Mark Drakefordek Galesko lehen ministro kargua utziko du

Ordezkoa aukeratu arte gobernuburu postuan jarraituko du agintariak; printzipioz, datorren martxora arte. Galesko Alderdi Laboralistako buruzagitzan ere dimisioa eman du.

ESPAÑA GALES BREXIT
Mark Drakeford, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
asier gonzalez de san pedro
2023ko abenduaren 13a
17:10
Entzun

Galesko Alderdi Laboralistako buru Mark Drakefordek dimisioa aurkeztu du gaur, eta kargu hori eta Galesko lehen ministro postua utziko ditu. Hori bai, gobernuburu izango da oraindik ere, haren ordezkoa aukeratu bitartean; printzipioz, Asta Santua baino lehen egitea aurreikusi dute. Hautatua izan zenean bost urteko agintaldia egingo zuela esan zuen, eta gaur esandu du epe hori pasatu dela «zehazki» —2018 abenduaren 13an hartu zuen kargua—, eta horregatik eman duela dimisioa. Drakefordek laboristen lidergoa hartu zuen Carwyn Jonesek dimisioa aurkeztu zuenean; Jonesek zazpi urte egin zituen lehen ministro karguan, 2009tik 2018ra.

Alderdi Laboristako buru izatea «pribilegio handia» izan dela gaineratu du Drakefordek bere dimisioaren berri emateko egin duen prentsaurrekoan. Hala ere, Erresuma Batuko Alderdi Laboralistak gobernua berreskuratzeko lanean jarraituko duela iragarri du, eta toryek azken hamahiru urteetan egindako «kalteak» konpontzen. Laboristen garaipen hori berreskuratzeko, «etengabe» lanean jarraituko du, 2021ean galestarrei egindako promesak betetzen jarraitzeko eta «Gales indartsuago, justuago eta berdeago bat» lortzeko.

Drakeford alderdiko buru zela, alderdiak ia lortu zuen inoizko emaitzarik onena berdintzea, gehiengo osotik aulki batera geratu baitzen —eserleku bat irabazi zuen— 2021eko bozetan. Emaitza horiek Drakefordek COVID-19aren pandemian egindako kudeaketa onaren ondorio izan zirela esan zuten hainbat hedabidek. Iazko hauteskunde lokaletan 66 eserleku irabazi zituen alderdiak, eta zortzi herritan eskuratu zuen agintea. Azken hilabeteetan, berriz, Drakefordek inkestetan beherakada nabarmena izan du.

Orain bere ordezkoa aukeratu beharko dute laboristek barne hauteskunde prozesu baten bitartez. Drakefordek utzi duen hutsunea betetzeko bi izen-abizen nabarmentzen dira: Galesko Ekonomiako ministro Vaughan Gething, eta Hezkuntzako ministro Jeremy Miles. Oraindik ez dago argi nola izango den aukeraketa prozesu hori; alderdiko Batzorde Betearazlea biltzeko dago oinarri horiek eztabaidatzeko. Litekeena da parlamentuko beste kide batzuen bermeak, tokiko alderdien eta afiliatuen onespena behar izatea.

«Benetako titana»

Erresuma Batuko Alderdi Laboralistako buru Keir Starmerrek «benetako titan» gisa definitu du Drakeford, eta harekin lan egitea «plazera» izan dela esan du. Ez da bakarra izan, eta beste alderdi politikoetako kideek ere hitz onak eduki dituzte Drakefordentzat.

Galesko kontserbadoreen buru Andrew RT Daviesek ere esker oneko hitzak izan ditu kargua utziko duenarentzat, eta aitortu du «ondo» moldatu direla nahiz eta ideia politiko desberdinak izan. Plaid Cymruko buru Rhun ap Iorwerthek adierazi du erabakia ez zuela inork espero, eta Galesen «aro politiko baten amaiera» dela esan du. Liberal-demokratetako buru Jane Doddsek onena opa dio Drakefordi, eta lanarekiko zuen «pasioa» goraipatu du.

Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek ere onena desiratu dio, X sare sozialaren bitartez: «Mark Drakefordi onena opa diot, urte askotako zerbitzu publikoetan egindako lanaren ostean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.