botoetatik 24 bereganatu zituen. Hori bai, haren buruzagitzak hilabete soilik iraungo du, kontseiluaren barruan ezarritako gehienezko denbora. Adnan biltzarrak duen bigarren presidentea da, eta kargua onartu zuen prestatua dagoela uste duelako. 44 urte dauzka, eta ingeniari mekanikoa da. Hainbat enpresa pribatutako administrazioan aritu izanaren esperientzia dauka, baliabideak kudeatzen badaki, eta jardunerako eskatzen zaion gatazkarekiko lotura ere bai. «Matxinada hasi aurretik ere oposizioan aktibo nengoen», dio.

Edozein modutan, biltzarreko buruaren egitekoak ez du garrantzi berezirik. «Erabaki garrantzitsuenak batzarrean hartzen ditugu, ondoren lanak banatzen ditugu, eta bakoitzak dakiena egiten du». Eraginkortasunari begira, hamar egoitzatan banatu dute biltzarra; armada askearekiko koordinazioaz arduratzen dena barne, segurtasunarena, informazioarena, giza laguntzarena, gai ekonomikoena, osasunarena, kexuena eta baita atzerri harremanena ere.

Badirudi herritarrek onartzen dutela biltzarra. Bi sentimendu kontrajarriren artean bizi dute egunerokoa: etorkizunera begira jarria duten ilusioaren eta gerraren bilakaeraren inguruko kezkaren artean. Hain zuzen, baliabide gehien dutenek Turkiara emigratu dute, nahiz eta herrialdearen iparraldearen zati handiena matxinoek kontrolatzen duten, eta bizimodua ez den oso gorabeheratsua segurtasunari dagokionez, Al-Assaden hegazkinen bonbardaketek sortzen duten izuaz harago. Turkia du, hain zuzen, Al-Assadek auzoetan etsairik handienetako bat. Atzo obus siriar bati erantzun zion artilleriaz, eta Al-Assadengandik ihesi doazen siriarrak ongi hartzen dituzte.

Gerran dagoen herria

Zenbat immigrante dagoen jakitea inkognita bat da biltzar zibilarentzat; kezkatuago dago haur eskola berriz martxan jartzearekin, itxita egon baita aire armadaren helburu militartzat jotzen zelako. Dena den, zenbatu dituzte gutxi gorabehera hirira iritsi diren barne desplazatuak: 20.000 inguru. Eraikin publikoetan bizi dira, Al-Babeko herritarrek hartu dituzte, eta bukatu gabe dauden babes ofizialeko etxebizitzetan ere jarri dira bizitzen, hiriko sarrera batean.

Errefuxiatuak Alepotik ihes egindakoak dira batez ere, Siriako bigarren hiritik, eta herrialdeko industria gunerik handiena da. Oposizioaren eta armadaren artean atsedenik ez duen gerra dago han, kontziente baitira hiriak etorkizunerako duen garrantziaz. Alepon, egunak joan dira ia batailarik irabazi gabe, ez batek eta ez besteak, eta beti kasu hauetan, herritarrak dira zigortuenak. Hiriaren suntsipena II. Mundu Gerra ostean Alemaniako hainbat hirirekin gertatutakoarekin konparatzen dute batzuek.

Egunotan, Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari Ladkhar Brahimiren su-etenak ere eragin txikiena han izan du, Alepon, Homsekin batera, nahiz eta oro har ez duten errespetatu inon, ez alde batek, ez besteak. Musulmanen sakrifizioaren jairako egindako su-eten iragarpenak ez ditu matxinoak geldiarazi. Brahimi berak honela dio, kexa: «Su-etenerako deia ez du inork kontuan hartu, baina horrek ez du hondatuko gure irmotasuna. Siriako herritarrek gure babesa merezi dute». Errusiara joan da Brahimi, eta handik Txinara, Al-Assadek dauzkan bi aliatuengana, irtenbidea bilatu nahian. Haren ustez, egunetik egunera okerrera egiten ari da egoera, eta batez ere sortzen ari den giza hondamenak kezkatzen du: «Nazioarteko indar guztiak batzea ezinbestekoa da». Damaskok, berriz, egunotako atentatuak gaitzetsi ditzan eskatu dio NBEri. Atzo bertan bonba-auto bat leherrarazi zuten hiriburuan, eta gutxienez bost pertsona hil ziren. Al-Assadek «terroristei» leporatu die gertatutakoa.

Al-Baben, Siria osoan bezalaxe, samingarriak dira errefuxiatuen istorioak. Leku askotatik datoz, Homsetik ere bai, eta askok senideak galdu dituzte; gehienak borrokek harrapatuta egon dira, eta ikusi dute nola bihurtu diren euren etxeak hondakin. Batzuek jarduera politikoagatik alde egin behar izan zuten, beste batzuek ez, eta denak iritsi ziren soinean zeramatenarekin, gainerako guztia utzita.

Etxera itzultzeko ere baliatu duenik ere bada, Ali al-Osman bezala. 30 urte zeramatzan familia ikusi gabe, eta oporretan etortzea erabaki zuen, Siriako iparraldean gobernuaren tropak sendo ez zeudela ikusita. «Gaztea nintzenean bi aldiz atxilotu ninduten, uste zutelako Anaia Musulmanetakoa nintzela, eta alde egin behar izan nuen». Amets bat bete du etxera itzulita, ama berriz ere ikusi ahal izan du.

Ali al-Osmanek harro esaten du Siria berrian parte hartuko duela matxinoek irabazten badute. Harrotasun berarekin nabarmentzen du bere familian bakarrik bi kide daudela kativa borroka taldeetan. Guztira, Al-Babek hamazazpi kativa dauzka eta 1.500 borrokalari inguru. Gehienak Alepon daude borrokan, eta Al-Baben bakar batzuk geratzen dira soilik, erresalbuan, hiriaren segurtasuna bermatzeko. Matxinoak Alepora joaten dira, eta borrokan egun batzuk igaro ondoren itzultzen dira egun batzuetarako, atseden hartzera, indarrak hartzera, ostera borrokara joateko.

Horregatik, ez da harritzekoa Al-Babeko kaleetan militarrez jantzitakoak ikustea, kalaxnikovak bizkarrean. Ez dira barne segurtasuna zaintzen ari, borrokan ari dira; horregatik, herritarren errespetu osoa dute, edo itxura hori ematen duten behintzat. Hirian segurtasuna ez da arazoa, oraingoz, eta ez dago krimenik, nahiz eta biltzar zibilaren bidez Poliziaren erakunde txiki bat sortu duten.

Baina non daude erregimenaren aldekoak? «Noski, jende asko zegoen sistemari etekina ateratzen ziona, eta orain haren falta sumatzen du, baina orain isilik dago». Abu Salamen iritzia da hori, giza laguntza banatzen duen bulegokoarena. «Noski, aurreko erregimenaren aldeko inork ezin du hemen burua altxa». Ziurtasun osoz dio hori Anasek, kativetako bateko borrokalariak. Oso litekeena da Baxar al-Assaden aldeko askok —baliabideak dituztenak— emigratu izana zer gertatuko den argitu arte. Gainerakoen arrastorik ez dago, hemen behintzat.

Eta zer gertatuko da Al-Assadek hiriari erasotzen badio? «Erasoaren kasuan ez dago abisua eman beharrik ere. Jende guztiak dauka armaren bat, eta badaki zer egin behar duen. Izan behar duena izango da». Abu Salam sinetsita dago, hala ere, ez dela beharrezkoa izango horretara iristea, FSA Siriako Armada Askearen garaipena denbora kontua delako haren ustez.

Duintasuna

Informazio bulegoan —Al-Babeko motorren negozio batean jarri dute— ekintzaileek eta herritarrek doan dute sarrera. Interneterako konexioak —hiriko leku gutxitan dago— jende asko erakartzen du, baita borroka gunetik korrika datozen matxinoak ere, bideoak jartzera eta sare sozialetan partekatzera. Kazetariak elkartzen diren lekua ere bada, eta hara babesa eskatzera joaten direnen eskaerak ere bideratzen dituzte.

Mahmud al-Jabali, bulegoaren arduradunetako bat, 20 urteko mutila, Biltzar Zibil Iraultzaileko gazteena da, eta ahal duen guztia egiten du bulegora gerturatzen direnen beharrak betetzeko. Al-Babek egunero jasaten dituen hamaika argindar eteteetako batean, Mahmudek harro esaten du arazoen eta zailtasunen gainetik pozik eta ilusioz beterik dagoela garai berriei begira. «Nahiago dugu apaltasunez bizi, baina burua goian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.