Parisko Auzitegi Korrekzionalak erruduntzat jo du Marine Le Pen RN Batasun Nazionala alderdiko buruzagia, 2004tik 2016ra Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik. Frantziako Fiskaltzaren eskaerari jarraikiz, berehalako inhabilitazioa ezarri diote Le Peni, bost urtekoa. Beraz, ezingo da aurkeztu 2027an egitekoak diren Frantziako presidentetzarako hurrengo hauteskundeetara. Lau urteko espetxe zigorra ere ezarri diote, horietako bi gibelapenarekin, eta 100.000 euroko isuna. RNko buruak salatu du epaitegiak «erabaki politiko bat» hartu duela. Eta, TF1 telebista katean egin dituen adierazpenetan, «zuzenbide estatua urratu» izana egotzi dio auzitegiari.
Inhabilitazioaren erabakia irmoa da: Le Pen, epaiari helegitea aurkeztuta ere, ezingo litzateke hauteskundeetara aurkeztu inhabilitazioak irauten duen bitartean. Hona hemen Benedicte de Perthuis epaileak emandako arrazoia: «Auzitegiak kontuan hartu du, delitua berriro egiteko arriskuaz gain, kondenatua izan den pertsona bat presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai izateak ekarriko lukeen ordena publikoaren nahasmendu handia». Rodolphe Bosselut Le Penen abokatuak jakinarazi du helegitea aurkeztuko dutela: «Kolpea da demokraziarentzat».
Arratsaldean, Le Penek baieztatu du helegitea «ahalik eta azkarren» aurkeztuko duela, eta «errugabea» dela ziurtatu du; haren ustez, epaia «administrazio desadostasun» baten ondorio izan baita. Jakitun da errekurtsoa jarrita ere epailearen erabakiak ez duela atzera bueltarik, eta gogor kritikatu du berehalako inhabilitazioa ezarri izana: «Lehen auzialdiko epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar». Horrelako erabakiak «erregimen autoritarioetan» baino ez direla hartzen aipatu du RNko buruzagiak. Halere, argi utzi du politikan jarraitzeko asmoa duela.
Le Penez gain, alderdiko beste 23 kide ere jo dituzte erruduntzat; tartean, zenbait eurodiputatu, legegile eta parlamentuko langile, baita Perpinyako (Herrialde Katalanak) alkate Louis Aliot —FN Fronte Nazionaleko presidenteorde ohia 2011 eta 2018 artean— eta RNko buruzagitzan egondako Bruno Gollnisch ere, eurodiputatuak izandakoak horiek ere. Bati izan ezik, gainontzeko guztiei sei hilabete eta lau urterainoko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baita, kasuaren arabera, isunak eta inhabilitazioak ere —inhabilitazio batzuk behin-behinekoak dira—. Alderdiari bi milioi euroko isuna ere ezarri diote, horren erdia gibelapenarekin.
Akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten Europako Parlamentuak eurodiputatuentzako laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Epaileek zehaztu dutenez, 4,6 milioi euro desbideratu zituen alderdiak hiru legegintzalditan, 40 kontraturen bidez. Europarlamentuaren arabera, 6,8 milioi desbideratu zituen RNk alderdiko langileak ordaintzeko.
Sententzia irakurtzen amaitu aurretik alde egin du Le Penek epaitegitik, eta bere alderdiko egoitza nagusira joan da. Eurodiputatua zenean (2004-2017) Catherine Griset haren kabineteburua izan zenarekin batera irten da epaitegitik. Le Pen egoitzara heldu eta gutxira bertaratu da hara Jordan Bardella RNko presidentea, eta zigorraren aurka gogor mintzatu da sare sozialetan: «Gaur ez dute Marine Le Pen bakarrik kondenatu bidegabeki: Frantziako justizia ere exekutatzen ari dira».
«Lehen instantziako epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar»
MARINE LE PENRN Batasun Nazionaleko buruzagia
Iazko irailean hasi zen RNren kontrako epaiketa, ia hamar urteko ikerketaren ostean. 2015ean abiarazi zuen azken hura Martin Schulzek, garai hartako Europako Parlamentuko presidenteak, FNko diputatuen jokabideak salatu ondotik —hurrengo urtean utzi zion alderdiak funtsak desbideratzeari, epaileen arabera—. Izan ere, 2014ra arte hiru eurodiputatu besterik ez zuen FNk hemiziklo hartan, eta urte hartako Europako Parlamenturako hauteskundeak Fronte Nazionalak irabazi zituen Frantzian: hiru izatetik 24 izatera igaro ziren.
Eurodiputatu bakoitzari 23.000 euro ordaintzen zien Europako Parlamentuak, laguntzaileak kontratatzeko. Fiskaltzak salatu zuenez, kontratatutakoek ez zuten eurodiputatuentzat lan egiten, alderdiarentzat baizik. Le Peni leporatu zioten dirua Griset kabineteburuaren soldata ordaintzeko erabiltzea. Akusazioak zioenez, Grisetek 2014ko urritik 2015eko abuztura hamabi ordu inguru igaro zituen Europako Parlamentuan; alderdiaren egoitzan, berriz, hilean 15-22 egun inguru egiten zuen lan.
Jean-Marie Le Pen —iragan urtarrilean hil zen— izan zen Frantziako eskuin muturraren erreferentea hainbat hamarkadaz; FN alderdiaren buru izan zen (1972-2011), harik eta Marine Le Penek, haren alabak, alderdiko presidente kargua hartu zuen arte —2018an izena aldatu zioten alderdiari; egungo RN bihurtu zen—. 2012. urtean aurkeztu zen lehenbizikoz Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara, nahiz eta hirugarren geratu zen lehen itzulian, François Hollanderen eta Nicolas Sarkozyren atzetik. Hurrengo bi hauteskundeetan, ordea, bigarren itzulira heldu zen Le Pen, eta 2027ko hauteskundeetarako faborito nagusia zen: Le Figaro egunkariak asteburuan kaleratu duen inkesta baten arabera, Le Penek botoen herenak lortuko lituzke gutxienez hauteskundeen lehen itzulian (%34-%37).
Are, eskuin muturreko alderdiaren gorakada iaztik nabari da: RNk lortu zuen boto gehien Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, baina ez diputatu gehien —182 aulki eskuratu zituen NFP Fronte Popular Berriak, eta 143 RNk—.
Eskuin muturraren babesa
Inhabilitazioaren aurrean, Europako eskuin muturrak berehala erakutsi dio babesa Le Peni. Viktor Orban Hungariako lehen ministroa RNko buruzagiaren alde agertu da, sare sozialetan «Marine naiz!» idatzi baitu. Matteo Salvini Italiako presidenteordeak ere gaitzetsi du sententziarekin Le Pen «bizitza politikotik kanporatu» nahi izatea, eta «gerra deklaraziotzat» jo. «Hautesleen epaiaren beldur direnek, askotan, lasaitasuna aurkitzen dute auzitegienean», erantsi du. Herbehereetako eskuin muturreko PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko burua, Geert Wilders, «harrituta» geratu da Le Penen kontrako epai «gogorrarekin», eta ziur da helegitea aurkeztuz gero Frantziako presidente bihurtuko dela —nahiz eta inhabilitazio agindua berehalakoa den RNko buruaren kasuan—. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, esan du epaileek «arau demokratikoak bortxatu» dituztela.
Bestalde, Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko buruak esan du, sare sozialetan, «goi kargudun bat kargugabetzeko erabakiak herriarena» izan behar duela.