Mark Carney izendatuko dute Kanadako lehen ministro

Justin Trudeau ordezkatuko du gobernuburu gisa, baina ez du eserlekurik izango parlamentuan. Alderdi Liberalaren hauteskunde primarioak irabazi ditu Carneyk, botoen %85,9 eskuratuta.

Carney, uztailean, Wimbledonen (Erresuma Batua). NEIL HALL / EFE
Carney, uztailean, Wimbledonen (Erresuma Batua). NEIL HALL / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko martxoaren 10a
10:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Mark Carney garai nahasian bihurtuko da Kanadako lehen ministro: AEB Ameriketako Estatu Batuek mehatxu egin dute  muga zergak %25eraino igoko dizkiotela Kanadari. Urtarrilean, Justin Trudeau lehen ministroak iragarri zuen kargua utziko zuela, eta, bart —Euskal Herrian goizaldea zela—, Kanadako Alderdi Liberalak hauteskunde primarioen emaitzen berri eman zuen: Carney gailendu da, botoen %85,9 eskuratuta, eta, hortaz, hark hartuko du Trudeauren lekua Kanadako gobernuan. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu noiz hartuko duen kargua.

Carneyk 59 urte ditu, eta ibilbide luzea egina du ekonomiaren alorrean. Kanadako Banku Zentralaren gobernadorea izan zen bost urtez, 2008tik 2013ra, eta, FSB Finantza Egonkortasunerako Kontseiluko presidentea ez ezik (2011-2018), Ingalaterrako Bankuaren gobernadorea ere izana da (2013-2020). Politikan, baina, ez du ibilbide luzerik. Are gehiago, gaur-gaurkoz ez du eserlekurik Kanadako Parlamentuan. Horiek horrela, bigarren aldia da Kanadako lehen ministro batek ez duena eserlekurik izango ganbera horretan. Ezerk ez dio galarazten halere gobernuburu izatea, baina, Kanadako hedabideek kaleratu dutenez, eserleku bat lortzen saiatuko da urrian egingo dituzten hauteskundeetan.

AEBetako presidente Donald Trumpek hainbatetan esan du Kanada anexionatu nahi duela, eta, presio egite aldera, iragan astean jakinarazi zuen %25eko muga zergak ezarriko dizkiola. Bada, hain zuzen, Carneyk Etxe Zuriko maizterraren nahiak izan ditu hizpide Alderdi Liberaleko agintaritzarako lehia irabazi ostean: «AEBak ez dira Kanada. Eta Kanada ez da inoiz AEBen parte izango».

Hala Kanadako herritarrak nola agintariak kezkatuta daude ikusita azken hilabeteetan gaiztotu egin dela AEBekin duten harremana. Horri buruz mintzatu da Trudeau Alderdi Liberalaren ekitaldian, eta esan du «nazioa defendatzeko ordua» dela. «Demokrazia ez da zerbait ziurra. Askatasuna ez da zerbait ziurra. Kanada bera ere ez da zerbait ziurra». Trudeauk adierazi du horien alde borrokatu behar dela. Bestalde, lehen ministroak Carneyren izendapena txalotu du, eta ondorengoaren gaitasunak goraipatu.

Muga zergekin jarraitu

Carneyk esan du bere agintaldiko helburu nagusitzat daukala Kanadan krisia piztu dadin eragoztea AEBekin gerra komertziala hasiz gero. Are gehiago, Kanadako Banku Zentraleko agintari izandakoak adierazi du Kanadak irabazi egingo duela lehia ekonomiko hori, halakorik izatea «eskatu ez» duen arren.

Bide horretatik, jakinarazi du bere horretan eutsiko diela Trudeauren gobernuak AEBei erantzuteko ezarritako muga zergei. Trumpek %10eko zergak ezarri zituen otsailean, eta, Washingtoni erantzuteko xedez, Ottawak %25ekoak jarri zituen indarrean. «Errespetua erakusten diguten arte, eutsi egingo diegu muga zerga horiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.