Dublingo matxinadaren mendeurrena

MATXINADATIK ERREPUBLIKARA

Independentzia Gerran hildako pertsona bat, lurrean. MERCIER ARCHIVES.
2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Pearsek 1916ko Astelehen Santuan Irlandako Errepublikaren aldarrikapena irakurri zuenean, Irlanda irlandarrentzat errepublika independentea izango zela ari zen aldarrikatzen. Hogeita hamazazpi urte geroago, 1949ko Astelehen Santuan, Pearsek eginiko deklarazioa legezko errealitate bihurtu zen Irlandaren 32 lurraldeetatik 26etan 1948ko Irlandako Errepublikaren Legearekin. Bere burua errepublika izendatuta, Irlandaren hegoaldeko estatuak moztu egin zituen Erresuma Batuarekin eta haren monarkiarekin oraindik bazituen azken loturak. Bien bitartean, 1949eko Irlandako Legearekin, Erresuma Batuak Irlandako Errepublika onartu zuen, baina, aldi berean, Ipar Irlanda bere baitako administraziopean zegoela baieztatzen zuen.

Batetik besterako bidea luzea, konplexua eta, batez ere, gatazkatsua izan da. Hona hemen mugarri batzuk:

1916: Irlandako Errepublikaren aldarrikapena. Erreboltarien matxinada astebetean garaitu zuten.

1918: Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan Sinn Feinek Irlandari zegozkion 105 eserlekuetatik 73 eskuratu zituen; unionistek, zeintzuek indarra Ipar Irlandan zeukaten, 26 eserleku lortu zituzten. Sinn Feinek uko egin zien eserlekuei; Dublinen Irlandako Parlamentu bat eratzen saiatu zen.

1919: 1918ko hauteskundeen ondotik, urtarrilaren 21ean, lehen Dail-a (Irlandako Parlamentua) bildu zen Dublinen: independentziaren aldarrikapena egin zuen. Egun berean izan ziren lehen tiroketak IRAren (errepublikako gobernu berriaren armada) eta indar britainiarren artean gerora Independentziaren Gerra deitu zitzaionari hasiera emanez.

1920: Irlandako Gobernuaren 1920ko Legea onartu zen Westminsterren, Dublinen eta Belfasten parlamentu bana eratzeko asmoarekin.

1921: Irlandako Gobernuaren Legea delakoaren babespean Ipar Irlandako sei konderrietako Parlamentua indarrean jartzen da ekainean. Uztailean su-etena adostu zuten errepublikanoek eta gobernu britainiarrak.

Abenduaren 6an, Anglo-irlandar Tratatua sinatu zuten Londresen, eta Independentzia Gerrari amaiera eman zioten. Irlandak estatu aske independentea izatea lortu zuen, Erresuma Batuaren menekoa, eta erregeak jarraitzen zuen estatuburu izaten. Parlamentariek leialtasuna adierazi behar zioten erregeari. Hiru portuetatik izan ezik, indar britainiarrak Irlandatik ateratzea hitzartu zuten. Ipar Irlandak estatu askearekin bat egiteko eskubidea gorde zuen.

1922: Ekainaren 7an, Dail-ak formalki onartu zuen Anglo-irlandar hitzarmena; aldeko 64 boto eta kontrako 57 lortu zituen. Sinn Feinen eta IRA ren artean zatiketa izan zen hitzarmena dela eta.

Ekainean hasi zen hitzarmenaren aldekoen eta kontrakoen arteko Gerra Zibila.

Abenduaren 6ean gauzatu zen Irlandako Estatu librea; Ipar Irlanda hortik kanpo geratu zen.

1923: Borroka gogorren ostean, maiatzean amaitu zen Gerra Zibila,behin hitzarmenaren kontakroak garaiturik. Hitzarmenaren aldeko Sinn Feineko adarrak Cumann na nGaedheal alderdia eratu zuen, eta estatu libreko lehen gobernua gidatu zuen.

1926: Fianna Fail alderdi politiko berria sortu zen hitzarmenaren kontrako Sinn Feineko adarretik. Estatu librearen hauteskundeetan abstenitu ostean hartu zuten erabakia. Fianna Fail-ek, Eamon de Valera lider zuela, hauteskundeetan aurkeztea erabaki zuen.

1931: Westminsterko Estatutuen Legea onartu zen Erresuma Batuko Parlamentuan. Haren meneko lurraldeei autonomo izateko aukera ematen zien.

1932: Fianna Fail alderdiak hauteskunde orokorrak irabazi zituen. Anglo-irlandar Tratatua baliogabetzeko prozesuari ekin zion Varelak.

1933: Irlandako Parlamentuak, lege baten bitartez, erregeari fidel izateko betebeharra kendu zuen.

1936: Erresuma Batuko gobernu ordezkariaren postua kendu egin zuen Varelak. Erregearen autoritatea ere baliogabetu zuten; halere, ez zion utzi Commonwealtheko kide eta estatuburu izateari.

1937:Bunreacht na hÉireann izeneko konstituzio berriaren bozketarekin, Irlandako Estatu Librea bertan behera gelditu zen, eta Irlandako Estatua sortu zen. Irlandako presidentea izango zen aurrerantzean estatuko buru.

1938: Erresuma Batuak Anglo-irlandar Tratatuko hiru portuak itzultzeko konpromisoa hartu zuen.

1939-45: Irlandak neutral jokatu zuen II. Mundu Gerran.

1948: Irlandako Errepublikaren1948ko Legea onartu zen Irlandako Parlamentuan. Ondorioz, Irlandak bere burua Errepublika izendatu zuen. Hori horrela, Irlandak uko egin zion Commonwealth-eko kide izateko konpromisioari, eta erabat moztu zuen monarkia britainiarrarekin.

1949: Irlandako Errepublikaren 1948ko Legea 1949eko Astelehen Santuan jarri zen indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.