Libiako erregimenaren aurkako protestak iragan otsailean lehertu ziren, eta aste batzuen buruan gatazkak gerra zibilaren tankera hartu zuen, osagai guztiekin: bi alde —Muammar Gaddafiren aldekoak, eta haren kontrako matxinoak—, bando bakoitzak kontrolatutako lurralde eremu eta posizioak eta borroka fronteak. Gerraren muga lerro hori dantzan ibili zen martxoa eta apirila bitartean, batez ere ekialdean. Ordutik, baina, posizioak nahiko finkatuta gelditu dira, eta protagonismo nagusia NATOren aire erasoek hartu dute. Azken asteetan, ordea, fronteak berriz ere berpiztu egin dira, matxinoek hainbat erasoaldi hasi baitituzte, bai mendebaldean, bai ekialdean.
Libiako mendebaldean Gaddafik nagusigoari eutsi dio, baina matxinadaren hasieratik Misrata hiria —herrialdeko hirugarrena, Tripolitik 200 kilometro ekialdera— erreboltarien kontrolpean egon da. Han izan dira gerrako eraso eta borroka gogorrenetakoak, baina azken asteetan matxinoek setioari aurre egitea lortu dute, erabat gainditu ez duten arren. Frontea hiriaren erdigunetik 35 kilometrora mugitzea lortu dute, Dafnija herrira. Setioa erabat hautsi eta Tripolirantz jo ahal izateko garrantzia estrategiko handia du Zlitan hiriak, Misratatik 60 kilometro mendebaldera. Iragan ortziralean hasi zuten matxinoek hura hartzeko erasoa, baina erregimenak eutsi egin dio oraingoz. Lehengo astetik hona Gaddafiren indarrek 70 miliziano hil dituzte Zlitan babesteko eginiko bonbardaketetan, The Guardian-en arabera.
Zlitanen sartu ezinda
NATOk airetik ohartarazpen orriak bota zituen herenegun Zlitanerako bidean, erreboltariek jakinarazi dutenez. Gaddafiren indarrei zuzendutakoak ziren. NATOren zigilua zuten, eta Apache helikoptero baten irudia ageri zen tankeak bonbardatzen. Honako esaldi hau zuen idatzia arabieraz: Ez dago ezkutatzeko lekurik. Zibilei eraso egiten jarraitzen baduzue, suntsitu eginen zaituztegu. Matxinoek diotenez, NATOk Zlitanerako bidetik alde egiteko eskatu die, erregimenaren aurkako bonbardaketak egiteko. Erasorik ez da izan oraingoz, ordea, eta erreboltariak kexu agertu ziren atzo. «Gure indarrak ezin dira Zlitanen sartu. NATOren laguntza behar dugu. Harrituta gaude Gaddafiren artilleriaren aurkako bonbardaketak atzeratu dituelako», azaldu dio The Guardian-i Khalifa Zuuaui Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Misratan duen ordezkari gorenak. Zlitan defendatzen ari da Libiako armadaren 32. brigada, Misrata berreskuratzeko ardura duen eliteko indarra. Gaddafiren seme Khamis da haren burua.
Tunisiako mugan, berriz, erregimenak bonbardaketa gogorrak egin zituen atzo, matxinoek jakinarazi dutenez. Nafusa mendikatearen mendebaldean izan ziren erasoak. Libiako berbere gehienak bizi dira han. Nalut hirira—Tripolitik 270 kilometro hego-mendebaldera— hogei Grad misil jaurti zituzten atzo, erreboltarien bozeramaile baten arabera. Misilak jaurtitzeko postuak Nalutetik hogei kilometrora ditu erregimenak, matxinoek diotenez.
Handik gertu, Dahibako muga postura daramaten bideei ere eraso egin zioten Gaddafiren indarrek. Erreboltariek kontrolatzen dute pasabide hori. Mugaren bertze aldean milaka errefuxiatu daude, eta matxinoek eremua kontrolpean dutenez, hornigaiak jasotzeko bideak zabalik dituzte. Erregimenaren erasoek, ordea, Tunisiarekin tentsioa sortu dute, hainbatetan misilek muga gurutzatu baitute. Horregatik, eremura armadako hegazkinak eta helikopteroak eraman ditu Tunisiak.
NATOk jotako autobusa
Ekialdeko frontean, mugimendu nabarmenik ez zen egon atzo. Brega herrian dago erregimenak eta matxinoek kontrolatutako eremuen muga. Duela egun batzuk herria berreskuratzeko erasoaldia hasi zuten matxinoek. Haien arabera, borroketan 28 erreboltari eta Gaddafiren 75 soldadu hil dira.
Matxinoek diotenez, Bregan hildako 28 milizianotatik sei NATOk hil zituen, Gaddafiren aldekoak zirelakoan. Erregimenak, berriz, aliantzaren eraso bat salatu du Kikla hirian —Tripolitik 150 kilometro hego-mendebaldera—. NATOk aire eraso batean autobus bat jo eta bertan zihoazen hamabi lagun hil zituela dio telebista publikoak. Kikla matxinoek kontrolpean hartu zuten herenegun. NATOk berak aitortu du Tripolin, Misratan eta mendebaldeko bertze hainbat hiritan 11 helburu militar bonbardatu dituela.
Matxinoak berpiztuta
Libiako erreboltariek hiru frontetan gogortu dituzte borrokak: Tunisiako mugan, Misrata inguruan eta ekialdean, BreganTunisiako armadak hegazkinak eta helikopteroak eraman ditu mugara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu