Diputatuen Ganberan agerraldia egitekoa zen gaur goizean Mario Draghi lehen ministroa, baina saioa bertan behera geratu da, gobernuburuak berak eskatuta. Atzo alderdi nagusien babesa galduta, dimititzeko erabakiari eutsi dio Draghik, eta Diputatuen Ganberatik irten eta berehala jakinarazi dio bere erabakiaren berri Sergio Matarella presidenteari. Gobernu berria osatu arte karguan jarraitzeko eskatu dio estatuburuak Draghiri. Litekeena da Matarellak udazkenera aurreratzea hauteskundeak, irailaren bukaerara edo urriaren hasierara. Horren aurretik, baina, Diputatuen Ganbera eta Senatua desegin beharko lituzke presidenteak, eta hori datozen egunetan gerta liteke.
Diputatuek zutik jarrita eta txaloka hartu dute lehen ministroa, eta hark eskerrak eman dizkie jasotako babesagatik: «Mila esker, bankariek ere badute bihotza. Eskerrik asko honengatik, eta elkarrekin egin dugunagatik».
M5S 5 Izar Mugimendua, Lega eta Forza Italiaren babesa galdu ostean erabaki du kargua uztea Draghik. Senatuan egin zuen atzo agerraldia, eta bertan bozkatu zuten konfiantza mozioa. Lehen ministroa prest agertu zen agintean jarraitzeko, argudiatuta «herrialdearen babesa» jaso duela. Mozioa irabazi egin zuen, baina aipatutako hiru alderdiek ez zuten parte hartu; beraz, babesa ukatu zioten. Gaur, berez, Diputatuen Ganberan egitekoa zuten bozketa, baina bertan behera utzi dute saioa, gauza bera gertatuko zela aurreikusita.
Hauteskundeak aurreratzearen aldekoak dira Forza Italiako buru Silvio Berlusconi eta Legako Mario Salvini, baita eskuin muturreko Giorgia Meloni ere. Izan ere, azken inkesten arabera, bozak aurreratuko balira, gehiengoa eskuratzeko moduan litzateke eskuin muturrak Legak eta Forza Italiak osatutako aliantza.
Sindikatu eta elkarte zibilek, aldiz, eskatua zioten Draghiri karguan segitzeko, krisi ekonomiko eta energetikoa bideratu artean. Zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoko buru Enrico Lettak ohartarazi du «Italiaren eta italiarren aurka jotzea» dela Draghiren gobernua kentzea.
Arrakala itunean
Giuseppe Contek kargua utzi ostean heldu zen Draghi gobernuaren buruzagitzara, 2021eko otsailean, Matarellak berak eskatuta. Zentro-ezkerrak, M5Sk, Legak eta Forza Italiak osatutako blokearen babesa zuen ordu hartan, eta bazirudien, behingoagatik, bazuela aukerarik legealdia amaitzeko. Gutxi iraun duen, ordea, barealdiak.
Iazko abenduan Matarellaren agintaldia amaituta, beste estatuburu bat aukeratu behar zuten diputatuek. Draghi bera zen hura ordezkatzeko hautagai rikegokiena, baina berriz hutsik geratuko zen lehen ministroaren eserlekua, eta orduan ez zegoen beste inor Draghik adina babes zuenik. Hala, azkenean beste agintaldi bat egitea onartu zuen Matarellak, baina gobernua krisian zen.
Ukrainako gerrarekin batera handitu zen arrakala. Draghik hasieratik bat egin zuen Frantzia eta Alemaniako buruzagiekin, eta Kievera joan zen Ukraina Europako Batasunean sartzeko hautagaitza babestera. Krisi betean Ukrainara armak bidaltzea proposatzea, ordea, ez zen M5Sren gustukoa izan, eta ez zuen babestu. Uztailaren 14an agerian utzi zuten zatiketa Conteren alderdikoek, inflazioari aurre egiteko dekretuaren bozketara agertu ez zirenean. Proposamenak aurrera egin zuen, baina Draghiren agintaldia amaitua zen. Legak eta Forza Italiak abagunea baliatu zuten atzo, eta iragarri zuten ez zutela M5Skoekin aliantzan jarraitu nahi.