Mario Draghik Italiako Senatura jo zuen atzo, aurreko astean piztutako gobernu krisiaren ondoren frogatu nahi zuelako ea azken urte eta erdian kabinetean bazkide izan dituen alderdiek ba ote duten federik harengan. Lehen ministroak goi ganberan nabarmendu zuenez, ahaldunduta sentitzen da, azkeneko egunetan «herrialdearen babesa» nabaritu duelako joan den astean dimisioa eman eta Sergio Mattarella presidenteak hori ez onartu ondoren. Horrenbestez, «batasuna» eskatu zien koalizioko kideei, 2021ean adostutakoa «berreraikitzeko». Egiaztatu zuen, ordea, ez dagoela batasunik. Konfiantza mozioa irabazi zuen, bai, baina gobernuko hiru indar politiko nagusiek, M5S 5 Izar Mugimenduak, Legak eta Forza Italiak, ez zuten bozketan parte hartu; hau da, bizkarra eman zioten.
Halere, Draghik ez zuen atzo bertan erabaki bat hartu. Diputatuen Ganberan mozio bera bozkatzekoak dira gaur, eta, okerrik ezean, hor ere bizkarra emango diote koalizio gobernuko bazkide nagusiek. Hori gertatzen bada, eta joan den astekoa aintzat hartuta, Quirinal jauregira joko du berriro, Mattarella presidenteari dimisioa aurkezteko.
Eta estatuburuak hiru aukera ditu: Draghiri eskatzea beste gehiengo parlamentario bat osatzeko eta 2023ko martxoan bukatzekoa den legegintzaldia modu horretan amaitzeko; zeregin hori beste pertsona bati ematea; edo hauteskundeak aurreratzea.
Goi ganberako osoko bilkura hasteko atzo goizean emandako diskurtsoan, Draghik Legako, Forza Italiako eta M5Sko senatariei galdetu zien ea 2021eko otsaileko ituna berreraikitzeko prest ote zeuden. «Aurreneko hilabeteetan egindako ahalegina berresteko prest zaudete?». Testuinguru ekonomikoari eta sozialari erreparatuta, «ausardiaz eta sinesgarritasunez» jokatzera deitu zituen. Arratsaldean, erantzunen txandan, konfiantza mozioan babestu zezatela eskatu zien. Baina Matteo Salvinik (Lega) eta Silvio Berlusconik (Forza Italia) ohar bateratu bat kaleratuz eta eskakizun argi bat eginez ihardetsi zioten: babestuko zutela baldin eta gobernua berritzen bazuen eta M5S horretatik kanpo geratzen bazen. Bide batez, eta posizio hori indartzeko, mozio propio bat erregistratu zuen Legak Senatuan, «gobernuaren berrikuntza sakon bat» eskatuz.
Luigi Di Maio Atzerri ministroaren arabera, politikak «porrot» egin du Italian. Bozketaren ondoren M5Sko diputatuak Twitterren idatzi zuenez, «larrialdi» egoera baten aurrean ez da «gaitasunik» egon «gobernatzeko erantzukizuna» hartzeko. «Italiarren etorkizunarekin jolas egin da. Aukera tragiko honen ondorioek historian iraungo dute». M5Sko lider Giuseppe Contek Draghi bera kritikatu zuen, eta azpimarratu zuen lehen ministroak jarrera «gutxiesgarria» eduki zuela haiekin.
COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko, iazko otsailean batasun nazionaleko gobernu bat osatu zuten zazpi alderdik. Joan den ostegunean, ordea, M5Sk ez zuen parte hartu inflazioari aurre egiteko kabineteak Senatuan aurkeztutako dekretu baten bozketan. Draghik interpretatu zuen ez zirela «baldintzak» betetzen berak agintean jarraitzeko, eta orduan dimisioa eman zuen. Mattarellak eskatu zion parlamentura itzul zedila, «egoera aztertzera».
Bueltatu zen, bai, goi ganberara, azalpenak ematen hasi zen, eta, aliantzako kideak goxatzeko eta haien babesa bilatzeko, adierazi zien azken hilabeteetako «emaitzen meritua» haiena zela, haien arteko aldeak baztertzeagatik eta «herrialdearen alde» lan egiteagatik. Baina belarrietatik tira ere egin zien 2011tik 2019ra bitartean Europako Banku Zentraleko burua izandakoak: «Alderdiek, zoritxarrez, batasun eskaeratik bereizteko desira bat ezarri dute». Azkeneko hilabeteetako ika-mikak aipatu zituen, eta, bereziki, M5Sren kontra egin zuen. Kexa horiek gorabehera, aliantzako indarrei eskatu zien pandemia ondorengo suspertze planean jasotakoa elkarrekin osatzeko.
Melonik bozak nahi ditu
Aliantzako kideek ez zieten, berez, muzin egin asmo horiei. FdI Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiko lider Giorgia Melonik, berriz, gobernu krisia aintzat hartuta «berehala» hauteskundeak aurreratzeko exijitu zion Draghiri, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Lehen ministroari egotzi zion, gainera, «botere guztia» eduki nahi izatea, eta M5Sren jarrera kritikatu zuen. Azken hilabetean boto intentzioari buruzko 21 zundaketa egin dituzte Italian, eta horietako hemeretzitan Italiako Anaiak zen gehien bozkatutako alderdia.
Mario Draghik egiaztatu du ez duela aliantzako alderdi nagusien babesik
M5Sk, Legak eta Forza Italiak ez dute bozkatu Italiako lehen ministroaren aldeko konfiantza mozioan. Gaur, Diputatuen Ganberan dira bozkatzekoak. Gobernuburuak haiekin duen jarrera kritikatu du Contek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu