Masen gobernua «kanpotik» babesten jarraituko duela berretsi du ERCk

Espainiako konstituzioa aldatzeko eta federalismoa sustatzeko kanpaina abiaraziko dute PSCk eta PSOEk

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
ERC ez da oraingoz Kataluniako Gobernuan sartuko. Hala adierazi zuen atzo Artur Mas presidenteak, Generalitatearen egoitzan egindako agerraldian; ERCko bozeramaile Marta Rovirak baieztatu egin ditu Masen adierazpenak, eta azpimarratu du bere alderdiaren helburua Kataluniako Gobernua «kanpotik» babestea dela. «CiUren eta ERCren arteko ituna sendoa da, eta indarrean egonen da, gobernuak erreferendumaren aldeko konpromisoa mantentzen duen heinean», esan du.

2013 urtearen balantzea egiteko eta 2014rako bere gobernuaren lan ildo nagusiak azaltzeko egin zuen agerraldia Masek Generalitatearen jauregian, eta bertan, independentziari buruzko kontsulta azaroaren 9an eginen dela berretsi zuen presidenteak, «legearen barruan». Haren ustez, erreferendumari «beldur» diote PPk eta Espainiako Gobernuak, «eta, horregatik, inolako mesederik egiten ez duen dramatikotasuna eman diote egoerari».

Madrilekin negoziatzeko borondatea ere agertu zuen Masek, baina erreferendumarena elkarrizketa horietatik kanpo egonen dela azpimarratu zuen: «Marra gorri bat da guretzat, Parlamentuaren agindu bat delako».

Gobernuak, «setatuak»

Bestalde, bilera egin zuten atzo PSCko buru Pere Navarrok eta PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak. Espainiako konstituzioa aldatzearen aldeko apustuan bat egin zuten biek ala biek, eta federalismoaren aldeko kanpaina abiaraziko dutela iragarri zuten.

Rubalcabaren esanetan, «Kataluniaren eta Espainiako gainontzeko herrialdeen arteko harremanak hobetzea» da kanpaina horren helburua, eta horretarako, «lurralde eredua berrituko duen batzorde bat» osatzeko eskaera aurkeztu dute Espainiako Kongresuan: «Elkarrizketa sustatu behar dela uste dugu, Kataluniako nahiz Espainiako gobernuak setatuak baitaude. Garrantzitsua da negoziazioa zabaltzea, Kongresuak ezin baitio bizkarra eman Katalunian gertatzen ari denari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.