ITALIA

Mario Draghik egiaztatu du ez duela aliantzako alderdi nagusien babesik

M5Sk, Legak eta Forza Italiak ez dute bozkatu Italiako lehen ministroaren aldeko konfiantza mozioan. Bihar, Diputatuen Ganberan dira bozkatzekoak. Contek gobernuburuaren haiekiko jarrera kritikatu du

Mario Draghi, gaur, Senatuan. FABIO FRUSTACI / EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 20a
21:49
Entzun

Mario Draghik Italiako Senatura jo du gaur, aurreko astean piztutako gobernu krisiaren ondoren frogatu nahi zuelako ea azken urte eta erdian kabinetean bazkide izan dituen alderdiek berarengan federik ba ote duten. Lehen ministroak goi ganberan nabarmendu duenez, ahaldunduta sentitzen da, azkeneko egunetan «herrialdearen babesa» nabaritu duelako joan den astean dimisioa eman eta Sergio Mattarella presidenteak hori ez onartu ondoren. Horrenbestez, «batasuna» eskatu die koalizioko kideei, 2021ean adostutakoa «berreraikitzeko». Egiaztatu du, ordea, batasunik ez dagoela. Konfiantza mozioa irabazi du, bai, baina gobernuko hiru indar politiko nagusiek, M5S 5 Izar Mugimenduak, Legak eta Forza Italiak, ez dute bozketan parte hartu; hau da, bizkarra eman diote.

Halere, Draghik ez du gaur bertan erabaki bat hartu. Diputatuen Ganberan mozio bera bozkatzekoak dira bihar, eta, okerrik ezean, hor ere bizkarra emango diote koalizio gobernuko bazkide nagusiek. Hori gertatzen bada, eta joan den astekoa aintzat hartuta, Quirinal jauregira joko du berriro, Mattarella presidenteari dimisioa aurkezteko.

Eta estatuburuak hiru aukera ditu: Draghiri eskatzea beste gehiengo parlamentario bat osatzeko eta 2023ko martxoan bukatzekoa den legegintzaldia modu horretan amaitzeko; zeregin hori beste pertsona bati ematea; edo hauteskundeak aurreratzea.

Goi ganberako osoko bilkura hasteko gaur goizean emandako diskurtsoan, Draghik galdetu die Legako, Forza Italiako eta M5Sko senatariei ea 2021eko otsaileko ituna berreraikitzeko prest ote dauden. «Aurreneko hilabeteetan egindako ahalegina berresteko prest zaudete?». Testuinguru ekonomikoari eta sozialari erreparatuta, «ausardiaz eta sinesgarritasunez» jokatzera deitu ditu. Arratsaldean, erantzunen txandan, konfiantza mozioan babestu zezatela eskatu die. Baina Matteo Salvinik (Lega) eta Silvio Berlusconik (Forza Italia) ihardetsi diote ohar bateratu bat kaleratuz eta eskakizun argi bat eginez: babestuko zutela baldin eta gobernua berritzen bazuen eta M5S 5 horretatik kanpo geratzen bazen. Bide batez, eta posizio hori indartzeko, mozio propio bat erregistratu du Legak Senatuan, eskatuz «gobernuaren berrikuntza sakon bat».

Luigi Di Maio Atzerri ministroaren arabera, politikak «porrot» egin du Italian. Bozketaren ondoren M5Sko diputatuak Twitterren idatzi duenez, «larrialdi» egoera baten aurrean ez da «gaitasunik» egon «gobernatzeko erantzukizuna» hartzeko. «Italiarren etorkizunarekin jolas egin da. Aukera tragiko honen ondorioek historian iraungo dute». M5Sko lider Giuseppe Contek Draghi bera kritikatu zuen, eta azpimarratu du lehen ministroak haiekiko jarrera «gutxiesgarria» eduki duela.

COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko, iazko otsailean batasun nazionaleko gobernu bat osatu zuten zazpi alderdik. Joan den ostegunean, ordea, M5Sek ez zuen parte hartu inflazioari aurre egiteko kabineteak Senatuan aurkeztutako dekretu baten bozketan. Draghik interpretatu zuen ez zirela «baldintzak» betetzen berak agintean jarraitzeko, eta orduan dimisioa eman zuen. Mattarellak eskatu zion parlamentura itzul zedila, «egoera aztertzera».

Bueltatu da, bai, goi ganberara, azalpenak ematen hasi da, eta aliantzako kideak goxatzeko eta haien babesa bilatzeko adierazi die azken hilabeteetako «emaitzen meritua» haiena zela, haien arteko aldeak baztertzeagatik eta «herrialdearen alde» lan egiteagatik. Baina belarrietatik tira ere egin die 2011 eta 2019 artean Europako Banku Zentraleko burua izandakoak: «Alderdiek, zoritxarrez, batasun eskaeratik bereizteko desira bat ezarri dute». Azkeneko hilabeteetako ika-mikak aipatu ditu, eta, bereziki, M5Sen kontra egin du. Aurpegiratze horiek gorabehera, aliantzako indarrei eskatu die pandemia ondorengo suspertze planean jasotakoa elkarrekin osatzea.

Melonik bozak nahi ditu
Aliantzako kideek ez diete, berez, asmo horiei muzin egin. FdI Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiko lider Giorgia Melonik, berriz, gobernu krisia aintzat hartuta «berehala» hauteskundeak aurreratzeko exijitu dio Draghiri, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Lehen ministroari egotzi dio, gainera, «botere guztia» eduki nahi izatea, eta M5Sren jarrera kritikatu du. Azken hilabetean boto intentzioari buruzko 21 zundaketa egin dituzte Italian, eta horietako hemeretzitan Italiako Anaiak zen alderdi bozkatuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.