Marta Rovira ERCko idazkari nagusia, Ruben Wagensberg ERCko diputatua, Oleguer Serra Omniumeko presidenteordea, Josep Campmajo ekintzailea eta Jesus Rodriguez La Directa-ko kazetaria bart abiatu ziren Suitzatik, Ipar Katalunian egin dute gaua, eta gaur goizean goiz sartu dira ostera Katalunian. Cantallopsen egin diete lehen harrera, Rosellotik Gironara igarota. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak aste hasieran erabaki zuten Tsunami auzia artxibatzea. Horiek hala, erbestetik Kataluniara itzultzeko moduan dira ikertuetako ugari, eta gaur iritsi dira.
Marta Rovirak Cantallops udalerrira (Katalunia) iritsi berritan esan du sei urteren ondoren itzultzea «garaipen bat» dela, baina borrokan jarraitzeko asmoa dutela: «Erdizka utzi genuen lana amaitzera gatoz, berriro hastera, mugimendu independentista guztia batzera, elkarrekin bakarrik egingo baitugu posible». Uste du itzulera independentismoaren aldeko pausoa dela, eta gaineratu du inoiz baino konbentzituago bueltatu direla Genevatik (Suitza).
Marta Rovira, des de Cantallops: "Hem vingut aquí per unir tot el moviment independentista i acabar la feina que vam deixar a mitges." #MatíCatRàdiohttps://t.co/eLpLYHmPxMpic.twitter.com/7JfeFkoUHg
— Catalunya Ràdio (@CatalunyaRadio) July 12, 2024
Cantallops udalerria da Junquerako muga pasabidetik gertuen dagoen herria, eta, azaldu dutenez, Wagensbergek familia du han. Besteak beste, ERCko presidente ohi Oriol Junqueras eta Marta Molina alderdikidea bertaratu dira; azken hori ere Tsunami auzian ikertutakoen artean zen. Beste 300 bat pertsonak ere egin diete bertan harrera, Kataluniako banderak eskuetan eta independentziaren aldeko oihu artean. Marta Rovirak esan du askotan amestu duela momentu honekin, eta hunkituta hitz egin du.
Wagensbergek, Serrak, Campmajok eta Rodriguezek urtebete baino gehiago zeramaten Suitzan. Rovirak, berriz, sei urte egin ditu herrialde hartan. Hain zuzen, hura izan zen Kataluniara itzultzeko asmoa zuela esan zuen lehena, larunbatean ERCko emakumeek egingo duten batzarrean parte hartzekoa zela adierazita. Egun osoan, berriz, hainbat ekitalditan parte hartu dute itzuli direnek; esaterako, Omnium Culturalek Bartzelonako Sants auzoan eta Gironan antolatutakoetan. Bartzelonan, Xavier Antich Omniumeko presidenteak adierazi du «garaipen ukaezin eta kolektiboa» dela bost kideen itzulera, baina borroka ez dela amaitu.
Ikusi gehiago
Haien kontrako auziaren oinarria 2019ko urrian Tsunami Demokratikoa mugimenduak egindako protesta ekintzak dira. Mugimendu hark zenbait ekintza egin zituen Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako espetxe zigorren kontra. Auzitegi Nazionalaren arabera, Tsunamia «istiluak» eragiteko eta «independentziaren aldeko» egoera bat sortzeko eratu zen, eta Garcia Castellon ikertzen ari zen ea ekintza haien artean «terrorismo» deliturik egon zen. Auzian hamar lagun zeuden ikertu gisa Auzitegi Nazionalean: Rovira, Serra, Campmajo, Rodriguez, Molina, Josep Lluis Alay Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten bulegoko zuzendaria, Oriol Soler enpresaria, Jaume Cabani informatikaria, Xavier Vendrell ERCko kontseilari ohia eta Nicola Flogia italiarra. Eta beste bi Auzitegi Gorenean: Puigdemont eta Wagensberg.
Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak adierazi du Marta Roviraren itzulera zera dela, «Katalunian normalizazioa geldiezina den adierazle». Kongresu batean izan da Bolaños, eta han galdetu diote auzipetuta egondakoen itzuleraz. «Denok barne hartzeko moduko Katalunia eraikitzen ari gara, eta beste etapa bat abiatu dugu, ezberdinen arteko adostasunak izango dituena, elkar ulertze handiagokoa eta oparoa, eta hori funtsezkoa izan da gaurkoari bide emateko».
Pere Aragonesek, Generalitateko behin-behineko presidenteak, pozez hartu ditu auzipetu ohiak: «Ospatzeko eguna da, justizia partez berrezarri delako zenbait lagunentzat; dena dela, amnistia legea martxan jartzearekin bat iritsiko da erabateko justizia». Nabarmendu du Tsunami Demokratikoaren kasua bukatzeak ez duela erbesteratzeen amaiera ekarri, oroitu baitu Carles Puigdemont, Toni Comin eta Lluis Puig erbestean daudela oraindik ere, eta errepresioa amaitzea eskatu du.
Puigdemont, oraindik ez
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiari ere egiten dio Tsunami auzia artxibatu izanak, baina oraindik ez da itzuliko, ez duelako kartzelatuko ez duten ziurtasunik, baina Roviraren eta besteen itzulera ospatu du: «Tsunami auzia fartsa judizial handia izan da, eta bidegabekeria bat amaitu da auzi hartan jazarritako erbesteratuak itzulita». X bidez erantsi du pertsona erbesteratuak, kartzelatuak eta jazarriak dauden bitartean, independentismoak ezin duela politika egin baldintza beretan. Adierazi du horrek demokraziari eragiten diola, eta errepresio politikoa den bitartean ez dela normaltasunik posible. Itzuli berri direnei opa die «lapurtu» dizkieten urteak eta hilabeteak «nolabait» berreskura ditzatela, eta lan egiten jarraitzera deitu du: «Lan asko dago egiteko».
Puigdemonti dagokionez, haren kontrako beste bi auzi ere badaude oraindik irekita. Batetik, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak uko egin dio haren aurkako atxilotze agindua erretiratzeari, funts publikoak bidegabe erabiltzearen delituagatik. Bestetik, Gorenak berak erabaki beharko du Joaquin Aguirre epailea ikertzen aritu den auziaren inguruan —Errusiako Gobernuak Kataluniako independentzia prozesuan ustez izandako esku hartzea du ardatz—. Puigdemont ere ikertzen ari dira hartan.
Esquerra kolokan
Kataluniako Parlamenturako bozetan ERCk ez zituen emaitza onak lortu. Aragonesek kargua utzi zuen bi egun geroago. Rovirak ere adierazi zuen azaroko kongresuan ez zela berriro aurkeztuko idazkari nagusi izateko, eta atzo berretsi zuen erabakia, ERCren Kontseilu Nazionalean: «Ez naiz ezertarako hautagai izango». Junquerasek, berriz, aitortu zuen alderdiaren buru izan nahi duela aurrerantzean ere, baina berritzeko beharra ere sumatzen duela. Halere, badira beste lidergo bat ezartzearen aldekoak: zenbait kidek Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari proposatu diote presidentetza hartzeko, rol «sinboliko» bat izanik, adostasunerako hautagai bat delakoan. Atzo, baina, Rovirak «eztabaida» gisa planteatu nahi izan zuen alderdian gertatzen ari dena, eta ez «krisi» gisa.
Maiatzeko hauteskundeak PSCk irabazi zituen, baina ERCrekin negoziatzen ari dira. Orain egun batzuk jakinarazi zuen Raquel Sans Esquerrako bozeramaileak negoziazioak «erritmo onean» zihoazela, eta, inbestidurarako hitz egin beharrekoak «irekita» badaude ere, adierazi zuen aurrerapausoak eman dituztela Salvador Illa PSCko hautagaiaren inbestiduraren alde bozkatzeko.