Martxa loialista bat baimentzeak tentsioa areagotu du Ipar Irlandan

Azken ia hiru hamarkadetan lehen aldiz, loialistak gehiengo errepublikanoko gune batetik desfilatzen ahalegindu dira, Desfileen Batzordearen oniritziarekin. Errepublikanoek blokeatu egin dute martxa.

Errepublikanoak atzo Portadownen, loialisten martxa blokeatzeko prest. BERRIA
Errepublikanoak atzo Portadownen, loialisten martxa blokeatzeko prest. BERRIA
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko irailaren 28a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia 30 urteren ondoren, gehiengo errepublikanoko gune batetik desfilatzeko baimena eman zioten asteburuan Orange Ordena talde loialistari, eta, horren ondorioz, tentsioa areagotu da Ipar Irlandan. Loialistek, baina, ezin izan zuten atzo Garvaghy kalean barrena desfilatu Portadown herrian, ehunka errepublikanok blokeatu egin baitzuten martxa hainbat orduz.

Sinn Feinek kritikatu egin du Ipar Irlandako Desfileen Batzordeak martxari oniritzia ematea; DUP Alderdi Demokratiko Unionista, berriz, alderdi errepublikano hegemonikoaren kontra mintzatu da, eta blokeoan parte hartzea egotzi dio.

Argudiatuz Belfasteko Auzitegi Nagusiak ere martxa baimendu zuela, Orange Ordena gaur goizean eta arratsaldean ere saiatu da Drumcreelp desfilea egiten. Poliziak bidea itxi die. Hori dela eta, DUPek Poliziaren jarreraren kontra egin du.

Zer da Drumcreeko martxa?

Gehiengo loialista du Portadown herriak, eta han, Drumcreeko elizatik abiatuta, martxa bat egiten dute loialistek. Gehiengo errepublikanoko Garvaghy kaletik ere igarotzen zen behinola, baina errepublikanoak protesta egiten hasi ziren 1990eko hamarkadan. Horrek istilu larriak eragin zituen bi komunitateen artean.

Istiluak saiheste aldera, atzo Polizia jarri zen bi aldeen artean. Alde batean, loialistak, martxa abiatzeko prest; eta haiengandik 700 metro ingurura, errepublikanoak, hura blokeatzeko intentzioarekin.

Zer da Ipar Irlandako Desfileen Batzordea?

Desfileak egin ala ez eta horiek nondik igaro daitezkeen erabakitzen duen batzorde bat da, horien antolakuntzaren bueltan sor daitezkeen istiluak saihesteko propio eratua. Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten 1998an, Ipar Irlandako gatazka konponbidean jartzeko asmoarekin. Orduz geroztik, batzordeak beti debekatu izan dio Orange Ordenari Garvaghy kaletik igarotzea. Aurten arte.

Zer ebatzi zuen Belfasteko Auzitegi Nagusiak?

Ipar Irlandako Desfileen Batzordeak martxa baimendu zuen ostiralean. Hori bai, baldintza batzuk ezarri zizkion Orange Ordenari: gehienez ere ordenako 35 kidek parte hartu ahal izango zuten, ez gehiagok, eta jarraitzaileek ezin izango zuten desfilearekin bat egin. Gainera, musika banda batek lagunduta desfilatzea debekatu zien.

Errepublikanoek helegitea jarri zuten, eta afera auzitara eraman. Azkenean, igande goizaldean, desfilea egiteari oniritzia eman zion Belfasteko Auzitegi Nagusiak.

Zer da Orange Ordena?

Irlandako loialisten ordena nabarmenena da. Milaka desfile antolatzen ditu urtero. Gehienetan ez da arazorik egoten. Errepublikanoek ez dute nahi beraiek gehiengoa diren auzoetatik igarotzerik loialisten martxak. Gaur kaleratutako ohar batean, Orange Ordenak adierazi du Poliziaren zeregina «legea betearaztea» dela, eta inor ez dagoela «legearen gainetik»: «Tamalez, nazionalismoak eta errepublikanismoak, tartean kargu politiko garrantzitsuak dituzten asko, erabaki dute haien ikuspuntua babesten duenean soilik bete eta aplikatu behar dela legea».

Zer esan dute errepublikanoek?

Michelle O'Neill Ipar Irlandako gobernuburuak parlamentuan gaur esan du Garvaghy kalekoa «komunitate sendo eta erresilientea» dela, eta «harro» dagoela azken egunotan han egon izanaz: «Amaitu da unionisten supremazismoaren eta dominazioaren garaia. Ez dugu atzera egingo». Ondoren, DUPeko diputatu batek galdera urgentea egin dio O'Neilli: kontu eske galdetu dio zergatik egon den Portadown herriko kale horretan; aurrez, ordea, lehen ministroak ganbera utzi du, eta, saioa ordu laurdenez bertan behera utziagatik ere, O'Neill ez da bertaratu —Sinn Feineko Sinead Ennisek esan du ez dela azalduko, eta ez dela gobernuaren «kontua», argudiatuta O'Neill alderdiko presidenteorde gisa joan zela martxa horietara, ez lehen ministro gisa—.

Bestalde, desfilea blokeatu zutenen artean zegoen atzo Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentea, zeinak «erokeriatzat» jo zuen batzordearen erabakia. «Bere senean dagoen inork ez luke erabaki hori hartuko. Oraindik ez naiz gai galdera hau erantzuteko: desfileen batzordeak zergatik erabaki du, 28 urtez martxa hori debekatua egon ondoren, iskanbila hau komunitate honetara ekartzeko garai egokia zela?», nabarmendu zuen McDonaldek. Halaber, O'Neill Ipar Irlandako gobernuburua ere Portadownera joan zen, eta azpimarratu zuen batzordearen erabakiak zalantzan jartzen duela bake prozesua.

Zer esan dute DUPekoek?

Ipar Irlandako Parlamentuan, DUPen lider Gavin Robinsonek gaur esan du, asteburuko gertakarien harira, ezin dutela «ez ikusiarena» egin: «Arazo handia daukagu legedia, Polizia, auzitegiak eta zuzenbide estatua errespetatzeko zina egin dutenekin, asteburuan legez kanpo jokatu dute-eta». Are, atzo Robinsonek O'Neill kritikatu zuen, eta «auzitegiak, Polizia eta zuzenbide estatua gutxiestea» egotzi zion. Micheal Martin Irlandako Errepublikako lehen ministroaren esanetan, bestalde, «ulertezina» da batzordearen erabakia.

Zer esan du Downing Streeteko 10. zenbakiak?

Erresuma Batuaren menpeko lurralde bat da Ipar Irlanda, eta, hortaz, Downing Streeteko 10. zenbakiak ere badu zeresana auzian. Atzo, Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi zuen ez zegokiola hari batzordearen iritzia baloratzea. Hori bai, lasaitasuna eskatu zien aldeei. Chris Bryant Londresen Ipar Irlandarako ordezkaria ere antzera mintzatu zen, eta eskatu zien errepublikanoei eta loialistei gogoan izateko «hainbeste saiatu ondoren emandako aurrerapausoak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA