Mendebaldeko Sahara. 40 urteko okupazioa

MARTXA BERDEA, MARTXA BELTZA

Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen duela 40 urte Martxa Berdearekin. NBEk, alta, ez dio lurraldearen gaineko subiranotasuna onartzen, eta, nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, deskolonizazio prozesuan dago. Su-etena sinatu eta 24 urtera, gatazka ez aurrera ez atzera dago.

7 BERRIA / BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Saharar herria urtemuga beltz baten atarian dago. Marokok Mendebaldeko Sahara Martxa Berdearen bidez inbaditu zuela 40 urte beteko dira heldu den ostiralean, azaroaren 6an. Hassan II.ak asmatutako «kontzeptua» da Martxa Berdea. Sahararrek beste era batera esaten baitiote: Martxa Beltza. Egun, urte eta hamarkada ilunak ezagutu dituzte orduz geroztik. 40 urte beltz.

Marokoko erregeak urtemuga ospatuko du berriz, baina okupazioak ez dauka sostengurik nazioartean; munduko estatu bakar batek ere ez dio onartzen bere subiranotasuna, eta, nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, deskolonizazio prozesuan dago. Nazioartea, dena den, ez da gai izan, ebazpenetatik harago, auzia konpontzeko, eta egoera ez atzera ez aurrera dago, kronologia historikoek agerian uzten dutenez.

AURREKO GERTAKARIAK
1975eko azaroaren 2a

Espainiak 1958an izendatu zuen 53. probintzia Mendebaldeko Sahara, «penintsularen zabaleraren erdia zuen lurraldea». Eta artean Espainiako kolonia zela hasi ziren sahararrak autodeterminazioa aldarrikatzen: garai hartan eratu zen Saharako Askapen Mugimendu Nazionala (1969). Fronte Polisarioak hartu zuen mugimendu haren lekukoa, 1973ko maiatzaren 10ean —handik hamar egunera egin zuen lehen ekintza—. Madrilek 1975ean erreferenduma egingo zela aginduzuen, Nazio Batuen Erakundeak deskolonizazioaren alde onartutako ebazpenekin bat eginez.

Maroko, baina, azpijokoetan hasita zegoen ordurako. AEB Ameriketako Estatu Batuen konplizitatea lortu zuten erreferenduma geldiarazteko. Eta Henry Kissinger Estatu idazkariak berak estratega lanak egin zituen anexioa antolatzeko —Saudi Arabiak ere finantzatu zuen martxa—. Fronte Polisarioak Aljeriaren eta Libiaren babesa zituen, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunen aliatuak. Eta Washingtonen jarrera testuinguru horretan ere ulertu behar da.

Franco diktadorea, bestalde, hilzorian zegoen, eta haren gobernua nora ezean. Marokok abagune hura baliatu zuen, eta, ezkutuan, hainbat bilera egin zituen gobernuko ordezkariekin, hitzarmen sekretu bat adosteraino —Washington bitartekari izan zen—. Joan Karlos I.a erregeak gerra saihestea zuen lehentasun, eta, hitzarmen haren parte izan bazen ere, kargua hartu eta bi egunera, azaroaren 2an, beste mezu batekin joan zen Aaiunera: «Espainiak bere konpromisoak beteko ditu; herritar sahararren bidezko eskubideak babestea desio dugu». Soldaduak lasaitu nahi zituen, aurreikusia zegoenerretiratze berehalako zela eta. Martxa Berdea atarian zen.

MARTXA BERDEA
1975eko azaroaren 6a

Hassan II.ak 350.000 zibilez osatutako martxa bidali zuen «hegoaldeko probintzietara». Espainiako diplomaziaren ahultasuna baliatuz zeharkatu zuen muga, hiru lekutatik, artean soldadu espainiarrak han zeudela. Hogei egun lehenago, urriaren 16an, iragarri zuen martxa; Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak sahararrei autodeterminazio eskubidea aitortu zien egunean bertan. Koranarekin soilik joango ziren «armatuak», eta «bandera nazionala» eskuetan zutela, baina 25.000 militarrek ere hartu zuten parte hiru egun iraun zuen martxan.

MADRILGO AKORDIOAK
1975eko azaroaren 14a

Madrilgo Hiruko Akordioak sinatu zituzten Espainiak, Marokok eta Mauritaniak. Carlos Arias Navarro Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi zuen ordura arte sekretua zen hitzarmena, baina Estatuko Aldizkari Ofizialean sekula ez zen argitaratu. Deskolonizazio prozesuaren aldeko ebazpenei muzin egin, eta kolonia bi herrialdeen artean banatu zuten: iparraldea Marokorentzat (200.000 kilometro koadro), eta hegoaldea Mauritaniarentzat (70.000). Fosfatoa eta arrantza ustiatzeko akordioak eskuratu zituen trukean Espainiak —sekretuak dira akordioaren eranskinak—. Sahararrentzat, traizio bat izan zen. Handik sei egunera hil zen Franco.

