Masud Pezexkian hautagai moderatuak botoen %53 lortu ditu Irango presidentetzarako hauteskundeetan. Hiru milioi botoren aldea atera dio Saeed Jalili kontserbadoreari, eta Jalilik berak zoriondu egin du estatuburu hautatu berria. Bozetara aurkeztu ziren lau hautagaien artean diskurtso moderatuena duena da Pezexkian. Besteak beste, hijaba jantzi edo ez emakumezkoen esku uztearen aldekoa da —2022tik protesta gogorrak izan dira Iranen, buruko zapia «gaizki» zeraman emakume kurdu bat atxilo zegoela hil ostean—, eta herritarrei gobernuaren zentsura saihestea ahalbidetzen dien VPN Interneteko konexioa erabiltzeko debekua kentzeko prest agertu izan da.
Politikan nahikoa berria da Pezexkian, eta, aurkariek hori haren aurka baliatu nahi izan duten arren, ohiko politikatik aldentzeko bide gisa ikusi dute askok. Ikasketaz kirurgialaria da estatuburu berria, eta hasiberriaren irudia bere mesedetan baliatzen asmatu du, baita herritarrengana gerturatzeko ere. Kanpainan, hitzeman du ez duela Polizia baliatuko manifestazioen aurka egiteko, eta haren garaipenaren berri izan eta gutxira asko izan dira preso politikoak askatzeko eskatu diotenak.
Ali Khamenei aiatola eta Irango buruzagi gorenarenganako leialtasunez jokatuko duela iragarri du Pezexkianek, baina, aldi berean, baita ohartarazi ere dimisioa emango duela eta herritarrei politikatik urruntzeko eskatuko diela ere baldin eta bere asmoak trabatzen badituzte. Alor horretan ere izango du lanik estatuburu berriak; izan ere, presidentetzarako hauteskundeek argi utzi dute herritarrek geroz eta itxaropen txikiagoa dutela gobernuan. Horren froga da parte hartzea: %39koa izan zen lehen itzulian, eta %49,8koa bigarrengoan.
Atzerri politika
Nazioarteak Irani jarritako zigor ekonomikoek kalte egiten diote herrialdeari. Horri aurre egiteko Txina eta Errusiarengana gerturatzearen aldekoa zen Jalili, baina ez, hala, Pezexkian. Hark eztabaida batean baino gehiagotan esan izan du ezinezkoa dela %40ko inflazioa murriztea nazioarteko zigorrak kendu ezean, eta horretarako beharrezkoa dela Mendebaldearekiko harremanak hobetzea. «Kaiola ekonomiko batean dago Iran oraintxe, eta beharrezkoa da elkarlanean sakontzea eta ikustea ea modu horretan zigorrak murrizten dituzten», esan zuen kanpainako ekitaldi batean.
Haren asmoen erakusgarri da Javad Zarif izan duela bidelagun kanpainan. Atzerri ministro karguan zen Zarif Iranek akordio nuklearra adostu zuenean 2015ean. Itun hark zigorrak kentzea ahalbidetu zuen. 2018an AEBetako presidente Donald Trumpek akordioa bertan behera uztea erabaki zuen arte. Jalili bera ere aritu zen negoziazio haietan, baina hautagai kontserbadoreak oso bestelako ikuspegia du. Jaliliren iritziz, Iran, «kaiola bat baino gehiago, santutegi bat da».
Dena den, Irango sistemaren arabera estatuburuak ez du eskumenik programa nuklearra edota Ekialde Hurbileko miliziekiko harremanak goitik behera aldatzeko. Ali Khamenei aiatola da eskumen hori duena. Dena den, Pezexkianek esku hartu ahal izango du erabaki politikoetan eta Khameneiren ondorengoa aukeratzeko prozesuan. Hain zuzen ere, Khameneik eskatu dio presidente hautatu berriari jarrai dezala Ebrahim Raisi presidenteak hasitako bidea —maiatzean hil zen Raisi, helikoptero istripu batean—, eta, modu horretan, buruzagi gorenak argi utzi du ez duela onartuko norabide aldaketarik.