Azaroak 4, larunbata
Hogeita bederatzigarren eguna. Iluntzear zela, gertu ikusi dut herio. Hantxe azaldu zait, ni besarkatu eta joaneko bidaia batean berekin eraman nahian. Nire adiskide Mohammed Hokaiad-ekin hizketan ari nintzen; Al-Xifan bizi da oraintxe Mohammed, emaztea zauritua baitu, eta hura zaindu nahi baitu. Wissam bisitatu berria nintzen, eta ospitaleko ate nagusitik gertu topo egin dut Mohammedekin. Hamar bat minutu egon gara hizketan; elkarri zenbait otoitz opa, etorkizunean berriz elkartuko garela promes egin, eta, halako batean, misil bat: eztanda ospitaleko atean.
Nengoen lekutik zazpi-zortzi metrora lehertu da. Lehentxeago, irakasle garaian ezagutu nuen gazte batekin hizketan ibili naiz. Al-Xati esparrukoa da bera, baina erietxean babes hartuta dago orain, familiarekin batera. Esan dit beharbada nik ere hara joan beharko dudala, Yasserrekin. Gerrako elkarrizketa tipikoa: labur eta zehatz. Metro batzuk ibili, eta Mohammedekin topo egin dut. Eta, orduan, danba. Etengabe entzuten ditugu leherketak, noski, eta beti iruditzen zaigu gugandik metro gutxira gertatu direla, baina oraingoan hala da benetan. Salto batez, hara-hona korrika hasi gara denok, misilak non jo duen jakin gabe. Hainbat anbulantzia kanpora zihoazela gertatu da erasoa, eta, beraz, buelta eman eta ateak ireki dituzte. Bost unitate azaldu dira zaurituak artatzeko. Inguru hori gainezka egoten da ia beti —familiak, saltzaileak, autoak, kazetariak, medikuak eta erizainak—; botila lepo bat da, eta, behin-behineko hiri berri eta ezinezkoraino jendeztatu honetan, egunero ibiltzen da jendea sartu-irtenean. Israeldarrek ondotxo dakite zertan ari diren. Hanka egin behar dut hemendik, baina nora? Mohammed Hokaiad beldur da suzko uztai baten lehen partea izan ote den; hala bada, etxadiaren iparraldeko muturra bonbardatuko dute hurrena, eta hegoaldea gero, eta eraztunaren barnealde guztia suntsituko dute. «Uztaitik irten behar dugu», esan dit, oihuz. Normalean, halako uztaiek pare bat etxadi hartzen dituzte, eta karratu samarrak izan ohi dira, lau aldeetako bakoitzean kale nagusi bat dutela. Hori kontuan hartuta, iparralderantz jo dugu, ahalik eta lasterrena. Zorionez, oraingoan ez dago suzko uztairik; bestela, ez ginen bizirik aterako. Autoa hartu eta Jalaa kalerantz goazela, ezin dut burutik kendu ezen, irakaskide izan nuen gazte harekin hizketan geratu banintz, nireak egingo zuela honezkero.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Gerora, jakin dugu hamasei lagun hil dituztela eraso horretan, eta anbulantziak hondatuta geratu direla. Hannari deitu diot, jakiteko ea modurik izan duen Wissamekin hitz egiteko eta ondo ote dagoen egiaztatzeko. Zera besterik ez dut nahi: Wissam Egiptora eraman dezatela, han tratamendua eman diezaioten. Orain, egunero bidaltzen dituzte Egiptora zenbait paziente, han artatu ditzaten. Wissam zerrendan dago. Esana zioten gaur eramango zutela, baina, ohar labur batez, jakinarazi digute azkenean bihar eramango dutela. Atzerapenaren notiziak lur jota utzi du; izan ere, hemen, Al-Xifan, anestesiarik gabe ari zaizkio tratamendua ematen. Egun osoa ematen du minez oihuka. Erizainek zauriak garbitzen dizkiotenean, edo beste ebakuntza bat egiten diotenean: horiexek unerik okerrenak. Esana zioten dena prest zeukatela Sinai-ko Arix ospitalera eramateko. Baina orain, kostaldeko Raxid ibilbidea israeldarren erasoen mende dagoen honetan, sekula baino denbora gehiago behar da mugara iristeko. Atzo arratsaldean, dozenaka lagun hil zituzten Raxid ibilbidetik hegoaldera zihoazela. Izugarria izan da gorputz mutilatu haiek guztiak ikustea —edo gorputz atal haiek guztiak, hobeto esanda—, bidean han-hemen botata. Jende hori guztia Israelgo armadak exijitutakoa betetzen ari zen, ez besterik: hegoaldera zihoazen. Bada, horra obeditzearen saria: mila puskatan txikitu dituzte.
Iruditik durduzagarrienak, ordea, Saftawiko lehen hezkuntzako eskolatik bidalitakoak izan dira. Gure etxetik ehunka metro eskasera dago. Nire seme Naem eta Yasser han ibili ziren sei urtez. Orain, arriskutsuegia da hango eremura hurbiltze hutsa. Tankeak mendebaldetik hurbiltzen ari dira, Twam-dik eta Sudaniatik. Saftawi kalean autoz ibiltzea bera zorakeria da egun hauetan. Nire anaia Mohammedek, oro har, sekula ez du nahi izaten hortik joan gaitezen; nik, ordea, uste dut arriskutsuagoa dela ekialdetik joatea, sigi-saga denbora galduz.
Bi eskola daude han —bata neskentzat eta beste bat mutilentzat—, eta ehunka familia zeuden haietan babes hartuta. Mendebaldean bizi ziren lehen, hondartzatik hurbil. Misilak bi eskoletako bat jo du, mutilena, eta hildako gehienak eskolako ikasleak ziren. Matematika ikasi beharrean, heriotza ikasi. Sarraskitik atera dituzten gorpuetatik, bakar bat ere ez dago osorik. Denak txikiturik. Bere lanaz izugarri gozatzen duen harakin baten hiltegia dirudi. Dibertsio hutsez ari den harakin baten lana.
«Sarraskitik atera dituzten gorpuetatik, bakar bat ere ez dago osorik. Denak txikiturik. Bere lanaz izugarri gozatzen duen harakin baten hiltegia dirudi»
Zaila da albiste guztiei kasu egitea, gehiegi baitira. Nor bere burua salbu mantentzen saiatu besterik ezin da egin, eta ingurukoak zaintzen saiatu. Saftawiko eskolako sarraskiaren aldi berean, beste eskola batera ere bota dute misil bat, Indonesiar ospitaletik gertu —huraxe da Ipar Gazako osasun etxe nagusia—. Ospitaleko hainbat gela gurutzatu dituzte ezpalek eta hondakinek. Jende asko hil dute; oraindik inork ez daki zenbat. Farajek honela galdetu dit: «Uste duzu lotuta dagoela Blinken Estatu idazkariak bisita labur-labur hori egin izana eta erasoak gero eta gehiago laztu izana, batez ere eskola eta ospitaleen kontrako erasoak?». Nik, ordea, erantzunik ez.
Prentsaren eraikinera bueltatuta, kafea egin dut. Ez dut ura irakinarazi, hainbeste gas ez gastatzeko; izan ere, kezkatuta gaude gasa bukatuko ote den, ez baitugu bonbona non bete. Ura epela dago. Nahikoa. Gerra garaian, zaporeak ez du axola: zer jana edukita, nahikoa. Bart ez nuen ogirik eskuratu. Lagunek ere ezin izan zidaten pixka bat gorde. Fideo batzuk egosi, gatz pixka bat bota, eta jan. Gozatu ere egin genuen gure otordu minimalistaz. Nahikoa genuen horrekin. Promes egin nion Yasserri: «Bihar bai, inguratuko dut ogia». Gaur da bihar, eguerdia jada, eta arrastorik ere ez dut non eskuratuko dudan ogia. Gero eta okindegi gutxiago irekitzen dituzte; oraindik zabalik daudenen aurrean, gainera, gero eta ilara luzeagoak egoten dira, eta mundu guztia hasita dago bere familia lehenesten. Eskuratuko ote dugu ogirik eguna amaitu aurretik? Hala ez bada, beste zerbait aurkitu beharko dut jateko. Oraindik badut zorrotxo bete fideo. Zorionekoa ni. Yasser konbentzitzea zorionekoak garela… hori beste kontu bat da.
Gaur goizean Fakhura-ko eskolei eraso diete, eta bederatzi lagun hil. 2014ko gerran ere eskola horiexei eraso zieten. Ehunka familia bizi dira orain han, esparruaren ipar-mendebaldean. Ehunka pertsona sinetsita daude lagungarri izango dutela NBEren logotipoa. Hau mundu arranoa.
Hurrengo atala: «Minutu horrexetan hil zen bera, eta salbatu nintzen ni»
Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.