Abokatua eta ekintzailea

Jose Oleshangay: «Masaiek aukeratu egin behar dute geratu eta hil edo alde egin eta bizi»

Masai komunitatearen abokatuak leporatu dio Tanzaniako Gobernuari «gutxi batzuen onura» bilatzea.

Jose Shangay, masai komunitatearen abokatua eta akintzailea. OSKAR EPELDE JULDAIN
Jose Shangay, masai komunitatearen abokatua eta akintzailea. OSLAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
Ngorongoro
2024ko urriaren 2a
05:05
Entzun

Abokatua eta ekintzailea da Jose Oleshangay (Ngorongoro, 1988), eta Loliondo eta Ngorongoroko (Tanzania) masai komunitatearen arazoak konpondu nahian ari da buru-belarri. 2022an hasi zen gatazka, John Magufuli presidentea hil ostean, gobernua Loliondoko, Ngorongoroko eta Tanzania iparraldeko beste hainbat eremutako masaiak lekualdatzeko politikak bultzatzen hasi baitzen. Elkarrizketa hau egiin eta gutxira, ordea, nolabaiteko adostasuna lortu zuten bi aldeek, besteak beste, hauteskkunde barrutiak bere horretan uzteko eta gizarte zerbitzuak bermatzeko.

Zein da zure lana?

Nire eginbeharra da komunitateari justiziara jotzen laguntzea, nire komunitatea ere badelako. Tanzaniako eta Afrika ekialdeko auzitegietara jo dugu. Baina egunero abokatu gisa lana egiteaz gain, eskubideen defentsan ere aritzen naiz, hau da, bidegabekeriak argitara ateratzen ditut, eta bidaiatu egiten dut atzerrian ere jakin dezaten zer gertatzen ari den, eta kontzientzia har dezaten, masaien lekualdaketak erabakitzen dituzten indarrak ez datozelako soilik herrialde barrutik; nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek ere presio egin dezakete, kontserbadoreek... Baina Tanzaniako Gobernuarena da betebehar nagusia.

Zer ondorio ditu zuretzat lan honek?

Izuan oinarritutako beste edozein sistematan bezala, ez da erraza jendearen eskubideen alde borrokatzea. 2022tik oso egoera larriak bizi izan ditugu, eta ez da asko eskatzen dugulako, gure jendearen eskubideak errespeta ditzatela bakarrik eskatzen dugu. Urraketen erantzule nagusia gobernua izateak esan nahi du gobernuaren interesen aurka ari garela borrokan, baita herri honetako politikan esku hartzen duten hainbaten aurka ere. Lehen lerroan borrokatzen diren guztien bizitza arriskuan dago. Ez da erraza, baina komunitateak behar du norbaitek haien izenean hitz egitea eta haien seme-alabei etorkizun bat bermatzea. Ez gara eztabaidatzen ari zer garapen mota behar dugun, bizirik irauteko borroka bat da. Hitz egiten duzu, hitzik ez egiteko esaten dizuten arren, eta, gero, etxera lotara joateko beldur zara, badakizulako zer gertatu litekeen.

Eta, hala ere, modu baketsuan ari zarete borrokan...

Komunitateak ematen digu ausardia. Afrika ekialdeko eta erdialdeko beste toki batzuetan ez bezala, artzain komunitateen errealitateari so egiten badiozu, masaiek desberdin jokatzen dute. Gure borrokak ez du gatazkarik nahi, prozesu justu eta baketsu bat baizik. Hala ere, gobernuaren etengabeko erasoak jasan ditugu. 2022an, Loliondon, 40 pertsona baino gehiago tirokatu zituzten. Eta Ngorongoron, iaz, 60 lagun atxilotu zituzten. Egunero gertatzen dira halakoak: atxiloketak, jendea nortasun agiria erakustera derrigortzea —apartheidaren garaiko Hegoafrikan bageunde bezala—, hauteskunde erregistrora jotzeko debekuak...

Espero zenuten erantzuna jaso duzue auzitegietan?

