Herriko bozak Frantzian

Martxa eten egin zaio

Presidentetzarako eta Europako Parlamenturako hauteskundeen arrakasten ostean, Macronen alderdiak zaplaztekoa jaso du herrikoetan

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, herenegun, herriko bozen lehen itzulian, botoa eman ondoren. P. ROSSIGNOL / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak zenbait ondorio atera beharko ditu igandeko herriko bozetatik, agerian utzi baitute ez duela sustrai lokalik herrietan eta hirietan. Haren alderdia, LREM Errepublika Martxan, 2017an sortu zen, eta harrezkero izandako porrotik handiena jasan zuen herenegun, eta hainbat faktorek azaltzen dute galera hori: LREM ez da gai izan herriko bozetan garaipen garrantzitsurik lortzeko; ez ditu bi alderdi tradizionalak —PS Alderdi Sozialista eta LR Alderdi Errepublikanoa— kezkatu ere egin, hamarkadak baitaramate maila lokalean lanean; eta ez du lortu Macronen figuraz haratago identitate politiko bat izatea. Horren guztiaren ondorioz, Frantziako presidenteari are gehiago aldrebestu zaio agintaldia.

Errealitate hori agerikoa da hirietan, batez ere hango herritarrek egin baitzuten Macronen alde 2017ko hauteskundeetan; hiriak izan zituen sostengu eta hauteskunde oinarri, baina herenegungo bozetan beste mentalitate batekin bozkatu dute herritarrek. Kopurua adierazgarria da: Frantziako hamar hiri garrantzitsuenetan, ez dago LREMk babesten duen zerrendarik lehen postuan. Emaitza adierazgarri bakarra iparraldeko Le Havrekoa da, han aurkeztu baita Edouard Philippe lehen ministroa, baina, 2014an ez bezala —eskuinaren hautagaia zen—, ez da lehen itzulian auzapez bilakatu, botoen %52tik %43ra jaitsi baita. Aurtengoa berez emaitza ona izan arren, alkatetza lortzen ez badu Philippek bere burua behartuta ikus lezake dimisioa aurkeztera, eta horrek beste krisi bat sortuko luke Frantziako Gobernuan.

Beste adibide bat da Gerard Collombi gertaturikoa: Lyongo auzapez izan zen 2001etik 2017ra—PSrena—, eta urte hartan kargua utzi zuen Macronen gobernuan Barne ministro izateko; duela bi urteko urrian utzi zuen kargua, herenegungo bozetan arreta jarri, eta alkatetzara itzultzeko. LREMren hautagai ofizial gisa, boto gehien jaso duten hautagaietan hirugarrena izan da, botoen %22,36 lortuta; 2014an, %35,76ko babesa jaso zuen.

Philipperen eta Collomben kasuak adierazgarriak dira, baina beste hiri batzuetan emaitzak ez dira izan espero zirenak, LREMk PSren edo LR-ren zerrendak babestu dituen arren. Hori guztia, gainera, inoizko parte hartzerik txikienarekin, koronabirusaren mehatxuak bultzatuta: %44,66.

Macronen kontsolamendu bakarra da lehian izan diren hamar ministroetako bostek lehen itzulian lortu dituztela auzapez edo hautetsi karguak, hiri txikietan bada ere; kasurako, Franck Riester Kultura ministroak. Halere, gobernuan jarraitu, eta alkate kargua alderdikide bati utziko dio.

Korsikako egoera

Korsikan, nazionalistek ez dute Ajaccio hiriburuko alkatetza eskuratu, Laurent Marcangeli zerrenda eskuindarraren hautagaiak botoen %53,5 jaso baititu; batasunik ezak kalte egin die, eta, hiru zerrenden emaitzak batuta, Korsikako nazionalistek botoen %32,14 bildu dituzte.

Aldiz, nazionalistena Bastia hirian boto gehien jaso duen zerrenda izan da, babesen %30,43 lortuta; hortaz, 2014an Gilles Simeoniren garaipenarekin sorturiko dinamikan sakontzea lortu dute, eta lasterketaren lehen postuan geratu dira alkatetza berritzeko, egun Pierre Savellirekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.