Geopolitikan aditua eta ekintzaile sahararra

Taleb Alisalen: «Marokoren eta Israelen artekoa da garaiotako aliantza makabroena»

Bi estatuek duten akordio militarra okupazioa legitimatzeko dela dio Alisalemek: «Elkarrekin erosten dituzte droneak: batzuek, palestinarrak hiltzeko, eta besteek, sahararrak».

Taleb Alisalem ekintzaile sahararra. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Taleb Alisalem ekintzaile sahararra. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Nazio Batuen Deskolonizazio Batzordean izan berri da Taleb Alisalem (Tinduf, Aljeria, 1992). New Yorkera zihoan hirugarren aldia zela eta bazekiela bere hitzak hutsalak izango zirela, halaxe esan zien nazioarteko ordezkariei, eta horregatik oihal zati bat erakutsi zien: «Sultana Kaia ekintzaileak okupazio indarrek torturatu zutenean soinean zeraman melfha da; haren odola dauka». Alisalem ez da isilik geratzekoa. Ahots kritiko bat bihurtu da, erreferente bat. Twitterren 46.000 jarraitzaile ditu. 

Un viaje a la libertad (Bidaia bat askatasunera) liburua argitaratu berri duzu. Bertan diozu iraultzaile bat zarela.

Analista politiko edo idazle gisa aurkezten naute, baina ni iraultzaile sentitzen naiz, prozesu iraultzaile batean jaio nintzelako. Badirudi Che Guevararekin amaitu zela kontzeptu hori, baina kolonialismoa dagoen bitartean, inperialismoa dagoen bitartean, errepresioa dagoen bitartean, iraultzak existituko dira. Okupazio baten pean jaio zarenean, edo errefuxiatuta jaio zarenean, iraultzaile izatea ez da erabaki bat, betebehar bat baizik. Gatazka honek nire bizitza zeharkatzen du, saharar guztiena zeharkatzen duen bezala; borroka egitera kondenatuta gaude.

Marokok eta Fronte Polisarioak su etena adostu eta urtebetera jaio zinen. Sahararrek ez bake, ez gerra izendatzen duten belaunaldikoa zara, gerrara itzultzea aldarrikatu izan duenarena. Gerra iritsi da, baina isilarazitako gerra bat da oraindik ere.

Berez bederatzi hilabeteko epe baten barruan egingo zen erreferenduma, eta 30 urte egon ginen zain. Beste behin umiliatu egin gaituzte. Pentsatzen genuen gerrara itzulita munduak kasu egingo zigula, baina ez da hala izan: Nazio Batuen Erakundeak ez du premiazko bilera bakar bat ere egin. Uste dut borroka armatua legitimoa dela, eta gazteok gogorrago ekitea aldarrikatzen dugu. Gure buruzagiek intentsitate apaleko gerra baten alde egin dute, baina gazteok erabateko gerra nahi dugu; eraso diezaietela gure arraina arpilatzen duten portuei. Saharako herria munduko arrantza eremurik handienaren jabea da, eta, errefuxiatu sahararrek latako sardinak jasotzen dituzte, batzuetan egoera txarrean iristen direnak.

Liburuan oso kritikoa zara Fronte Polisarioarekin. 

Oso zaila da iraultza batean autokritika egitea, eta are zailagoa publikoki egitea. Marokok Fronte Polisarioa ahultzeko saiakera ugari egin ditu, estatu kolonizatzaileak beti saiatu izan baitira zatiketak eragiten. Palestinan, askapen nazionalaren alde batera borrokan ari zen herria, eta, azkenean, beren artean borrokan ari dira. Fronte Polisarioa saharar guztiok osatzen dugu, sahararron ordezkari bakarra da, askapen mugimendu nazional bat da; baina denok egiten ditugu akatsak, eta, nire ustez, gure liderrek egin duten akats handienetako bat izan da ez onartzea boterearen eskualdaketa natural bat. Gaur egun zuzendaritzan dauden ia guztiak mugimenduaren sorreran parte hartu zuten berberak dira. Pertsona horiek egin dutena aitortu nahi dut, noski, asko eta asko hil egin baitituzte bidean, baina lekukoa pasatzeko garaia da. Kausa honek gazteak behar ditu. Lidergo gazteagoa eta dinamikoagoa defendatzen dut, estrategia berriak sortzeko gai izango dena. Garaiak asko aldatu dira. 

