Mark Rutte izendatu dute NATOko idazkari nagusi

Herbehereetako jarduneko lehen ministroak urrian hartuko du kargua, Stoltenbergen hamar urteko agintaldia amaitzean. Von der Leyenek EBren eta Mendebaldeko aliantza militarraren arteko lankidetza «indartzeko» baliatu nahi du buruzagi aldaketa.

Mark Rutte Europar Kontseiluan, Bruselan, aurreko apirilean. LESZEK SZYMANSKI / EFE
Mark Rutte Europar Kontseiluan, Bruselan, aurreko apirilean. LESZEK SZYMANSKI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 26a
12:20
Entzun

Jakina zen, ezustekorik ezean, Mark Rutte izendatuko zutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko hurrengo idazkari nagusi; izan ere, aurreko astean lehian zuen aurkari bakarrak, Errumaniako presidente Klaus Iohannisek, hautagaitza bertan behera utzi zuen. Gauzak horrela, izendapena ofizial egitea besterik ez zen falta, eta hala egin du gaur goizean NATOk, erabakia ohar baten bidez jakinarazita.

Jens Stoltenbergen lekua hartuko du Ruttek, hamar urteren ostean NATOko idazkaritza nagusia utziko baitu hark. Hainbat hedabidek Mendebaldeko aliantza militarreko iturriak aipatuta argitaratu zutenaren arabera, iaz jada jakinarazi zuen kargua berritzeko hautagaitza ez zuela aurkeztuko —Errusiako armadaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, urtebete gehiago egon da postu horretan—. Orain, urrira arte iraungo duen trantsizioa egingo dute, hilabete horretan bihurtuko baita ofizialki idazkari nagusi Herbehereetako jarduneko lehen ministroa.

Hori bai, NATOko Ipar Atlantikoko Kontseiluan —erakundeko erabakigune garrantzitsuena da— kargurako aurkeztu duten hautagai bakarra idazkari nagusi izendatu duten arren, formalki azken urrats bat egin behar dute: estatu kideen buruzagiek erabakia berretsi behar dute, datorren uztailaren 9tik 11ra egingo duten goi bileran. Hala ere, ez da ezustekorik espero.

Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusi izendatu izana «ohore» bat dela adierazi du Ruttek, X sare sozialaren bidez. Kargua «arinkeriarik gabe» hartuko duela esan du; izan ere, NATO «segurtasunaren ardatza» dela uste du: «Aliantza [NATO] gure segurtasunaren giltzarria da eta hala izango da aurrerantzean ere». Ruttek legez, Stoltenbergek ere X sare soziala erabili du erabakiaren inguruko aurreneko gogoetak helarazteko. Bertan, Rutte «buruzagi indartsua eta adostasun egilea» dela nabarmendu du. «Badakit NATO esku onetan uzten dudala» esanez amaitu du mezua.

Stontelbergekin batera, Rutte zoriontzen aurrenetarikoa izan da Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen —atzo proposatu zuten berriz kargu horretan jarraitzeko, EB Europako Batasuneko goi karguak banatzeko ituna egin baitzuten EAP Europako Alderdi Popularrak, SEA Sozialisten Europako Alderdiak eta Renew Europe liberalek—. X sare sozialaren bidezko mezuan, EBren eta NATOren arteko lankidetza «gehiago indartzeko nahia» azalarazi du Von der Leyenek. Gainera, erakundeak egun dituen erronkei aurre egiteko gaitasuna aitortu dio hurrengo kargudunari: «Erronkaz beteriko garai honetan, zure lidergoa eta esperientzia funtsezkoak izango dira Aliantzarentzat [NATO]».

Rutte 2010etik izan da Herbehereetako lehen ministro, eta egun jardunean dihardu. Iazko Ordezkarien Ganberarako bozen aurretik jakinarazi zuen haren VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiaren buruzagitza utziko zuela, baita politika ere.

Ukrainako gerra, erronka nagusi

Von der Leyenek aipatutako erronka horien artean nagusia da Ukrainako gerra. Errusiako armadak duela bi urte Ukraina inbaditzearen ondorioz hasitako gerrak NATOren ateraino eraman du gatazka armatua. Gainera, erakunde horretako kideak Kieven alde eta Errusiaren aurka agertu dira hasiera-hasieratik, Ukrainari babesa eta baliabideak emanez; horrek Mendebaldeko aliantza militarraren eta Moskuren arteko harremana gehiago gaiztotu du. Hori dela eta, Rutteren egiteko nagusia Ukrainari babesa ematen jarraitzea izango da, Errusiarekin talka gehiago eragin gabe.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeen biharamuna ere buruhaustea izan daiteke NATOren hurrengo idazkari nagusiarentzat. Izan ere, Alderdi Errepublikanoen hautagai Donald Trump gailenduko balitz, Mendebaldeko aliantza militarraren egungo jarduna kolokan gera liteke. AEBek NATOren finantzaketaren zati handi bat bere gain hartzen dute, eta Trumpek aliantzaren segurtasun politikak kritikatu zituen AEBetako presidente izan zenean (2017-2021).

Hark salatzen duenez, beste kideek —EBko estatu kideek, bereziki— ezin dute haien defentsa politikak AEBen esku utzi; hau da, haren arabera, NATOren esku. Behin baino gehiagotan zalantzan jarri du erakundeko kide baten aurkako eraso bati aurre egin behar izanez gero AEBek hura defendatzeko beharra ote duten. Gai horri dagokionez, baina, Ruttek abantaila bat zuen kargurako beste hautagaiekin alderatuta, Joe Biden demokrata buru duen AEBetako Gobernuaren gogokoena baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.