Helena Maleno Marokon bizi izan da azken hogei urteetan, baina, joan den urtarrilaren 23an, Rabatek herrialdetik kanporatu zuen, eta 32 egunez ezin izan zuen ikusi 14 urteko alaba, Tangerren baitzegoen hura. Migratzaileen giza eskubideen alde lan egiten duen Caminando Fronteras taldeak atzo salatu zuen gertatutakoa, Madrilen eskainitako prentsaurreko batean.
«Iazko apiriletik 37 eraso, heriotza mehatxu eta jazarpen jasan ditut; Poliziak jarraitu egin dit, entzuketak egin dizkidate, eta bitan saiatu dira indarrez nire etxean sartzen», salatu zuen Malenok, eta eraso horien atzean egotea egotzi zien Espainiako Polizia Nazionalaren Dokumentu Faltsuetarako eta Legez Kanpoko Immigraziorako Unitate Zentralari eta Marokoko Poliziari. «Nire bizitza eta nire alabarena arriskuan jarri dituzte hilabeteotan».
Malenok gogorarazi zuen bi estatuek aitortu dutela haren lana ez dela delitua, baina, hala ere, kriminalizatu egin dutela urte hauetan guztietan: «Nire aurkako eta nire familiaren aurkako mehatxuak etengabeak izan dira azken hilabeteetan». Eskertu egin zuen Espainiako Gobernuak eta, batez ere, Eskubide Sozialen ministro Ione Belarrak emandako laguntza, baina nabarmendu zuen «estatuaren estolderiek» eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako jazarpenak pisu handiagoa dutela.
2002an jaio zen Caminando Fronteras plataforma, migratzaileei laguntzeko eta haien aurka egiten diren giza eskubideen urraketak salatzeko helburuz. Elkarteak hasieratik gainditu behar izan ditu arazoak, Maria Rollan kideak BERRIA-ri azaldu dionez: «Oztopoak jarri dizkigute gure lanean hasiera-hasieratik. Malenori dagokionez, 2012an hasi ziren bere lana ikertzen, eta auzitara eraman zuten. Baina, gerora, bertan behera geratu ziren haren aurkako salaketak, eta giza eskubideen alde egiten ari zen lana aitortu zioten». Arazoak ez ziren hor amaitu, ordea, eta jazarpena beste era batekoa bihurtu zen orduan. «Bide administratiboetatik jo zuten, haren lana kriminalizatzeko helburuz, eta ukatu egin zioten Marokon egoteko baimena, baita atzera bota ere erabaki horren aurka jarritako helegiteak. Deportazioa bera oso gogorra izan da. Ez zioten azaldu zergatik kanporatu zuten, ez eta ere noiz arte egon beharko zuen Marokotik kanpo», azaldu du Rollanek.
Maleno Bartzelonara eraman zuten hegazkinez, eta bidaian ez zioten aukerarik eman behar zituen botikak hartzeko, ez eta maskara aldatzeko ere: «Ordu asko ziren, baina ez zioten utzi». Kanporatze horrek eragin zuzena izan du plataformaren lanean ere, Malenoren lana oinarrizkoa baitzen taldearentzat. Horri gehitu behar zaio pandemiak asko zaildu duela migratzaileekin egin beharreko lana: «Finean, administrazioek osasun krisia baliatu dute giza eskubideen alorrean ari garen taldeei oztopo gehiago jarri ahal izateko».
Caminando Fronteras taldeak bazuen itxaropenik gobernuek, bai Marokokoak eta bai Espainiakoak, nolabaiteko babesa helaraziko ziotela, baina gaur arte ez dute inolako erantzunik jaso. «Gobernuek ez dute urratsik egin. Orain, gure itxaropena herritarrak dira. Espero dugu gaur [atzo] abiatu dugun kanpainak aurrera egiteko balioko duela», esan du Rollanek. Hala, taldeak eskatu zion Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi eten dezala Malenoren aurkako jazarpena, eta aitor dezala migratzaileen alde egiten ari diren lana. Idatziak hainbat erakunderen babesa jaso du dagoeneko; besteak beste, Torturaren Aurkako Nazioarteko Erakundearena, Intermon Oxfamena eta Front Line Defenders taldearena.
Marokoko Poliziak Espainiaratu egin du Helena Maleno ekintzailea
Caminando Fronteras taldeak salatu du inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela Maleno. Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi diote Espainiako Poliziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu