Mas: «Niri dagokidanez, bozak I-27an izango dira»

ERCri bezperan «leialtasun eza» egotzi eta hauteskunde deialdiari buruz zalantzak eragin arren, ez du aldaketarik aurreikusten presidenteak

Erredakzioa
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Artur Mas presidenteak leialtasunik ez izatea egotzi zion herenegun ERCri, Kataluniako Parlamentuan CiUk bozketa batzuk galdu dituelako, eta bi indar politikoek hitzartutako egonkortasun ituna ez dela errespetatzen ari argudiatu zuen. Irailaren 27an egin beharreko hauteskunde plebiszitarioen eguna kolokan jartzera ere iritsi zen Mas, lehenengo aldiz, hori ERCren babesaren mende dagoela eman baitzuen aditzera. ERCko presidente Oriol Junquerasek berehalakoan erantzun zion Masi, eta errepublikanoak hitzartutako guztia betetzen ari direla nabarmendu zuen. Atzo I-27ari eusten diola argitu zuen Masek.

San Jordi egunean nazioarteko berriemaileei egindako harreran uxatu zituen zalantzak Kataluniako Gobernuko presidenteak: «Niri dagokidanez, eta hor asko dagokit, bozak irailaren 27an izango dira». Espainiako Estatua Kataluniako prozesu subiranista zapuzten saiatuko dela aitortu zuen Masek, baina «jendeak botoa ematea eta hauteskundeak Kataluniaren burujabetzari buruzko plebiszitu bihurtzea» ezingo duela eragotzi nabarmendu zuen .

Kataluniako bozak I-27an ez egiteko arriskua, Espainiako hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukerarekin lotu zuen Masek. Urte amaierarako daude aurreikusita, baina Mariano Rajoyk aurreratu litzake. «Horrek eragin lezake gure egutegian? Parlamentuan hitz egin beharko genuke».

Aurrez, San Jordi eguneko ekitaldian, «batasuna eta heroitasuna» eskatu zuen Masek «Katalunia errespetatzen ez duten herensugeei aurre egiteko».

Junquerasek, bestalde, esan zuen ERCk Kataluniako Gobernuari «estatu berri justu eta garbi bat» lortzen laguntzeko borondatea baduela, eta aspaldian ari dela horretan. Katalanek I-27an botoa eman ahal izango dutena ziurtzat jo zuen Junquerasek, eta argitu zuen horretarako traba Madril bai baina ERC ez dela izango: «Bat eginda gaude, gu behintzat bai, independentzian, gizarte justizian eta ustelkeriaren kontrako borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.