Martiren ondoan datza

Milaka eta milaka herritar irten dira kalera Santiagon Fidel Castro Kubako iraultzaren buruzagiari azken agurra ematera. Iraultzaren «gotorleku eta heroitzat» jo zuen hiriak esker onez hartu du Castro, eta bere obra gordeko duela agindu dio.

Milaka lagun irten ziren atzo kalera Santiagon (Kuba), Castroren errautsak zeramatzan karabana ikustera. A. ERNESTO / EFE.
inaki petxarroman
Santiago
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Historiarekin egin du topo Fidel Castrok. Kubako iraultzaren abiapuntu izan zen Moncada kuartelarekin, iraultzaren garaipenaren berri eman zuen Cespedes parkearekin, komandante iraultzaile sozialistak 1984an «Iraultzaren gotorleku eta heroitzat» jo zuen ekialdeko hiriburu historikoaren hainbat eta hainbat lekurekin.

Dozenaka mila lagunek egin diote harrera Habanatik asteazkenean abiatu zen karabanari. Komandante hil berriaren errautsak zihoazen karabanak 1.000 kilometrotik gora egin ostean, atzo ekialdeko Granma eta Santiago probintzietan barrena ibili zen, bizardunengerrillaren babesleku izan zen Maestra mendilerroaren magaletan. Hiriaren agur jendetsuaren ondoren, ekitaldi politikoa egin zuten Antonio Maceo plazan, Kubako eta nazioarteko hainbat agintari bertan zirela. Gauean, herritarrek zaindu dituzte errautsak, eta, goizean,Santa Ifigenia hilerrira eramango dituzte. Han utziko dituzte betiko, Jose Marti Kubako independentziaren buruzagia lurperatuta dagoen hilobiaren ondoan.

35 gradutik gorako tenperaturarekin bat egin balu bezala, Santiagok berotasunez esan dio agur komandante iraultzaileari, esker onez eta hunkituta. Ez dira gutxi Fidel Castroren errautsak zeramatzan karabana igaro zenean negarrez aritu direnak. Haur eta gazte ugari tartean, «ni naiz Fidel!» oihuak eta etengabeko txaloak entzun dira, ia aldi oro.

Hunkituta hartu du Luciak ere Castro. 68 urteko emakume beltzak esker oneko hitzak baino ez ditu harentzat. «Hark eman digu duintasuna. Ni nekazari etxe txiro batean jaio nintzen. Begi bistan duzunez, beltzak ginen etxean. Esklabo gisa bizi ginen Fidel etorri zen arte. Hark eman digu dena».

Sentimendu hori eta esker on hori oso zabaldua dago Santiagon, batez ere beltzen artean. Eta beltz gehiago dago, batez beste, uhartearen ekialdeko hiriburuan Habanan edo erdialdeko Santa Clara, Sancti Spiritus eta Cienfuegos hirietan baino.

Luciak gogoan du nola, alfabetatu gabea zela, lehen irakasleak heldu ziren euren etxaldeko eremura, eta nola «gobernu iraultzaileari esker» joan ahal izan zen, hamaika urte zituela, Habana hiriburura lanbide bat ikastera eta formakuntza bat jasotzera. «Hori dena eskertzera etorri gara gaur hona», zioen, begiak gorrituta.

Hunkituta dago Adriana ere. 50 urteko andre zuriarentzat, ohore handia da Santiagorentzat Castrok ekialdeko hiria hautatu izana «betiko atsedena» bertan hartzeko. Baina logikoa ere badela gaineratu du. «Azken finean, hau da haren hiria, hemen ibili zen gaztetan, eta hemen jarri zuen martxan iraultza prozesua».

Bostheroiak

Habanako Cespedes parkean izan da eguneko une gogoangarrienetako bat. Parke horretan, gobernuaren egoitzan, iragarri zuen Fidel Castrok 1959ko urtarrilaren 1ean Kubako Iraultza garaile zela, Fulgencio Batista diktadoreak alde egin zuelako uhartetik. Orduan hasi zuten gerrillariek Askatasunaren martxa Habanara bidean. Hain justu ere, egunotan errautsak eraman dituen segizioak egin duen ibilbide bera, kontrako bidean.

Bada, karabana Cespedes parketik igaro ostean, Kuban oso ezagunak diren Bost heroiak izenekoek agerraldi txiki bat egin dute. Fidel Castroren bideari jarraituko diotela agindu diete sakelako telefonoekin argazkiak eta argazkiak ateratzen ari zaizkien bat-bateko entzuleei. Bost heroiak -Antonio Guerrero, Fernando Gonzalez, Gerardo Hernandez, Ramon Labañino eta Rene Gonzalez- Miamin atxilotu zituzten, eta espetxera bidali, espioitza egotzita. Parke horretan ekitaldi txiki bat egin dute Castroren omenez. Pantaila erraldoi batean, komandanteak 1984an egin zuen diskurtsoa eman dute. Orduan, Errepublikaren hiri heroi izendatu zuen Kubak Santiago.

Gauean, Antonio Maceo parkean amaitu da egun osoko ekitaldien soka. Han izan dira mundu osoko zenbait agintari, besteak beste, Bolivia, Kongo, Haiti eta Etiopia eta Afrikako Batasuneko batzordeko burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.