Auzitegietara jotzen duzunean zerbait espero duzu, gutxienez erabaki bat. Batzuetan helegiteak aurkeztu ditugu, beste aukerarik ez genuelako. Loliondon lurra eramaten ari ziren, eta egin genezakeen bakarra epaiketa bat hastea zen. Auzi batzuk irabazi ditugu, gobernuak legez kanpo sortutako Ehiza Kontrolaturako Eremukoa, esaterako. Ondoren, auzitegietan galdu egingo zutela ikusita, presidenteak beste erreserba bat sortu zuen, baina haren aurka ere egin dugu, eta epaiaren zain gaude. Bitartean, auzitegiek ebatzi dute masaiei beren lurretara sartzen utzi behar zaiela. Hala ere, 2024ko maiatzean gobernuak iragarri zuen 16.000 abelburu konfiskatuko zituela; aurreko urtean 19.000 izan ziren. Beraz, auzitegietan arrakasta izan dugun arren, gobernuak ez ditu epaileen aginduak betetzen, eta, gainera, onartu egiten du.

Zer gertatzen ari da Ngorongoroko barrutian?

Ngorongoron 100.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta 2021etik gobernuak ez du ezer egin han. Oinarrizko zerbitzuetara bideratu beharreko diru publikoa desagertu egin da; parazetamola eta ura erosteko eta eskolak ordaintzeko dirua zen. 2022ko maiatzean esan zuten masaiak alde egitera behartzeko baldintzak sortzeko egiten zutela. Azken lau urteetan, komunitate horren eskubideak etenda daude. Aukeratu egin behar dute geratu eta hil, edo alde egin eta bizi.

«Masaiek, lau urtez euren eskubideak nola urratzen zituzten ikusi ostean, ezin izango dute hauteskundeetan parte hartu»

Duela aste batzuk, gobernuak argitara eman ditu 4.000 hauteskunde barrutitako datuak, baina kanpoan utzi dituzte Ngorongoroko herriak. Azaroan egingo dituzte udal hauteskundeak, eta 2025eko urrian izango dira boz orokorrak. [Neurri hau bertan behera utzi zuen gobernuak, masai komunitatearekin akordioa erdietsi ostean]

Zergatik argudiatzen ditu gobernuak bere erabakiak ingurumena babesten ari dela esanez?

Benetan ingurumena babesteko borrokan ariko balira, masaiak ez lirateke haien etsai izango. Haiek ezagutzen dute hobekien ingurumenaren balioa, ingurumen horrek berak elikatzen duelako haien kultura, erlijioa eta komunitateko bizitza. Haiexek babestu dituzte orain askok nahi dituzten lur hauek.

Natura babestu nahi badute, zergatik ez gurekin hitz egin? Zergatik ari dira horrenbeste hotel eraikitzeko dirua jartzen? Ingurumenarengatik eta basabereengatik balitz, ekosistema horretan bertan egiten den ehiza debekatzen hasi beharko lukete. Loliondoko 60.000 masai eta Ngorongoroko 100.000 lekualdatuko dituzu Ekialde Hurbileko ehiztariak ekartzeko. Benetako arrazoia da gutxi batzuen eta haien gertuko jendearen onura nahi dutela eta uste dutela masaiek ez dutela han egotea merezi. Uste dute masaiak mehatxua direla beren turismo negozio itsusietarako, eta kanpoan nahi dituzte.

«Ngorongoron parazetamola luxu bat da, eta oinarrizko zerbitzurik ez dago»

Ngorongoroko eremua oso aberatsa da, baina komunitate indigenak eskean aritu behar du.

Masairik gabeko erreserba da. Erreserba sortu zenez gero, arazoak besterik ez dute izan masaiek, eta horietan nagusia pobrezia da, debeku politiken ondorio. Gaur egungo gobernuak sortutako testuingurua gehitu behar zaio horri. Jendea muturreko pobrezian bizi da. Beraz, baduzu toki bat, herrialdearentzat irabazi iturri segurua dena eta urtean milioi bat turista hartzen dituena, baina non parazetamola luxu bat den eta oinarrizko zerbitzurik ez dagoen. Horrek bilakatzen ditu eskale; jendeak dio munduko erreserba bat dela, baina masaientzat espetxe zabal bat bilakatu da, azaltzen zail diren arazoak eragiten dituelako eta bizirik irauteko arazo bilakatu delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.