Marokoko erregearen erreforma ez da nahikoa oposizioarentzat

Mohamed VI.ak egindako proposamenak ez duela botere banaketa bermatzen salatu du oposizioak; protestara deitu du gaurkoUztailaren 1ean konstituzioaren inguruko erreferenduma bozkatuko dute herritarrek

2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Mohamed VI.a Marokoko erregeak proposatutako konstituzioak ez ditu oposizioaren desioak bete. Najib Txauki Otsailak 20 mugimenduko kidearen iritziz, erreformarekin «monarkia absolutu batetik monarkia konstituzionalera» pasatuko dira. Oposizioaren eskaria botere banaketa eta monarkia parlamentarioa eratzea da. Horregatik, PJD Justizia eta Garapena alderdiko idazkariordeak jakinarazi du 1996ko konstituzioarekin alderatuta aldaketa garrantzitsuak egin diren arren erreformak ez dituela haien eskariak asetzen. Otsailak 20 mugimenduak, «benetako» konstituzio demokratikoa eta monarkia parlamentarioa eskatzeko, manifestaldia antolatu du gaur Rabat, Casablanca, Tanger, Marrakex eta Fez hirietan.

Konstituzioa aurrera aterako den edo ez erabakitzeko erreferenduma egingo dute uztailaren 1ean. Herritar gehienek konstituzioaren inguruan zalantzak dituzten arren, badago erabakiak poztu duen jendea ere. USFP Indar Popularren Batasun Sozialista alderdiko kide Driss Latxgarren iritziz, erreforma «iraultzailea da». Marokon «egiazko» monarkia parlamentarioa ezarriko dela dio.

Konstituzioak aldaketak dituen arren, Mohamed VI.ak ez du boterea askorik murriztuko. «Sakratua» izateari utzi, eta «bortxaezina» izango da. Erregeak bere boterea bi arlotan banatuko du; «fededunen buruzagi» eta «estatuburu eta epaile nagusi» izango da. Horrela, herrialdeko agintari erlijioso nagusi eta armadako burua izango da aurrerantzean ere.

Ministroak, enbaxadoreak eta eskualdeetako agintariak aukeratuko dituen gobernuko presidente kargua sortu du. Orain arteko lehen ministroa izango da presidente, eta hauteskundeak irabazten dituen alderditik erregeak erabakiko du kargua nork hartuko duen. Gainera, edozein kargu izendatu aurretik presidenteak Mohamed VI.aren oniritzia beharko du.

'Botere banaketa'

Aurrerantzean ere erlijioan eta armadan botere absolutua izango duen arren, parlamentuari eta justiziari «independentzia» ematen die konstituzioak. Dena dela, Mohamed VI.a «Marokoko gidari eta epaile fidagarria» denez, erabaki guztiek bere onespena beharko dutela jakinarazi du.

Parlamentuak konstituzioa berrikusi, amnistiak eskatu eta ikerketa batzordeak sortzeko aukera izango du. Gainera, hainbat goi kargudun urtean behin parlamentura joatera behartuak egongo dira, eta presidenteak parlamentua desegiteko aukera izango du. Baina, horretarako, gobernuburuak Mohamed VI.aren baimena beharko du.

Justizia arloan, Auzitegi Konstituzionala eta Segurtasun Kontseilu Gorena sortu dituzte. Auzitegiko kideen erdiak erregeak aukeratuko ditu, eta horren baimenarekin parlamentua desegiteko aukera izango du. Kontseiluak, berriz, epaileen independentzia ziurtatzeko ardura izango du.

Maroko «estatu musulman» izendatuko dute, erreformak onartzen badira. Musulmana izango da herrialdeko erlijio nagusia, baina erlijio askatasuna bermatuko dute. Hala ere, kontzientzia askatasuna —erlijioz aldatzeko askatasuna— ez dute onartuko.

Neurri horrekin musulmanak poztu baditu ere, haiek nahi ez zuten lege bat ere badu konstituzioak. Berbereen hizkuntza, amazigera, arabiarrarekin batera hizkuntza ofizial izango da. Berbereak Afrika iparraldeko herria dira. Sirian, Libian eta Marokon bizi dira gehienak. Marokoko lehenengo biztanleak izan ziren, eta herritarren %60 osatzen dute. Urteetan diskriminatuak izan direla salatzen dute.

Herritarren protestak apaltzeko egin ditu erreformak Mohamed VI.ak. Otsailaren 20an hasi ziren protestak, eta hamazazpi egun geroago erregeak konstituzio berri bat egingo zuela jakinarazi zuen. Erabakiaren berri eman aurretik erreforma batzuk prestatzen ari ziren. Baina Marokoko eta inguruko herrialdeetako protestek erregimena arriskuan jar zezaketela ikusita, proposamen gehiago egitea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.