Antonio Costa 2015etik Portugalgo lehen ministroa zenak dimisioa eman eta bi egunera, haren tokia ordezteko bozak egingo dituztela iragarri zuen atzo Portugalgo presidente Marcelo Rebelo de Sousak. Martxoaren 10ean egingo dituzte. De Sousaren ustez, irtenbide «zintzoena» da bozak errepikatzea, eta «herriari demokraziaren bidez» gobernua nork eratu behar duen aukeratzen uztea. Costaren alderdiak, PS Alderdi Sozialistak, proposatu izan du egunotan euren alderdiko norbaitek hartzea Costaren postua, eta gobernuko gainontzeko agintaritza taldea bere horretan uztea. Baina de Sousak iritzi dio horrek krisi politiko bat konpondu baino «krisi handiago bat» eragin zezakeela.
Azkenean, egunotan gehien aipatutako irtenbidearen alde lerratu dira Portugalgo Estatu Kontseiluko kideak, baina, halere, lau orduz bilduta egon ondoren eman zuten erabakiaren berri. De Sousaren arabera, oposizioko alderdiak hauteskundeak aurreratzearen alde daude «nabarmen»; Portugalgo Estatu Kontseiluko kideen artean, berriz, «berdinketa» egon da, «eta, beraz, [parlamentua] ez disolbatzearen kontra» daude.
Besteak beste, urtea amaitu baino lehen zenbait erabaki eta neurri ixteko dituztelako oraindik, hala nola 2024ko aurrekontu orokorrak. Horrenbestez, erabaki dute ordura arte behintzat parlamentua bertan behera ez uztea, eta Costak lehen ministro karguari eustea abendu hasiera arte —hilaren 29an dira bozkatzekoak aurrekontuak—. Agerraldian, De Sousak eskerrak eman zizkion dimisioa eman berri duen lehen ministroari, «egoerari hain azkar erantzuteagatik».
Orain, Portugalgo alderdiek erabaki beharko dute zein hautagai aurkeztuko duten martxoko bozetarako. Adibidez, Costak berak proposatu du Portugalgo Bankuko gobernadore Mario Centenok har dezala bere kargua. «Postua behar bezala betetzeko gaitasun guztiak ditu». Halaber, sozialistak azken bi egunotan Portugalgo Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin elkartu dira, lehen ministroa ordezkatzeko hurrengo pausoez aritzeko.
PSko buruak asteartean aurkeztu zuen dimisioa, Portugalgo Fiskaltzak jakinarazi ondoren Auzitegi Gorena hura eta haren gobernuko beste hainbat kide ikertzen ari zela, ustelkeriagatik, influentzien trafikoagatik eta prebarikazio delituak egiteagatik. Auzitegiak argitu nahi du Costak zer rol izan zuen kontzesio hauetan: Montalegren eta Covas do Barroson litioa ustiatzeko, eta Sinesen hidrogeno berdea ekoizteko proiekturako. Fiskaltzak erregistroak egin zituen asteartean Azpiegitura eta Ingurumen ministerioen egoitzetan, baita Costaren beraren egoitzetako bulegoetan ere.