EXODOA
1975-1976

Lurraldea okupatu eta bi hilabetera indar militarrak erruz sartu ziren Mendebaldeko Saharara. Jazarpena hasi zen: lapurretak, atxiloketak, torturak, hilketak. Hassan II.aren argazkia jarri ezean eta haren aldeko leloak oihukatu ezean, kartzelara bidaltzen zituzten sahararrak. Exodoa masiboa izan zen, eta, hilabete haietan, 50.000 saharar inguruk egin zuten ihes basamortura. Bidea latza izan zen; gosea, egarria, nekea, eta hori gutxi ez, eta airez eraso egin zieten militarrek behin-behineko kanpalekuei. Egunez ezkutatu, eta gauez egin behar zuten aurrera. Um Draiga, Amgala, Tifariti eta Smaran zibilen kontrako bonbardaketak egin zituzten napalm eta fosforo zuriarekin. Bidean lagun asko hil ziren. Aljeriak muga zabaltzea erabaki zuen martxoan, eta, ordutik, errefuxiatuta bizi dira milaka saharar, nazioarteko laguntzari esker, Tindufen (Aljeria).

SEAD-EN SORRERA
1976ko otsailaren 27a

Espainiak Mendebaldeko Saharatik azken soldaduak erretiratu bezperan aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Bir Lehlun, lurralde liberatuetan egin zuen ekitaldia. Marokori gerra deklaratu zion. El-Uali Mustafa Saied izango zen aurreneko presidentea —Fronte Polisarioko sortzailea—, baina denbora laburrez; izan ere, handik hilabetera bonba batek bete-betean harrapatu zuen. Mohamed Abdelazizek hartu zuen lekukoa. SEAD 84 estatuk onartzen dute egun.

GERRA
1975-1991

Hamasei urtez iraun zuen gerrak, eta ezin zenbatuzkoak dira alde batean eta bestean hil zituen pertsonak. Polisarioak gerrillen gerrari ekin zion, baliabide eskasekin, baina lur eremuaren ezagutzari esker, aurrera egitea lortu zuen, ekintza azkarrak eginez. Guelta Zemurrekoa eta Lebueratekoa dira borroka gogoangarrienak Polisarioarentzat —dozenaka soldadu marokoar hil zituzten—. Marokok AEBen eta Frantziaren babesa zuen, baina aurkaria nagusitzen ari zela ikusita, estrategia aldatu zuen; 1980an hasi eta 1987an bukatu zuen harresia eraikitzeari ekin zion, defentsa murrua. Egun, 2.700 kilometro ditu herrialdea bitan zatitzen duen hesiak. Inguruan milaka mina ditu; munduko zabalena da.

Marokok lurraldearen %80 kontrolatzea lortu zuen, hain justu, harresiaren iparraldean dagoena. Mauritaniak 1979. urtean sinatu zuen bakea Fronte Polisarioarekin; Marokok bereganatu zuen Mauritaniaren esku zegoen hegoaldeko lurraldea.

SU-ETENA
1991eko irailaren 6a

Marokok eta Fronte Polisarioak su-etena sinatu zuten: NBEko Bake Plana. Minurso eratu zen erreferenduma antolatzeko, eta data ere ezarri zen: 1992ko urtarrilaren 26a. Erroldan, 74.000 saharar zeuden. Marokok, baina, etengabe atzeratu zuen galdeketa, erroldaren aitzakiaz, eta, orduz geroztik, milaka kolono bidali ditu Mendebaldeko Saharara. Baker Planak beste galdeketa bat aurreikusi zuen 1998an, baina hura ere ez zen sekula egin. Hassan II.a hil zelarik, semeak ordezkatu zuen: Mohamed VI.a

INTIFADA
2005eko maiatzaren 25a

Intifada piztu zen Aaiunen. Maatala auzoko kaleetara, militarrei aurre eginez, milaka lagun atera ziren. Jazarpena ere gogortu zen. Intifada horretan hasi ziren giza eskubideen aldeko ekintzaileak nazioartearen arreta bereganatzen. Erresistentzia baketsuaren aldeko tesiak zabalduz, nazioarteko erakundeen babesa lortu zuten, eta figura horiek beste norabide bat emango zion saharar herriaren borrokari, gatazkaren inguruko kontzientzia hedatuz. Aminatu Haidar da mugimendu horren erreferentzia.

NEGOZIAZIOAK
2007ko ekainaren 19a

Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko zuzeneko negoziazioak abiatu ziren Manhasseten, New Yorken. Marokok autonomia baino ez zuen onartzen, eta elkarrizketak bertan behera gelditu ziren.

GDAIM IZIK
2010eko urriaren 10

Gdaim Iziken milaka saharar elkartu ziren. Marokok indarrez hustu zuten kanpalekua azaroaren 8an. Zigor gogorrak ezarri zizkieten 24 laguni, tartean bizi guztiko kartzela zigorrak.

EGUNGO EGOERA
2015eko urriaren 25a

NBEeko 70. Batzar Nagusia Espainiaren presidentetzapean dagoenean, auziari behingoz konponbide bat eman ezean, nazioartearen zilegitasuna kolokan dela adierazi dute hainbat estatuk. Mohamed Abdelazizek ere erreferendumerako data ezartzeko eskatu dio NBEri. Christopher Ross NBEko ordezkaria zonaldean egon berri da. Eta Fronte Polisarioak, berriz, abenduaren 16tik 20ra egingo du Kongresua. Hanerabakiko du aurrera begirako estrategia. NBErentzat, Fronte Polisarioa da saharar herriaren ordezkari bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.