Pedro Sanchezi atzera egiteko eta lehengo jarrera izateko eskatu diote alderdiek Espainiako Kongresuan. Zer iritzi diozu?

Harri bat izan da, sastakada bat, baina konstante bat da, behin eta berriz errepikatu dena. Sanchez bera jaio aurretik hasi zen gure borroka, eta, min handia egin digun arren, ez du eraginik izango gure erresistentzian. Ezein gobernuk ez du inoiz gatazka hau konpontzearen alde egin, ez ezkerrekoek eta ez eskuinekoek, eta, zoritxarrez, okupazioaren ondorengo traizio handiena PSOEren eta Podemosen arteko koalizio gobernu batean gertatu zen. Eta Sumarrekin berriro gertatu da. Ez dugu limosnarik nahi, ez ditugu irin zakuak nahi, nazioarteko zuzenbidea betearaztea exijitzen diogu Espainiari. Erantzukizun bat dauka gurekin. 

Palestinako estatua aitortu berri du Sanchezek.

Itxurakeria hutsa da. Kausa palestinarrari ematen zaion babes soziala bereganatu nahi izan du, lider moduan agertu, baina ez dugu ahaztu behar armak bidaltzen dizkiola Israeli. Hipokrita da. Marokori ere sahararrak hiltzeko armak ematen dizkion bezala. Hor dago ere Maroccogate. Maroko aditua da xantaia eta eroskeriaren bidez gauzak lortzen. Egun, 60 eurodiputatu daude sare horretan inplikatuta, gehienak sozialistak. 

Espainiak Marokorekiko duen menpekotasuna gero eta handiagoa dela dirudi...

Espainiaren eta Marokoren artekoa oso iluna da. Marokok beti erabili ditu modu mafiosoak, eta harrigarriena da konplize bat aurkitu duela Espainian. Sanchez makurtu egin da. Migrazioaren gaia asko ikertu dut, eta itzela da nola instrumentalizatzen dituen migratzaileak. Marokoko erregearen hegazkin konpainiak oso hegaldi merkeak ditu hegoaldeko migratzaileak bisarik gabe lurraldean sar daitezen, eta gero han izaten dituzte, basoetan, komeni zaienean pateretan sartzen uzteko edo hesiak saltatzen uzteko. 

Pegasus ere hor dago.

Israeli erositako espioitza sistema gobernuak eta ekintzaileak kontrolatzeko... Marokoren eta Israelen artekoa da garaiotako aliantza makabroena, bi herriren okupazioa legitimatzeko aliantza militar bat baita. Genozidioaren erantzule dira. Elkarrekin erosten dituzte droneak: batzuek, palestinarrak hiltzeko, eta besteek, sahararrak. Marokok armak erosten dizkio Israeli. Israelek Marokon egiten ditu droneak, eta bertatik pasatzen dira bere gerraontziak eta hegazkin militarrak. Eta erregeak, aldi berean, laguntza humanitarioa bidaltzen die palestinarrei...

Palestinako genozidioa salatzera atera dira herritarrak Marokon. Saharaz, aldiz, ez dute ezer esaten. Zergatik?

Erabateko kontraesana da, baina marra gorri batzuk daude, tartean lurraldetasuna. Marokok arrakasta handia izan du bere propagandarekin: herritar guztiek bereganatu duten diskurtsoa da. Eskolan, txikitatik ikasten dute Sahara Marokorena dela. Gu aberriaren aurkariak gara haientzat; terroristak gara. Erreferente guztiak, abeslariak, aktoreak, alor ezberdinetan nabarmentzen den edozein, diskurtso horren alde agertu behar dira publikoki; bestela, jai daukate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.