Mario Draghik dimisioa emanda, irailaren 25ean egingo dituzte bozak

Italiako lehen ministroak karguan jarraituko du gobernu berria osatu bitartean. Inkesten arabera, Italiako Anaiak alderdiak, Legak eta Forza Italiak osatutako aliantzak lortuko luke gehiengoa

Mario Draghi, atzo, Diputatuen Ganberan, dimisioa aurkeztu aurretik. FABIO FRUSTACI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Diputatuen Ganberan agerraldia egitekoa zen atzo goizean Mario Draghi lehen ministroa, baina saioa eten egin behar izan zuten, gobernuburuak berak eskatuta. Herenegun alderdi nagusien babesa galduta, dimititzeko erabakiari eutsi zion Draghik, eta Diputatuen Ganberatik irten eta berehala eman zion bere erabakiaren berri Sergio Mattarella presidenteari. Diputatuek zutik jarrita eta txaloka hartu zuten lehen ministroa, eta hark eskerrak eman zizkien jasotako babesagatik. Gobernu berria osatu arte karguan jarraitzeko eskatu zion estatuburuak Draghiri.

Arratsaldean bildu zen Ministroen Kontseilua, eta bertan erabaki zuten hauteskundeetarako data berria. Bozak datorren urteko martxoan zituzten egitekoak, baina Draghiren dimisioak horiek aurreratzea beste aukerarik ez dio utzi Italiako estatuburuari. Udazkenean egingo dituzte, irailaren 25ean.

M5S 5 Izar Mugimendua, Lega eta Forza Italiaren babesa galdu ostean erabaki zuen kargua uztea Draghik. Senatuan egin zuen herenegun agerraldia, eta bertan bozkatu zuten konfiantza mozioa. Lehen ministroa prest agertu zen agintean jarraitzeko, argudiatuta «herrialdearen babesa» jaso zuela. Mozioa irabazi egin zuen, baina hiru alderdi horiek ez zuten bozketan parte hartu; beraz, babesa ukatu zioten.

Atzo, berez, Diputatuen Ganberan egitekoa zuten bozketa, baina bertan behera utzi zuten saioa, gauza bera gertatuko zela aurreikusita.

Azken egunetan hauteskundeak aurreratzearen alde agertu dira Forza Italiako buru Silvio Berlusconi eta Legako Mario Salvini, baita eskuin muturreko Italiako Anaiak alderdiko buruzagi Giorgia Meloni ere. Izan ere, inkesten arabera, bozak aurreratuta, gehiengoa eskuratzeko moduan litzateke Italiako Anaiak taldeak, Legak eta Forza Italiak osatutako aliantza. Ordea, Draghiri babesa ukatzeak kalte egin dio Berlusconiri ere, ministro karguan ziren bi kidek alderdia uztea erabaki baitute, Salviniren «populismoan erortzea» leporatuta.

Aliantzak hautsita

Giuseppe Contek kargua utzi ostean heldu zen Draghi gobernuaren buruzagitzara, 2021eko otsailean, Mattarellak berak eskatuta. PD Alderdi Demokratikoak, M5Sk, Legak eta Forza Italiak osatutako batasun nazionaleko gobernuaren babesa zuen ordu hartan, eta bazirudien, behingoagatik, legealdia osatuko zuen buruzagi bat zuela Italiak. Gutxi iraun du, ordea, barealdiak.

Abenduan Mattarellaren agintaldia amaituta, beste estatuburu bat aukeratu behar zuten diputatuek. Draghi bera zen hura ordezkatzeko hautagairik egokiena, baina, modu horretan, hutsik geratuko zen lehen ministroaren eserlekua, eta ez zegoen beste inor Draghik adina babes biltzeko gai zenik. Hala, azkenean beste agintaldi bat egitea onartu zuen Mattarellak.

Ukrainako gerrarekin batera handitu zen arrakala. Draghik hasieratik bat egin zuen Frantzia eta Alemaniako buruzagiekin, eta Kievera joan zen Ukrainari Europako Batasunean sartzeko babesa helaraztera. Krisi betean, Ukrainara armak bidaltzea proposatzea, ordea, ez zen M5Sren gustukoa izan.

Uztailaren 14an agerian utzi zuten zatiketa Conteren alderdikoek, inflazioari aurre egiteko dekretuaren bozketara agertu ez zirenean. Proposamenak aurrera egin zuen, baina Draghiren agintaldia amaitua zen. Legak eta Forza Italiak abagunea baliatu zuten, eta iragarri zuten ez zutela M5Skoekin aliantzan jarraitu nahi.

Conteren alderdian bertan ere krisia da nagusi, eta askok M5S utzi dute beste talde parlamentario bat osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.